Aurreko asteko asteazkenean Bermeon izan nintzen eta txistu eta tronpeten burrunba artean historia bat kontatu zidaten. Orain dela 30 bat urte kontserberetan ez omen zegoen emakumezko langilerik, baina ez gaizki ulertu, horrek ez baitu esan nahi emakumeek kontserberetan lanik egiten ez zutenik. Orain dela 30 bat urte emakumeak kontserberetara gizonak laguntzera joaten omen ziren, horrela gizonak bi ordu lehenago libratu eta goizago etxeratu zitezen... Eta arrain asko zegoenean umeak ere aritzen omen ziren laguntzen (kontatzen dute, halaber, nola inspektoreak etorriz gero barriketan ezkutatzen ziren ikusiak izan ez zitezen).Harritu ninduen kontuak eta nire lehen galdera «baina eta ez al zenuten trukean ezer kobratzen?» izan zen, eta irribarre batekin «keba! gizona goizago libratzea zen ordainsaria» erantzun zidaten. Beraz, badirudi historikoki kontserberetan emakumeok eginiko lana laguntza moduan hartu eta tratatua izan dela, bigarren mailako lana izango balitz bezala.
Eta gaur egungo errealitatea ere ez da gehiegi aldatu, oraindik ere bigarren mailako lan bezala kontsideratua dela dirudi; hortaz, arlo honetan lanean ari diren emakumeoi ordaindu beharrekoa gainsoldata moduan ulertu behar dugula dirudi.
Gezurra badirudi ere, kontserberetako emakumeek ez dute kalera ateratzea beste erremediorik izan. Euren enpresaburuek ez dute inolako momentutan negoziaziorako jarrera egokirik azaldu eta ez dute inolako hitzarmen duinik lortzearen aldeko jarrerarik azaldu. Beraz, beren txistuak eta tronpetak hartu eta langileak kalera atera dira euren eskubideak aldarrikatzeko intentzio osoz... Bai, uztailaren 17a ezkero greban daude zenbait kontserbera enpresatan lan egiten duten hainbat emakume langile. Aurreko astean banatu zituzten orri txikietan argi eta garbi irakurtzen ziren euren aldarrikapenak: «Kontserberak borrokan hitzarmen duin baten alde, langileak gara ez esklabuak...».
Hitzarmenaren hobekuntza hiru puntu nagusitan aldarrikatzen dute batik bat: soldata igoera, ordu murrizketa eta lizentzia eta kategorien inguruko errebisioa eta aldaketa, hain zuzen ere.
Kontserba eta gazigintza sektoreak mila langile inguruz osatuta daude gutxi gorabehera egun, eta horien %95 emakumezkoak dira. Gizonezkoek normalean bulegoetan edota kamioiekin egiten dute lan, baina azpimarratzekoa da produkzioan gehiengo ia osoa emakumezkoak direla. Egunean zortzi orduz lan egiten badute ere, hilean 800 euro baino gutxiago kobratzen dute. Kontratuen behin-behinekotasuna oso handia da eta, honez gain, kontratu gehienak iraunkor etenak dira, honek esan nahi duen guztiarekin. Finkoa izanda ere, ez zara finkoa urte guztian zehar, lana baldin badago enpresak lanera deituko zaitu, baina arrainik ez badago, enpresak langabeziara bidaliko zaitu. Honek, noski, enpresarekiko morrontza sortzen du, enpresaren deiaren zain egotera behartzen baitzaitu. Gainera, sistema honek lanean zauden bitartean sortu duzun langabeziako ordainsari eskubidea urtean bertan kontsumitzera behartzen zaitu, etorkizunean prestazio hau izateko aukera, sarri galdu egiten delarik.
Kategoriei dagokienez, gehienak peoi edo bigarren mailako ofizial bezala kontsideratuak dira, hau da, produkzioan dabiltzan langile gehienei, nahiz eta funtzio ezberdinak izan, kategoria berdina jartzen zaie, nola ez, gutxien ordaintzen diren kategoriak.
Lizentzien kasuan, berriz, ordaindutako lizentziek garrantzia izan beharko luketen arren, lotsagarria da hauek definituta dauden modua. Eta, noski, atal honi dagokien aldaketez enpresariek hitz egin ere ez dute nahi. Erraza da arrazoia asmatzea: atal honetan aldaketak planteatzeak kostu handia ekarriko lioke enpresari. Baina horrek ez du errealitatea aldatzen. Esan dugun bezala, langile gehienak emakumezkoak dira eta bestelako errealitate batzuk aldatzen ez diren bitartean badakigu bizitzako eremu pribatuaren pisua emakumearengan geratzen dela; beraz, onartu beharra dago emakumeak denbora behar duela esparru horri eskaintzeko ere (gaixotu den senideaz arduratzeko edota gaizki sentitzen den haurraren bila joatekoŠ). Beraz, lizentziak errepasatu eta benetako errealitatera egokitzea beharrezkoa litzateke, gaur egungo egoera honek emakumezkoak denbora osoko kontratuak onartu beharrean lanaldi laburreko kontratuak onartzera behartzen baititu, honek suposatzen duen guztiarekin, bai soldatari, bai langabeziari nahiz kotizazioari begira izugarrizko eragina baitu.
Honetaz gain, lan baldintzak ere kontuan hartu beharrekoak lirateke. Baldintza kaxkarretan egindako lan honek arruntzat hartutako gaixotasunak eragiten ditu, ez dira lan gaixotasun gisa onartuak, eta horrek langilearen kalterako dituen eragin izugarriak kontuan hartu beharko lirateke.
Beste behin ere, emakumeok eremu guztietan pairatzen dugun diskriminazio egoeraren beste adibide garbi baten aurrean gaude, non argi erakusten den emakumeok prekarietatera kondenatuak gaudela. Adibide ezin hobea da emakumea lan prekarioa egoera edo baldintza prekarioetan betetzera kondenatua dagoela ikusteko.
Ondorioz, kontserba enpresetako buruei diskriminazio egoera hauek amai ditzatela exijitzen diegu eta, bide batez, pertsona ororen eskubideak erres-petatuko dituzten hitzarmen kolektiboen alde egin dezatela eskatu nahiko genieke.
Zuei, greban ia bi hilabete daramazuen kontserberetako langile emakumeoi, gure elkartasun osoa agertu nahi dizuegu. Txistua eta tronpeta hartu eta jarrai dezagun burrunba ateratzen gure eskubide guztiak lortu arte. -