GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-08-10
Emakumeen aurkako erasoak
Bost bortxaketa salaketa izan dira Baionako jaietan
Bitik bostera igo dira Baionako bestetan izan diren bortxaketen salaketak. Hiru biktima berriak ez ziren ezertaz oroitzen, eta baginan zuten minak eramanda ezarri dute salaketa. Ikertzaileek «bortxatzaileen droga» erabili dutela pentsatzen dute. Bestalde, Nafarroako Emakumearen Institutuak plazaratutako datuen arabera, urteko lehen erdian 453 salaketa ezarri dituzte emakumearen aurkako erasoengatik.

BAIONA

Hiru bortxaketa salaketaren berri izan zen atzo. Astelehenean jakinarazi zituzten bi kasuei gehituta bost dira orain arte Baionako polizia etxean egin diren salaketak hiriko jaiak bukatu zirenetik. Aurreko biak bezala, azken hiru hauek ere igande goizean gertatu ziren.

20 eta 25 urte arteko hiru nesken bortxaketek hainbat puntu dituzte komunean. Hiru gazteak Euskal Herrian bizi dira, eta, beraz, bai hiria baita jaiak ere ongi ezagutzen dituzte. Lagun taldearekin joan ziren jaietara, eta gauaren memento batean lagunak galdu eta bakarrik aurkitu ziren. Hirurek oso edanda zeudela deklaratu dute, eta gogoratzen zuten azken tokitik hainbat kilometrora agertu ziren.

Hiru biktimek zituzten azken oroitzapenak taberna batekoak ziren, baina handik bizpahiru kilometrora agertu ziren ordu batzuk geroago. Neska bat urrunago agertu zen; Biarritzen, hain zuzen ere. Gazteek ez zuten ezer gogoratzen, baina buruko eta baginako min handia sentitzen zuten. Azken min horrek eramanda erabaki zuten salaketa ezartzea.

Oroimen falta alkoholak sortua izan daiteke, baina kasuak aztertzen ari diren ikertzaileek GHB edo «bortxatzailearen droga» erabili dutela uste dute. Hori baieztatzeko analisiak egiten ari dira. Aldi berean, bortxaketak izan ziren ere egiaztatzen ari dira. Emaitzak hurrengo egunetan jakinaraziko dituzte. Bestalde, astelehenean ezagutarazi zituzten beste bi bortxaketak mediku probek baieztatu dituzte. Alde batetik, Bordeleko neska gazte bat geltokiaren ondoan bortxatu zuten bi gizonek, eta biktimak korrika ihes egin zuen.

Bestalde, 16 urteko neska bretoi bat Baionako herriko etxearen inguruan aurkitu zuten bortxatua eta zauriz betea. Poliziak kasu horren inguruan edozein laguntza eman dezaketen pertsonei deialdia egin die. Gazteak traumarengatik hitz egin gabe jarraitzen du. Horregatik, edozein gauza ikusi edo entzun zuten pertsonei Baionako polizia etxera deitzeko eskatu diete ikertzaileek, gertatu zena argitu ahal izateko. Bortxaketa Thiers eta Bernede karriken izkinan gertatu zen igandean, goizeko seietan. Kasu horretan ere biktima drogatua egon zitekeela pentsatzen da.

Baionako prokuradoreorde Celine Raignault oso «kezkatuta» agertu da, eta zerbait egin beharko dela adierazi du. Baionako auzapez Jean Grenetek kezkatuta dagoela adierazi zuen herenegun, hiru bortxaketa horien berri izan baino lehenago. Hurrengo urteko jaietan, sexu bortizkeria saihesteko bereziki ezarritako larrialdietarako telefono bat ezartzea aurrez ikusi zuten.

Protesta

Bortizkeria sexistaren kontrako kolektiboak protesta bat antolatu zuen asteartean orduan ezagutzen ziren bi bortxaketak salatzeko. Orduz geroztik protesta horrek garrantzi handiagoa hartu duela aipatu zuen kolektiboko kide Anuntxi Aranak: «Bagenekien hasieratik bi bortxaketa baino gehiago zirela, urtero gauza bera gertatzen baita».

«Paradoxikoa da; Baionako bestetan bortxaketak badirela jakiten da, eta, aldi berean, ezkutatu egiten da», baieztatu zuen Aranak. «Iaz ere bost bortxaketa izan ziren, eta orain arte ezkutatu egin da», gehitu zuen. «Gainera, badakigu gertatzen diren zortzi bortxaketatik batek bakarrik salatzen duela, biktimarentzat irain handia baita, eta oso zaila izaten da bortxaketa salatzea», adierazi zuen. Bortxatuak drogatzea ere garrantzitsua da Aranaren ustez. «Droga erabiltzea astungarria da; izan ere, horrek aldez aurretik pentsatua dela adierazten du», azaldu zuen.

Nafarroan 453 salaketa 6 hilean

Bestalde, Nafarroako Emakumearen Institutuak urteko lehen sei hilabeteetan gertatu diren emakumearen aurkako erasoen estatistikak plazaratu berri ditu. Datu horien arabera, 2006 urtean 452 emakumek salatu dute mehatxuak edo tratu txarrak egin dizkietela. Era berean, urruntze aginduak bete ez dituztelako eta pentsioak ordaintzean eteteak gertatu direlako ere jarri dituzte salaketak.

Tratu txarrei dagokienez, salaketa gehienak eraso fisikoengatik jarri dituztela adierazten dute estatistikek (106). Bigarren multzo handiena tratu txar fisiko eta psikologikoak egiteagatik jarritako salaketena da (62), eta 37 emakumek jo dute epaitegietara azken horiek jasateagatik. Horiez gain, eraso sexualak egin dizkietelako (11), sexu gehiegikeriak pairatzeagatik (6), askatasun sexuala mugatu dietelako (5) edota sexu jazarpena nozitu dutelako (1) ere jarri dituzte salaketak.

Salaketa kopurua handitu egin da, iaz epe berean 17 salaketa gutxiago ezarri baitzituzten. Era berean, estatistikek urtetik urtera salaketa gehiago jartzen dela erakusten dute, 2003an, 518; 2004an, 715; eta iaz 856 emakumezkok jo baitzuten epaitegietara.

Beste atxiloketa bat Bilbon

Bilbon, 21 urteko gaztea atxilotu zuten, eta exhibizionista izatea egotzi. Lakuako Barne Sailak adierazi zuenaren arabera, 15 urteko neskatila bat segitzen ibili eta haren aurrean masturbatzeagatik dago atxilotuamutila.

Ertzaintzak azaldu zuenez, neskatila mutila jarraika zuela konturatu zen, eta San Inazio auzoko etxebizitzara abiatu zen, ustezko erasotzailea atzetik zuela. Atarira iritsi zenean, mutila zutabe baten atzean gorde eta masturbatzen hasi zela gaineratu zuen Ertzaintzak, eta, neska etxearen barnealdera sartzen saiatu zenean, mutila atzean jarri zela eta sorbaldatik heldu ziola zehazten du. Neskatilak ustezko erasotzaileari bultza egin zion eta eraikinera sartu zela gaineratu zuen. Jazoeratik egun batzuetara neskak berriro ikusi zuen mutila kalean, eta, amari gertatutakoa azaldu ostean, salaketa jartzea erabaki zuten.

GHB edo «bortxatzaileen droga»

Azido gammahidroxibutirikoa edo GHB gero eta gehiago erabiltzen dute bortxaketetan. Ez du usainik ezta gusturik ere, beraz, errazki nahas daiteke edarian inolako susmorik sortu gabe. GHBk erlaxazio handia sortzen du. Drogaren eragina substantzia hartu eta bost edo hogei minutura sentitzen da, eta horiek lau ordura arte iraun dezakete. Diseinuzko droga bat da, hasieran pisu altxatzaileek erabiltzen zuten muskuluak handitzeko, eta azken urteetan gau giroan hartzen dute. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kultura
La muralla del castillo de Amaiur vuelve a ver la luz del sol
Iritzia
Amaiurko gaztelua, iragan ezkutatua
Kirolak
San Fermín se pasea por el Báltico y provoca un milagroso empate
Ekonomia
Doneztebeko bizilagun bat hil da Uztegin zuhaitz bat gainera erorita
Mundua
Israel amaga con una gran invasión si la ONU no aprueba un texto de su agrado
Euskal Herria
Batasuna: «La actuación del PSOE condiciona la viabilidad del proceso»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss