Julen Murgoitio
Zantzuak
Izan badira zantzuak, klima aldaketa ate joka datorrelako zantzuak. Ataritik barruraino pasatu da, lotsarik gabe. Baina ez nago Karibe aldeko urakanez, horiek azken boladan bazterrak indar berrituaz astintzen dituzten arren. Horra, esaterako, orain egun gutxiko Ernesto hori. Estatu Batuetako kostak kolpatu ditu, Bolivian orain urte asko ezabatu nahi izan zuten hark kolpatu zituenak baino gutxiago kolpatu badu ere. Tira, ez da itxaropena galdu behar eguzki-sistemako planeta guztien osasuna jokoan dagoenean. Baina ez, ez naiz Karibe aldeko urakanez ari izan klima aldaketaren zantzuak aipatu ditudanean. Txingorra ere areagotu egin da Europan, kazkabarra; nonbait ur-lurrunak gero eta euskarri lodiagoak aurkitzen ditu han goian ur-tanta bihurtu eta lurreko laboreak astintzeko. Baina ez, ez naiz Europa aldeko txingorraz ari izan. Bestelako zantzuak izan ditut buruan. Gorpu beltzen olatu itzelak areagotu egin dira Europako hegoaldeko turismoguneetan. Kasik esan liteke arriskuan ari direla olatu horiek uzten guneotako lanpostu prekarioak, hauetariko asko bertoko jendearenak, bere jaioterrian prekario, iparreko kanpotarrak jabe diren gunean. Gorpu beltzen olatu handiak, eta segidakoak; haragizko tsunami baten antzekoak. Orain arte tsunamia itsasikara baten ondorioa zen, berez, naturaz. Oraingoak, ostera, itsasoak ikara hartu bai, jakina, baina epizentroa bere burua lehenengotzat duen munduaren lurrean du, mundu horretako kostetako hiri handietan eta turismoguneetan batez ere. Kasik esan liteke gehiegizko bizitza-mailan bizitzera tematzen direnen urdail ultzeraren seinalea dela oraingoa, ezelango mugarik gabe irentsiaren hurrena direla hondartzetara bildutako gorpuak. Eta, hala ere, medikuak gero eta gehiago saiatzen dira ultzerok sendatzen; ez dut ulertzen. Gorpu beltzen olatu handiak, klima aldaketaren zantzu argia; beltza baino argia. Bestalde ere, oraingo txingorra haragizkoa da, haragizko ekaitzak sortu berri dira, kajukoak bazter utzita hegazkinen gurpil-zuloan ezkutatzen saiatzen direnenak. Eta zientifikoek argitu dutenez, hiri handietako izen handiko aireportuetatik oso gertuko larretan gertatu dira orain arteko horrelako ekaitz handienak. Seguruenik, kausa-efektua lantzen ibiliko dira orain adituok, konputadoraren aurrean, estatistikak eta guzti. Eskerrak Jaurlaritzak milaka zuhaitz landatuko dituela Kenyan! Kenyarrek behintzat aukera izango dute egur onezko kajukoak egiteko, nahiz eta berrogeita hamar urte itxaron beharko.Eta lehenengotzat dugun mundu honetako hondartza batean korrika egin dute, larrugorrian. Ugarituko direlakoan nago ni, klima berotze aldera ari da eta. Txinako jantzi produkzioaren kaltean. Denok larrugorrian, batzuek larrua besterik ez dutelako, eta daukaten horrekin ordaintzera kondenatuta daudelako, olatu izan edo txingor izan. Beste batzuek, larrugorrian ere, nahita arropa erantzita. Eta beste batzuek larrutan, fokei maileguan hartutako larruaz bere larru nazkagarria argiaren argira estaltzen. Hipokrisiaren alardea nonahi. Batzuetan jaien egitarauan. Klima aldaketaren benetako zantzuak. Agur ama! -
|