GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-08-10
«Bahiketa serrailoan» opera, Hamabostaldian
Alemanez eginiko lehen opera handia ­Mozarten «Bahiketa serrailoan» arrakastatsua­ izanen da ikusgai Donostiako Kursaaleko Auditorioan, ostiralean eta igandean, arratsaldeko zazpietan. Giorgio Strehler-en bertsioa emanen dute, argi-ilunen estetika berezia izan arren, hasierako freskotasunari eusten diona. Leopold Hager da musika zuzendaria. Antzezle nagusiak, berriz, Mariola Cantarero, Jose Bros, Ruth Rosique, Mario Joao Alves, Bjarni Thor Kristinsson, Karl-Heinz Mace eta Marco Merlini. Oso ikuskizun «arina, berezia eta dibertigarria» dela nabarmendu zuten denek, eta ikustera animatu zuten jendea.

DONOSTIA

“Bahiketa serrailoan” Musika Hamabostaldiko obra garrantzitsuenetakoa da; Kursaaleko Auditorioko zikloari hasiera emanen diona, gainera. 250 urte dira Wolfgang Amadeus Mozart Salzburgoko konpositorea jaio zela, eta Hamabostaldikoek haren lan esanguratsu bat emanen dute, formatu handiko haren lehendabiziko operetako bat. Ongi islatzen da bertan jenio irudimentsuaren talentua. Orkestra kolore berezia du ekoizpenak, triangeluak, tronpak eta txindatak erabiltzen baitira. 1782an estreinatu zuten, Vienan, eta arrakasta itzela izan zuen. Hamaika aldiz antzeztu zuten.

Oraingoan, Giorgio Strehlerrek duela 40 urte egindako bertsioa izanen da ikusgai, argi-ilunen estetika berezia duena. Eszena zuzendari hori Milango Teatro Piccoloren sortzaileetako bat izan zen eta antzerkigintza irauli zuen. Musika zuzendaria, berriz, Leopold Hager austriarra da. «Salzburgon jaioa naiz, eta haurra nintzelarik joan nintzen Mozarten lana ikustera. Txunditu egin ninduen. Berezia iruditu zitzaidan testua eta ekintza nahasteko modua, baita musika eta argia elkartzeko era ere. Egunen batean obra hori zuzentzeko gai izan nahi nuen», ekarri zuen gogora hainbat disko grabatu duen zuzendariak.

Mariola Cantarero granadarrak lehenengo aldiz eginen du Konstanze noble xarmantaren papera. «Teknikoki oso paper zaila da. Errespetu handia diot Mozarti, musikan zorrotza izan beharra dagoela erakutsi didalako. Lana eskaini zidatenean beldurra sentitu nuen; pentsatu nuen ez nintzela gai izanen. Baina orain kantatzen ari naiz. Erronka handia da niretzat, eta ongi ateratzea eta gehiagotan interpretatzea desio dut», adierazi zuen sopranoak. «Alemanez abesten dudan bigarren obra da. Bereziki gustukoa ez badut ere, alderdi erakargarriena aurkitu dudala uste dut. Zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta politagoa iruditzen zait. Gehien, hitz egitea kostatu zait. Fonetika ikasteaz gain, asko landu dut entonazioa, pertsonaiaren izaera islatu ahal izateko», gaineratu zuen.

Ruth Rosique Bartzelonako sopranoak Mariola Cantarerok baino esperientzia handiagoa du, bi ekoizpenetan eman diolako bizia Blonderi. «Bertsio hau hagitz berezia eta dibertigarria da. Antzezleok primeran pasatzen dugu. Abestu behar ez dugunean hor egoten gara obrari adi, gertatuko denaren esperoan», esan zuen. Ikustera animatu zuen jendea: «Ez musika zoragarria delako bakarrik, baita oso ikuskizun aberatsa delako ere. Opera serioa dela pentsatu ohi da, baina ez da hala. Musika, antzerkia eta beste hainbat adierazpen artistiko elkartzen dituen ikuskizuna da».

Jose Bros tenor bartzelonarra lehenago ere izana da Hamabostaldian. Iaz azkenengo aldiz. Eta publiko «zoragarri» horrentzat jotzea hagitz erraza izan zela adierazi du. Berak ere abuztua oporrekin lotzen duela aitortu zuen, baina Donostian egotea jai batean egotea bezala da beretzat, bai jendearekin duen tratuagatik eta bai giroagatik. «Azken bi asteotako entseguetan arin egin dugu lan. Egunez egun sortzen joan gara, eta artista bakoitzak barrenean duena ateratzen», azaldu zuen. «Mozarten obretako beste pertsonaia batzuk ere interpretatu izan ditut, baina Belmonteren papera egitea da niretzat zailena. Obrak egitura simetrikoa du, eta nekeza iruditzen zait hor ortzadarra ateratzea. Baina lortu egiten dugu. Oso ekoizpen arina eta dibertigarria da. Elkarrizketak gutxitu eta mimika gehitu diogu, eta horrek ekitaldi batetik besterako jauzia errazten du».

«Bakarrik abesten dugun mementoak zoragarriak eta zailak izaten dira. Obraren muina Konstanze, Blonde, Belmonte eta Pedrillo pertsonaiek osatutako laukotea da, ordea. Lehenengo aldiz elkartzen direnean zalantza eta errezelo ugari dute. Une ederra da musikari dagokionez; eta interpretazioari dagokionez, aldiz, oso delikatua», azaldu zuen.

Lankideen arteko harremana hagitz ona dela nabarmendu zuten denek. Ez antzezleen artekoa soilik. Izan ere, taula gainean azaltzen ez badira ere, langile ugari dago agertokiaren atzean:Vinizio Cheli arduratzen da argiztapenaz, Sibylla Ulsamer jantzitegiko laguntzailea da, Carla Ceravolo eszenografia laguntzailea, Bernardo Azevedo erregidorea, Pompei oinetakoen arduraduna... Aipagarria da Easo abesbatzaren eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren parte-hartzea ere. Azken hori lehenengo aldiz izanen da, gainera, Musika Hamabostaldian.

Zaldunak, bahituak, sultana...

XVII. mendea da. Pirata batzuek Konstanze noble espainiar xarmanta eta haren zerbitzari Pedrillo eta Blonde bahitu eta saldu dituzte. Turkiara eraman dituzte, Baja Selim sultanaren lurretara. Belmonte zalduna, neska gaztearekin maitemindurik, Selimen gortera joaten da presoak askatzeko asmoz. Pedrillok une oro lorategiko zaindaria, Osmin, bere onetik ateratzea lortzen du. Azken horri Blonde zerbitzaria gustatzen zaio, baina neskak muzin egiten dio behin eta berriro, Pedrillo maite duelako. Belmontek, arkitektoa dela sinetsarazi, eta gortean sartzea lortzen du. Zaindaria mozkortu ondotik, bi bikoteak ihes egitera doaz. Baja Selim sultanak harrapatu egiten ditu, baina gatibatuen negarrek hunkiturik, joaten uzten die, Osminen zoritxarrerako. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kultura
La muralla del castillo de Amaiur vuelve a ver la luz del sol
Iritzia
Amaiurko gaztelua, iragan ezkutatua
Kirolak
San Fermín se pasea por el Báltico y provoca un milagroso empate
Ekonomia
Doneztebeko bizilagun bat hil da Uztegin zuhaitz bat gainera erorita
Mundua
Israel amaga con una gran invasión si la ONU no aprueba un texto de su agrado
Euskal Herria
Batasuna: «La actuación del PSOE condiciona la viabilidad del proceso»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss