Kanarietatik kanporatzerik ez dute nahi etorkinek
·Fuerteventurako barnetegian matxinatu dira Senegalgo poliziakideak iristean
Kanarietako barnetegietan dauzkaten etorkinak matxinatu egin dira Senegalgo poliziakideak bertaratu direnean. Badakite horiei herrialdekoak direla esanez gero, kanporatu egingo dituztela. Beste etorkin asko iritsi zen atzo Kanarietara, baita Italiako hegoaldeko uharteetara ere.
LAS PALMAS
Afrikatik itsasontzi ahuletan datozen etorkinentzat Kanariar uharteetan prestatu dituzten barnetegiek ez dute nahikoa baliabide horrenbeste pertsona hartzeko. Arazoa larriagotu egiten da tentsioa gehiegi hazi eta lehertzen denean. Fuerteventurako zentroan bi aldiz gertatu da aste honetan. Lehenengoan, etorkin batek bigarren aldiz afaldu nahi zuen eta besteek ez zuten horrelakorik onartu, eta borrokan hasi ziren. Atzo, berriz, Senegalgo poliziakideak joan ziren barnetegira, herrialdekoak nor ziren jakin eta kanporatzeko asmoarekin, bi estatuek sinatu dituzten itunek agindu moduan. Zentroa zaintzeko dauden agenteak beldurtu zituzten eta laguntza eskatu behar izan zuten.Senegalgo agintariek espainolekin batera abian jarri dituzten neurri batzuen fruituak ikusi genituen atzo. Senegalgo itsasertzetik gertu, 88 etorkin harrapatu zituzten bi herrialdeetako agentez osatutako patruilek, eta Dakarrera itzularazi. Eta azken egunetan, Kanarietara joan nahi zuten beste 146 pertsona atxilotu dituzte, bertako hedabideen arabera.
|