Independentziaren alde, 300 gazte bildu dira Gasteizen
·Manifestazioa eta ondorengo ekitaldia egin zuten Segiren deialdiari erantzunez
Aurretik Hernanin eta Iruñean egin bezala, atzo Gasteizera deitua zuen Segik herri mobilizazioa. «Harresiak bota ta independentzia irabazi!» lelopean, 300 bat herritarrek manifestazioa egin zuten kaleetan. Errepresioa amaitzeko deia ere egin zieten gazteek PSOEri eta EAJri.
GASTEIZ
Atzo arratsean «Harresiak bota ta independentzia irabazi!» goiburuak 300 bat gazte bildu zituen Gasteizen. Hiriburuko Gazte Egunean, Segik antolatuta manifestazioa egin zuten kaleetan;eta behin bukatuta, ekitaldia gaztetxean.Gazte antolakundeak adierazpen baten bidez esan zuenez, manifestaziorako hautatu lelo berarekin uda honetan egiten ari diren kanpainan sartzen zen atzoko hitzordua. Hala, Segiren ekinbidea «etengabe oztopatua eta erasoa» izaten ari dela salatu zuten «gazteak mehatxatuz, manifestazioak debekatuz, atxiloketak, karga polizialak...». «Gure jarduerak parez pare dituen trabak dira egunerokoan», adierazi zuten. Aipatu kanpainari Hernanin eman zioten hasiera pasa den ekainaren 25ean, eta uztailaren 12an, esaterako, 800dik gora gaztek bat egin zuten Iruñean egindako manifestazioarekin. Atzo honakoa aditzera eman zuten: «Gazteok independentziarako dugun premia egunero agerian uzten duten prekarietatea, mota guztietako eskubide zanpaketa etengabeak nahiz errepresioa, independentziatik urruntzen gaituzten harresiak dira era berean. Harresi hauek guztiak bota eta independentzia borrokatu beharreko bidea dela helerazi dugu». Hala, adibidez, iragan astean Gasteizko Alde Zaharrean Segik jarria duen txosnara «EAJren zipaioak» joan, pankarta oro eraman eta hiru gazteri gazte antolakundearen elastikoak kenduarazi eta mehatxu egin izana» arbuiatu zuten. Besteren artean, Segik otsailaren 23rako deitu mobilizazio egunean parte hartzeagatik Zarauzko bi gazteri zitazioak iritsi zaizkiela ere aipatu zuten adibide gisa. Horiek hala, hauxe ere esan zuten: «PSOE Espainiak esku artean dituen bide guztiekin ari da herri hau erasotzen eta eskubide guztiak zapaltzen». Baina, EAJk ere «bortizkeria» alboratzeko garaia duela erantsi zuten gazteek. «Debeku eta traba guztien gainetik», igandean Donostiara joateko deia ere egin zieten euskal herritarrei.
|