PRETORIA
Milaka emakume hegoafrikar atera ziren atzo Pretoriako kaleetara. Herrialde hartan abuztuaren 9a guretzat martxoaren 8a bezalakoa da.1956ko abuztuaren 9an, jatorri ezberdinetako milaka emakume Union Buildings Gobernuaren egoitzara abiatu ziren «apartheid»a salatzeko.
Gobernu arrazista eta zuriak Pass Laws Act izeneko agiria eramatea inposatzen zien beltzei, gizon zein emakumeei, kartzelatzeko mehatxupean. Beltzak zurien «eremuetatik» urrun mantentzea zuen helburu asmo honek.
Mende erdiaren bueltan, orduko leloa errepikatu zuten atzo milaka emakumek: «Wathinta Abafazi Wathinta Imbokodo (zulu hizkuntzan: emakume bati jotzen badiozu, harkaitz baten kontra ari zara)».
Aldarrikapenen artean, bortxaketen aurkako lege zorrotzen beharra nagusitu zen. Urtero 50.000 emakumek salatzen dituzte bortxaketak, baina erasoak askoz gehiago dira.
Thabo Mbeki Hegoafrikako presidenteak «emakumeak sistema patriarkal basati baten biktima» direla onartu zuen. «Batez ere txiroenek ez dute gure askatasunaren fruituak dastatu», gaineratu zuen.
Politika arloan, inguruko herrialdeekin alderatuta, emakumeen presentzia nabarmena da Gobernuan, Parlamentuan eta Administrazioan.
Hala ere, bera ordezkatzeko emakume bat hautatzeko ordua iritsi dela Hegoafrikara aldarrikatu du behin eta berriz Mbekik, ANC alderdian hautsak harrotu dituenak.
Kubaren aldeko eta Israelen aurkako oihuak
«Kubako herriari elkartasuna, ondo jarri lehenbailehen», oihukatu zuten manifestariek martxaren hasieran. Libanoko sarraskiak ere izan zuen oihartzuna ekitaldian. Lehen lerroko andreek debekuaren seinale batek estalita Israelgo ikurra zeramaten, Pretoriako Gobernuari Israel boikotatzeko exijituz. -