GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-08-05
BAIONAKO BESTAK
Peñen giro ezezaguna kanpotarrei irekia
Baionako kaleak guztiz okupatu zituzten atzo herritarrek. Eguerdiko bazkariaren ondotik, ostatu eta karrika guztietan xuri eta gorri kolorea hedatu zen. Trikitilari, gaita jotzaile, banka, txaranga eta beste musikari ugari kalez kale zebiltzan bitartean, dantza eta kantua entzuten zen. Peñak ere goizetik irekiak izan ziren guztien pozerako.

BAIONA

Bestak egonkortu dira herrian, eta, osteguna alaia baina motela izan bazen ere, atzo eguerdian jende ugari joan zen Baionara. Saltegiek eta lan guneek ateak itxi zituzten, eta herria jaiaren erritmoan barnatu zen.

Kaleetan zegoen xuri eta gorriz jantziriko jende multzoa ikusiz, argi zegoen askok ostirala opor egun hartu zutela. Horrela, Baiona handia eta txikia musika, kantu, dantza eta ahots jaiaren giroan sartu zen.

Besta aipatzen dela-eta, Baionako egitaraua urtero aberasten duten lekuko elkarteen Peñak aipatu behar dira.

Herriko etxeak ostatuak goizeko hiruretan ixteko agindua zabaldu zuenetik, Peñek ateak egunean zehar zabaltzea erabaki dute, eta, iaz bezala, aurten ere, egun osoan eta gauean etengabe aritu dira Baionako hirurogei eta hamar bat Peñak lanean. Betisoak, Ardukari, Xuri urdin, Ttipiko kideak, Euskadi-senegal elkartea edo Patxoki izenak dituzte, besteren artean, eta kaleetako bazter ilun batean daude. Urtean zehar kanpotarrei guztiz itxiak diren gune alai horiek bisitatzeko aukera ematen dute jaiek, baita bertan dantzan aritzeko ere.

Lagun multzo edo elkarte aldarrikatzaileak sortuak, Baionako bestak beste era batean egiteko aukera ematen dute horiek.

GARAk ostegun gaueko lasaitasuna baliatu zuen gune itxi horietan ibiltzeko. Euskaldunen karrikarekin hasiz, Montaut plazatik pasatuz, Baiona txikiko kale ilunetara iritsi arte, gehienetan euskal musika eta giroa nagusi zela ikusteko aukera izan zuen.

Batean mutxikoak eskaintzen zituzten emakume eta gizonak multzoka dantzan ikusten ziren; beste batean, berriz, euskal kantuari lehentasuna ematen zioten. Karrikan donibandar batzuk dantzari ekiten zioten bitartean harrituak izan ziren ostatu horiek ikusterakoan. Argazki eta afixez beteak, batzuetan ikurrina ere agertzen zen. «Baina, zenbat daude?», galdetzen zuen donibandarrak. «Hirurogei eta hamar bat», argitu zion bertan zegoen baionarrak. Eta, datu hori jakin eta laster ohartu zen ez zuela gau osoarekin aski izanen guztiak bisitatzeko.

Peñek ez dituzte bakarrik Baionako jaietan ateak irekitzen, izan ere, egitarauan bertan ere parte hartze handia baitute.

Leon erregea bera ere haiek sortu zuten, eta urtero, karrikak ahal bezainbat girotzeko animazioak sortzen dituzte. Atzo goizean, izan ere, Betisoak elkarteak txokolate dastatze handia egin zuen Gosse karrikan, eta, arratsalde partean, berriz, aurreko egunetan bezalaxe, beste Peña bateko gazteak, Brasileko musiken erritmoan karriketara atera ziren kolorez jantziak.

Herritarren parte hartzea

Izan ere, jaiak, egitarau ofizialetik kanpo, herritarren ekimenei esker aberasten dira.Horretan Peñek parte hartze handia badute ere, tartean, bat edo beste ikus daiteke ostatu batean, gitarraz lagundurik abestiak kantatzen. Horren adierazgarri da azken hamar urteotan lagun talde bat ostatuz ostatu egiten dabilena. Euskal kantuz beteriko panel handi batez lagundurik hamar bat lagun horiek ostatu gehienetan sartzen dira herritarrak kantuz hartzen laguntzeko.

Lapurdiko hiriburua besten erritmoan bizi denez, beste bitxikeria zenbait ere ikusten da. Horien artean, saltegien jarrera dago. Bost egunetan ateak itxiak dituzte, eta beren egoitzak animazioentzat zabalik uzten hasi dira iaztik. Hala, atzo, Salies karrikako saltegi batean, zintzur bustitzearen orduan, gizon abesbatza kantuz ikusten ahal zen. Egitarau ofizialari dagokionez, berriz, goizeko Leon erregearen ohiko iratzartzearekin hasiz, bezperako animazio berdintsuak izan ziren atzo.

Baina, aurreko egunean haurrak errege baziren, atzo jubilatuei eman zitzaien lehentasuna. Bestan nahasi baino, azken horiek, Caradoc jauregian antolaturiko herri bazkarira joatea nahiago izan zuten.

Milaka lagun elkartu zen bertan, kaleen harrabotsetik urrun egun osorako proposatuak zitzaizkien animazioak preziatu ahal izateko.



Korso Argitsuaren ordua

BAIONA

Gaur, animazioak etengabe izango dira egun osoan. Hala, goizean treinerak, Baionako Danborrada, Burrunka taldea eta joten ikusgarria izanen dira. Horiei gehitu behar zaizkie azken egunotan izandako erraldoi, gaita jotzaile eta danborraden desfileak. Halere, egitarau guzti horretan, gaur arratseko hamarretan, Baionako jaien bigarren animazio zaharrena agertuko da, hots, Korso Argitsua. Urtero milaka lagun elkartzen dituen ekitaldi horrek Santa Espiritu zubia eta Reduit plaza zeharkatuko ditu arratseko hamarretatik goiti. Korso Argitsua, izan ere, elkarteek egindako karrozen desfilea izaten da. Gauean izanik, argiz betetzen dira, eta bertan diren milaka lagunak liluratzea da beren xedea. Halere, horretara iritsi aurretik, behi lasterketa arratsaldeko bostetan izango da. Eta, zezen plazan korrida ikusteko parada ere emanen dute arratsaldeko seietan. Lau eta erdietan, aurreko egunetan bezala, Karrikaldia izango da. Siziliako kantu eta dantza tradizionalen ikusgarriarekin hasiko da, eta, ondotik, jota kontzertua emanen dute.



Apunteak
Kolore gorria hala urdina da Baionakoa?

BAIONA.- Zein da Baionako kolorea? Duela urte batzuk Iruñeko jaien irudia hartzea erabaki zutenetik xuri-gorria da nagusi, baina, Baionako herritar asko berrikuntza horri egokitu nahi ezean, urdin kolorearekin joaten dira bestara. Berez anekdotikoa baizik ez bada ere, kanpotik datorren jendea txunditurik uzten dute. Voges eskualdeko gazte batek zera zioen: «Ohartu naiz bai hemen gauza bereziak daudela!». Esaldi horrek pentsarazten ahal zuen mutikoa karriketan ikusten diren euskal aldarrikapenez ari zela. Baina, ez. Jaiak direla medio, bere kezka urdin eta gorri koloreen arteko konkurrentziatik zetorren.

Nagusiak lanean, langileak bestan

BAIONA.- Jaietarako lelo berria aurkitu dute langileek. “Besta bai, borroka ere bai” leloaren ondotik, “nagusiak lanean, langileak bestan” aurkitu dute aurten. Zenbait lantegitako nagusiek lau orduko atsedenaldiak eskaini zizkieten langileei poteoa egin ahal izateko atzo.

Jaien gakoak, arriskutsuak

BAIONA.- Istilu gutxi izan da jaietan, baina, zenbatu diren zaurien artean bat herriko etxeak eragin du. Aurten emakume batek herriko giltzak zuzenean ukitzeko aukera izan du. Balkoiaren azpian txaloka ari zela, asteazkenean giltza bota zutelarik zuzenean matelan erori zitzaion, eta larrialdietara joan behar izan zuen.

Laborantza Ganbera jaietan agertu da

BAIONA.- Laborantza Ganberak ondoko azaroan antolatuko duen nekazaritza merkatuaren publizitatea izan da bestetan. Jatetxe gehienetan merkatu hori nabarmentzen duen mantelak ikusten ziren. Orotara, laborarien arabera, 93.000 banatuak izan dira herri osoan.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Saihesbide alternatiboa aldarrikatu dute Urnietarako
Jendartea
Salhaketa denuncia «oscurantismo» tras la muerte de otro preso en Martutene
Jendartea
La plaza de la Virgen Blanca saltó a ritmo de Celedón
Euskal Herria
Dos familiares de Imanol Miner sufren un accidente cuando viajaban a Granada
Ekonomia
La CE cuestiona el valor de la cita de Australia para activar Doha
Mundua
Israel mata a decenas de civiles libaneses en los nuevos bombardeos indiscriminados
Mundua
Las naciones sin Estado bajo control francés unen su fuerza
Mundua
El ultraderechista Gobierno polaco quiere restablecer la pena de muerte
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss