GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-08-10
Leire mendizerraren magalean, ibai gainetik
Leire mendizerraren altzoan dago Irunberri, Irati ibaiaren adarren ondoan. Ibaia bizilagun izanik, batera eta bestera ibiltzeko zubiak beharrezkoak dituzte irunberritarrek, herri askotan bezala. Bertako bi zubi oinarri hartuta, aukera bikaina eskaintzen du Zubien Ibilbideak inguruko paisaiaz gozatzeko.

Herri gehienetan dago zubiren bat edo beste. Batzuetan historiako pasarteren bat kontatzen digute eraikuntza horiek, eta besteetan gure herriko paisaiari kutsu modernoa ematen diote. Dena dela, beti dago hortxe herri bereko edo herriarteko guneak harremanetan jartzeko lotura modura. Irunberrin, esate baterako, horietako sei lotura daude.

Sei zubi horietatik bat hondatua dago, baina guztiek ere Salazar ibaia dute hor egoteko arrazoi. Salazar Iratik elikatzen duen ibaiadar handiena da, eta Zatoja eta Anduña ibaien batzetik sortzen da. Iparretik hegoraino, izen bereko bailara bustitzen du, batez ere azaro eta apirilaren artean, orduan izaten baitu urik gehien.

Salazar ibaia zeharkatzen duten aipatu sei zubi horietatik bitan oinarrituta, Irunberri eta inguruak ezagutzeko aukera bikaina eskaintzen du Zubien Ibilbideak. Bidea, noski, zubi batetik hasten da, Sielva Zubitik, ondoren ibaia berriro ere Ahuntzen Zubitik igaro eta Irunberrin sartzeko. Herrian ikusmiran egon ondoren, berriro ere abiapuntura itzultzen da. Bideak ordu erdiko iraupena baino ez du, gutxi gorabehera, beraz, alferrenak ere ez du aitzakiarik ibilaldiari muzin egiteko. Zergatik ez, ingurua atsegin eta nahi izanez gero, bidean gurutzatzen ez ditugun zubiak ere ezagut ditzakegu ibilbidea amaitu ondoren.

ZUBITIK ZUBIRA

Irunberriko upeltegi kooperatiba batetik abiatzen da zehazki Zubien Ibilbidea. Bertan Salazar Etorbidea hartu eta ipar-ekialderantz zuzenduko gara. Berehala zubi bat gurutzatuko dugu. Handik gutxira azken eraikinak atzean utzi eta Leire mendizerra izango dugu begien aurrean, baita hurbilago, Irunberriri itzala egiten dion tontorrean, Trinidad ermita ere. Eskuinerantz egin eta Sielva Zubira jaitsiko gara; makal eta sahatsez inguraturik aurkezten zaigu ibaiertza.

Sielva Zubiari Erdi Aroko kutsua dario. Ibilbide hasieran aurkituko dugun zubi horrek 40 metroko luzera du eta puntu erdiko lau arku ditu; erdian dagoena 10 metrora iristen da. Bere antzinako egiturak denboran atzera egitera eramango gaitu.

Behin zubia zeharkatu eta Salazarreko urak gaindituta, errepideak ezkerrerantz egingo du eta kanpineko sarrerara zuzenduko gara. Kanpinetik abiatuta, ibaiaren eta errepidearen artean ibilaldi lasaia izango dugu bidaide. Noizean behin, bidea nahasi bihurtzen da, baina berehala argitzen da berriro. Hala ere, eta galduz gero, errepidearen norabidea erraz jarrai dezakegu, gure gainetik gertu ikusi ahal izango dugu-eta.

Bidetik jarraitu eta ardo ekologikoa ekoizten duen upategi batetik gertu aterako gara berriro ere errepidera. Zuzen jarraituko dugu. Gure ibilbidearen ardatz den Salazar ibaitik beste aldera geratzen zaigu Irunberri, eta hara joateko beste zubi batez baliatu beharko dugu. Zeharkatu beharreko hurrengo zubia Ahuntzen Zubia deiturikoa izango da, 1875. urtean, Hirugarren Gerla Karlistan, borrokatutako Trinidad Guduaren lekuko.

Ahuntzen Zubiak ere Erdi Aroko itxura du. Sielvakoaren antzera, 40 metroko luzera du, eta puntu erdiko hiru begi ditu, hirurak ere tamaina desberdinekoak. Izena antzina ganaduaren bide izatetik datorkio. Bestalde, dirudienez, Donejakue bidea egiten zuten erromesek erabiltzen zuten, Salazar ibaitik beste aldera pasatzeko, gero, XVI. mendean, Liedena bidea nagusitu zitzaionera arte. Hala ere, gaur egun beste erabilera baterako ere erabiltzen dute erromesek zubia: urtero, Trinidad eguna ospatzen den igandean, erromeria bat antolatzen dute bertan. Egun horretan, beilariak elizara igotzen dira oinutsik eta ospakizunaren ostean, berriro ere herrira jaisten dira eguerdian.

Zubia zeharkatu eta eskuinerantz egingo dugu aldapan gora egiteko; horrelaxe iritsiko gara ibilbidean topatu ko dugun Irunberri herriguneko lehen kalera. Karrikatik barrena ibiliko gara amaieraraino iritsi arte, mojen komentuaren aurrean; horixe da Irunberriko hegoaldean herrian barneratzeko dagoen sarrera.

Herriko erdigunean antzinako harresiaren aztarnak eta interes historikoko beste zenbait eraikin izango ditugu ikusgai gure ibilbidean. Hala ere, goazen pausoz pauso, ezer ahaztu gabe.

IRUNBERRI EZAGUTUZ

Irunberri Leire mendizerraren magalean dago. Erromatarrak bertara iritsi baino lehen, irunberritarren aitzindariak Salazar ibaiaren ondoan zeuden dagoeneko. Hartzen zuten lekuaren kokaleku estrategikoa zela-eta, herria harresiz inguratu zuten, musulmanei eta Aragoiko Erresumari aurre egiteko. Bestalde, Salazar eta Erronkari bailaren sarrera ere bazen orduan harresiz inguratutako herri hura. Nafarroako erregeen azken babeslekua izan zen Gaztelako konkistan; hori amaitu ostean, Cisneros kardenalak Irunberriko gaztelu eta harresien suntsiketa agindu eta gotorleku seguru izateari utzi baitzion. Hala ere, Irunberrik bere gazteluari eutsi ahal izan zion.

XVI. mendetik aurrera, Irunberrik bere biztanleria kopurua handitu zuen. Udaletxea ere eraiki zuen; Nafarroako udaletxerik zaharrena, baita plaza bat egin ere; bertan egiten zituzten asteroko azokak 1280. urtetik aurrera.

Kale Nagusia izan ohi da herrien ardatz, eta Irunberri ere ez da salbuespena. Bertan nabarmendu ditzakegu, besteak beste, udaletxea, eliza, Jauregizar eraikina eta Erdi Aroko zenbait egitura arkitektoniko. Herriko plazaren eskuinean Zentro Karlista izango dugu, inguruko alderdi politiko zaharrenaren oroigarria. Plaza atzean utzi eta karrikan behera eginez, Joaquin Larreglaren monumentuak ematen dio azken ukitua Kale Nagusiari. Joaquin Larregla maila handiko piano jotzaile eta konpositorea izan zen, baina Gayarre eta Sarasate bezalako izen handiek ospea estali zioten.

Kale Nagusiaren norabidea jarraituko dugu, eta hurrengo zebra-bidean eskuinaldera egin. Ondoren, aldapan behera egin eta hasierako ardo upategira iritsiko gara, abiapuntura. Abiapuntua eta amaiera, hortxe bukatzen baita Zubien Ibilbidea. -

IRUNBERRI


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kultura
La muralla del castillo de Amaiur vuelve a ver la luz del sol
Iritzia
Amaiurko gaztelua, iragan ezkutatua
Kirolak
San Fermín se pasea por el Báltico y provoca un milagroso empate
Ekonomia
Doneztebeko bizilagun bat hil da Uztegin zuhaitz bat gainera erorita
Mundua
Israel amaga con una gran invasión si la ONU no aprueba un texto de su agrado
Euskal Herria
Batasuna: «La actuación del PSOE condiciona la viabilidad del proceso»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss