«Napar askatasunaren alde borroka egin zuten gizonai, betiko argia»
AMAIUR
Fernando Katolikoaren tropek 1512an Nafarroa indarraren indarrez konkistatu ondoren, Nafarroako errege-erreginak behin eta berriro saiatu ziren galdutakoa berreskuratzen, bai diplomaziaren bidez, baita armen bidez ere. Langintza hartan maiz izan zuten Frantziako erregearen laguntza. Izan ere, Frantzia eta Gaztelako erregeak zeharo etsaituta zeuden, Milanon, Napolin, Borgonian eta Europako beste hainbat lekutan zituzten interes kontrajarrien ondorioz.Nafarroa armen bidez berreskuratzeko egin zuten azken saioa 1521ekoa izan zen. Maiatzaren 10ean batez beste 12.000 soldaduk osatutako armada bat abiatu zen, eta hil horren 29rako 1512an galdutako eremua berreskuratua zuen. Ez zuen aparteko borrokarik egin behar izan. Are gehiago, armada hori bazetorrela ikusita, herritarrak okupatzaileen kontra altxatu ziren. Lizarran, esaterako, herritarrek berek hartu zuten mendean goarnizio gaztelarra. Mugimenduak ustekabean harrapatu zuen Karlos errege eta enpreradorea. Gainera, komuneroen altxamendua zela-eta, barne arazoak zituen Gaztelan. Alabaina, arazo horiek «konpondu» bezain pronto Padilla, Bravo eta Maldonado buruzagi komuneroak Villalarren apirilean garaitu eta berehala exekutarazi zituela kontuan izan behar da, indarrak Nafarroaren kontra zuzendu zituen. Enperadorearen eta nafarren armaden arteko borroka ekainaren 30ean izan zen, Noainen. Lehenengoa erraz nagusitu zen. Egun hartan nafarren armada zeharo birrinduta geratu zen 6.000 soldadu hil omen ziren eta enperadorearen tropek egun gutxiren buruan Nafarroa osoa berriz ere mendean hartzeko arazorik ez zuten izan. Frantzisko Aleson kronistak inoiz idatzi zuenaren arabera, «Noaingo borroka hura izan zen Nafarroa nazioen katalogotik betiko ezabatu zuen sententzia».
Amaiurko saioa Hala ere, nafarrek ez zuten amore eman; ez guztiz, behintzat. Urte hartan bertan, irailean, Hondarribian eta Amaiurren gotortu ziren. Baztango gaztelutxoan Jaime Belez Medrano buru zuten berrehun zaldun agramondar geratu ziren zaindari. Horien artean zegoen Xabierko jauna, Migel, handik hamarkada batzuetara santu izendatu zuten Frantzisko haren anaia zaharrena.
Zortzi hilabetez, Amaiurren nagusi izan zen Nafarroako bandera, harik eta, 1522ko uztailean, Karlosen tropek eraso egin zuten arte. Eraso hori enperadoreak izendatutako Nafarroako erregeordeak gidatu zuen, Mirandako kondeak. Tropa eta kainoi ugari zuen eta, gainera, Luis Beaumont kondestablearen laguntza. Aurrean, berriz, gaztelu txiki batean gotortutako berrehun zaldun baino ez zituen. Hala ere, erregeordeak inondik inora espero ez zuen erresistentzia aurkitu zuen. Alesonek idatzi zuenez, Mirandako kondeak bere harridura azaldu zuen batean, zera erantzun omen zion Beaumontek: «Jauna, defendatzaileak nafarrak izanik, ez dago zertan harritzerik». Hitzok ez omen zituen Mirandakoak gogo onez hartu, eta bere ohorea jokoan zela-eta, eraso egiten jarraitzeko agindu zuen. Azkenean, behar zuten bretxa ireki zuten gaztelarrek. Amaiur defendatzen jarraitzerik ez zegoela eta batez ere Pirinioez beste aldetik laguntzarik etorriko ez zela ikusirik, Belez Medrano eta bizirik geratzen ziren zaldunak errenditu egin ziren. Belezen beraren seme Luis izan omen zen errenditzen azkena.Guztiak preso hartu eta Iruńera eraman zituzten. Handik egun batzuetara, Belez Medranotarrak, ustekabean, hilik agertu ziren. Esteban Garibaik eta arrasatearra Gaztelazalea zela ez da begi-bistatik galdu behar pozoitu zituzten susmoak zeudela idatzi zuen. Xabierko jaunak, berriz, ihes egin ahal izan zuen, emakumez jantzirik (Garibai). Eta Hondarribira joan zen, han baitziren hainbat zaldun nafar, horien artean bere anaia Joan. Hondarribia ez zen gaztelarren esku geratu 1524ra arte. XIX. mende bukaeran, Juan Iturraldek, Arturo Campionek eta beste batzuek sortutako Nafarroako Euskara elkartea Amaiurren erresuma zaharreko independentzia defendatu zuten zaldunen omenezko monumentu bat eraikitzea proposatzen hasi zen. Proposamena ez zen berehala gauzatu, baina 1920ko maiatzean bere egin zuen Nafarroako Monumentu Batzordeak. Zazpi metro eta erdiko obeliskoa, Almandozko marmol zuriarekin eginda, 1922ra arte ez zuten bukatu.
Monumentua, dinamitatuta 1931n, berriz, Hego Euskal Herriko lau herrialdeak barruan hartuko zituen Autonomia Estatutuaren eztabaidak berotzen hasi ziren. Testuinguru hartan, proiektu hura gogoko ez zuen norbaitek monumentua dinamitaz zartarazi zuen. Egun ikus daitekeena 1982an eginiko berreraikuntza da.
Errepublika garai hartan, gero Valverdek, Imanolek eta beste batzuek kantatu duten “Amaiur gaztelu baltza” poema idatzi zuen Lauaxetak. «Berreun gudari oso sumin/ gaztelupian dagoz illik», dio, besteren artean, poema horrek. Jatorrizko monumentuan, berriz, honakoa irakur zitekeen: «Napar askatasunaren alde Amaiurko etxarrian borroka egin zuten gizonai, betiko argia». Bada, sinbolikoki bederen «gaztelu-pian» diren gudari horiei «betiko argia» iritsarazteko baliagarriak izango dira Aranzadi elkartekoak egunotan egiten ari diren indusketak.
|