- Kae
Pontejos Getarian nagusitu da, eta San Pedrok igoera kanporaketa ziurtatu du
DONOSTIA
Ustekabeak ustekabe. Horrela azaldu daiteke Kantauriko Arraun Elkarteko (KAE) Ligako lehen multzoan gertatutakoa. Atzo Pontejosi egokitu zitzaion ezustekoa ematea, kanta- briarrek denboraldiko lehen garaipena lortu baitzuten Getariako uretan.Iragarpenetan agertzen ez zen ontzietako bat zen Luis Valdueza kantabriarra. Baina denboraldian zehar multzo horretan beste hainbatetan gertatu bezala, ustez faboritoa ez zen traineru bat izan zen azkenean azkarrena. San Pedro bigarren izan zen, eta multzoko bosgarren estropada irabazterik izan ez zuen arren, Libiak Traineruen Kluben Elkartera (TKE) igotzeko kanporaketan egotea ziurtatu zuen.
Itsasoa lagun, arraunlariek estropada eremu polita zuten atzoarraunean eroso egin eta denbora onak lortzeko. Zeruak lehen eta bigarren txandako arraunlariak errespetatu zituen, baina hirugarrenekoak, berriz, dezente busti zituen.
Pontejosek bigarren txandan burutu zuen bere lana, Trintxerperekin, Ondarroarekin eta Camargorekin batera. Hasiera-hasieratik aurrea hartu zuen Luis Valduezak, eta ondoren bere aurkariekiko aldea handitzen joan eta azkenean erraz gailendu zen. Atzetik, Trintxerpek eta Ondarroak lehia estua izan zuten bigarren postua lortzeko. Azkuene ontzia aurretik izan zen denbora guztian, baina azken luzean Antiguako Ama asko hurbildu zen. Azkenean, baina, 48 segundo falta izan zitzaien ondarroarrei bigarren postua eskuratzeko. Camargok txanda itxi zuen.
Ohorezko txandan aritu zirenen artean San Pedro izan zen azkarrena. Aitor Baldaren mutilek probako bigarren denborarik onenarekin konformatu behar izan zuten. Hala ere, 11 puntu horiei esker TKE Ligara igotzeko kanporaketarako txartela eskuratu zuen Libiak, eta hala, dagoeneko jakin badakigu Galiziako Ipar-mendebaldeko Ligako ontzi biren aurkako kanporaketan izango dela. Isuntza, berriz, hirugarren izan zen, eta lekeitiarrek ere oso hurbil dute igoera kanporaketarako txartela.
Beheko aldean, aldiz, Hondarribia da azkena, Santurtzirekin berdinduta. Geratzen diren estropada bietan aldaketarik izan ezean, hondarribiarrek maila galduko lukete.
Getariako sailkapena
1. Pontejos 20:00.82
2. San Pedro 6.38ra
3. Isuntza 11.70era
4. Santander 12.96ra
5. Trintxerpe 15.84ra
6. Ondarroa 16.32ra
7. Zierbena 17.28ra
8. Getaria 17.46ra
9. Santurtzi 19.24ra
10. Hondarribia 21.92ra
11. Camargo 28.68ra
12. Donostia Arraun 42.30era
Lehen multzoko sailkapena
1. San Pedro 103 puntu
2. Isuntza 91
3. Getaria 74
4. Ondarroa 67
5. Donostia Arraun 66
6. Trintxerpe 64
7. Pontejos 61
8. Zierbena 53
9. Santander 52
10. Camargo 50
11. Santurtzi 49
12. Hondarribia 49
|