TOLOSA
Azken astean Tolosan izandako gertakariek eta emakumeei egiten dizkieten erasoek haien inguruko prebentzioari eta erantzunari buruz gogoeta egitera bultzatu diete Tolosako Bilgune Feministakoei.Atzo emandako prentsaurrekoan taldeak adierazi zuen: «Ikerketek diotenaren arabera, emakumeok batez beste hamar urte igarotzen ditugu tratu txarrak jasaten salaketa jarri aurretik». «Horrenbeste urtetan egoera horretan bizitzera bultzatzen gaituzten zergatiak askotarikoak dira: erasotzailearekin dagoen lotura sentimentala aldatuko delako esperantza faltsuan oinarrituta, seme-alabekin gertatuko denaren beldurrak sortutako presioa, dependentzia ekonomikoa, jendearen aurreiritziak...».
Tratu txarrak salatzeak gehienetan arrisku eta pisu handia du, dudarik gabe. «Erakundeek eta gizarteak babesteko premia eta esperantza izaten dute erasotzaileak salatzen dituzten emakumeek. Baina askotan ez da hori gertatzen», nabarmendu zuten.
«Urruntze aginduak ezarriz gero, erasotzaileari betearazteko zailtasunak jartzen zaizkio, eta gehienetan ez zaie jarraipenik egiten. Eraso diotenak aldatu behar izaten ditu bizitzeko ohiturak eta egunerokotasuna. Erantzuna hori izanda, zer pentsatu behar dute egoera berean dauden emakumeek: beren egoera salatzeak ez duela arazo gehiagotan sartzeko besterik balio? Amesgaiztoa amaitzeko erarik ez dagoenez gero, bertan bizitzen jarraitzea besterik ez zaiela gelditzen?», salatu zuten Tolosako Bilgune Feministako kideek.
Datu eta errealitate konkretua aztertuz, 2005 urtean 11 emakume hil ziren bikotekide edo familiakoek erailda, Bilgunekoek gogorarazi zutenez.
Zenbat gehiago?
Galdera bi hauek egin zituzten atzo, Tolosan: «Zenbat gehiagok hil behar dute erakundeek behingoz afera honi ezinbestekoa den garrantzia emateko? Zenbat gehiagok hil behar dute emakumeon kontrako erasoak amaitzea guztion ardura dela ohartzeko?».Eta ondoren, Berdintasun Legea ere aztertu zuten. «Erakundeek egoera hauetan aplikatzen dituzten ekintza eta planen inguruko ezjakintasuna orokorra da. 2005ean onartutako Emakume eta Gizonentzako Berdintasun Legean luze eta zabal artikulatzen da eman beharreko erantzuna, baina, hala eta guztiz ere, ez dugu haren aplikazio errealaz eta jarraipenaz ezer jakin».
Bilgune Feministak prebentziorako neurrien beharra presakoa dela uste du. Gainera, tratu txarrak eta edozein motatako eraso sexistak egiten dizkieten emakumeentzako erantzun eta artatzeko plan integral eta eraginkor bat ere guztiz beharrezkoa da haren ustez.
Tratu txarrak edota edozein motatako eraso sexistaren bat egin dieten emakumeei «beren egoera azaleratzeko eta salaketak jartzeko» eskatu zieten Tolosako Bilgune Feministako kideek. «Ez zaudete bakarrik. Honela bakarrik ezagutaraziko dugu hain ezkutuan gorde nahi den arazoaren benetako dimentsioa», adierazi zuten.