Liburuen mailegua probatzea 29 ikastetxek eskatu dute
Guztira, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 6.700 bat ikasle dituzten 29 ikastetxek egin dute eskaera testu liburuen maileguaren gainean egingo den probetan parte hartzeko. Programa pilotua datorren ikasturtean hasiko da martxan. 2007rako behin betiko ezartzea espero dute eta 2012-2013ko ikasturtean amaituko da egitasmo guztia.
GASTEIZ
Lehen Hezkuntzako 29 ikastetxek 6.687 ikaslek ikasten dute horietan guztietan egin dute eskaera Lakuako Hezkuntza Sailaren testu liburuen maileguaren proiektu pilotuan parte hartzeko. Horiez aparte, beste 15 ikastetxek ere interesa agertu dute proiektuan parte hartzeko eskaera hori irailean egin ahal izateko.
Hezkuntza Sailaren datuen arabera, uztailaren 20ra arte programan sartzeko eskatu zuten 29 ikastetxeetatik hemeretzi Bizkaian daude, hamaika Gipuzkoan eta bi, berriz, Araban. Hasieran 5.100 plaza aurrez ikusi ziren programa esperimentalerako, baina ikastetxe horietako 6.687 ikasleek zifra hori gainditu dute jada.
Parte-hartzaileak aukeratzerako orduan, hainbat gauza hartzen dituzten kontuan: ikastetxeek aurretik liburuak berrerabiltzeko modalitaterik ezarrita baduten, familien inplikazioa sistemaren kudeaketan, ikasle etorkinen ehunekoa, ikasle bekadunen kopurua eta azken ikasturtean eskolak izandako emaitzak.
Zazpi urte barru, guztiz ezarrita
Ekimen hau martxan datorren ikasturtean jarriko dutela iragarri zuen joan den maiatzean Txontu Campos Hezkuntza sailburuak. Programa guztia hurrengo urterako behin betiko ezartzea aurrez ikusi dute eta bere kostua 46 milioi eurokoa izango dela zenbatetsi dute. Hori ikastetxe publikoei dagokienez. Ikastetxe pribatuek, aldiz, ez dute 2010. urtera arte programa horretan parte hartzerik izango.
Hezkuntza Sailaren aurreikuspenen arabera, planak EAEn 99.469 ikasle hartuko ditu Lehen Hezkuntzan eta 69.006 Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Programaren zazpi faseetako azkenengoa 2012-2013ko ikasturtean amaituko da.
Esan bezala, testu liburuen doakotasunaren plana maileguaren formularen bidez jarriko du martxan Jaurlaritzak. Doakotasuna ez da guztizkoa, ordea. Familiek testu liburuen %25 ordaindu beharko dute kanon moduan, beraien seme-alabek egiten duten materialen erabileragatik. Ordaindu ezin dutenek, edota nahi ez dutenek, ikastetxeari jakinarazi beharko diote. Horrez gain, diru-laguntza sistema bat ere egongo da.
Liburuaren industria sistemarekin kezkatuta
GARA
GASTEIZ
Liburu industriaren ordezkariak behin baino gehiagotan azaldu dira kezkatuta maileguaren sistema hori dela-eta, «ondorio kaltegarriak» ekarriko baitizkie.
Ados daude Derrigorrezko Hezkuntzaren doakotasunarekin, ez dira neurri horren kontra azaldu, baina ez dute uste maileguaren sistema soluzioa izango denik. Eurek txekea edota beste mekanismoren bat proposatzen dute liburuen fakturazioa murriztu ez dadin.
Metodo horrekin liburuak eskolenak izango dira eta ikasleen esku jarriko dituzte ikastetxeek ondoz ondoko lau urteetan.
Liburu industriakoen iritziz, testu liburuen doakotasuna ezartzeko modurik «neutroena» txeke-liburua deritzona litzateke. Dena den, beste aukerak onartzeko ere prest agertu dira, hala nola, errentaren gaineko zergan deskontua egitea.
Adierazi dutenez, mailegu-sistemaren ezarpenak testuen salmentaren laurdena gutxituko du. Euskarazko liburuak izango dira kaltetuenak, esan duten bezala, horien produkzioa %70 urritu baitaiteke.
|