GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-09-10
Jose Ramon GOIKOETXEA, "ARDOTXI"
71/3/8
·Liburu aurrerapena

Jose Ramon Goikoetxea, «Ardotxi», gazte-gazterik hasi zen borroka politikoan. 1971n, ETA VI.ean zebilela, atxilotu eta kartzelan sartu zuten, Franco hil zen arte. «Egin»en lan egin zuen; gero, berriz, LABen. 2005ean hil zen, aspaldi eskuartean zerabilen «Mentxakaren aitorpena» argitaratu gabe utzirik. Errealitate nobelatu gisa defini daitekeen liburu hori plazaratuko du datorrenastean Elkarrek, lagunei esker. Honakoa aurrerapena baino ez da.

Zaindaria etorri zaizu bila, eta galdeketak egiteko erabiltzen duten gelara eraman zaitu berriro. Kalez jantzitako bi polizia irten zaizkizu atera: bata ezaguna; bestea, oraindik ez. Lehenengoak berrogeiren bat urte dauzka, lodikote samarra, tortura-taldean ezagutu duzu; bigarrenak ­gaztexeagoa, biboteduna­ dezente zaildutako gorputza dauka eta aitzakiarik gabeko trajea darama gainean.

­Inspektorea nauk ­aurkeztu da zure aurrean­. Egunotan luze eta zabal hitz egin beharko diagu ­Aldameneko polizia potoloari begiratu dio gero, eta haren berri eman dizu­. Inspektoreordea duk, berak ere hartuko dik hire kasuan parte.

Aulki batean eserita dago nagusia, eta bere tratu zakarrak ez zaitu harritu. Morroiak, zutik, borra dauka eskuan, eta irri egiten dizu maltzur.

­Ikus dezagun ­ekin dio inspektoreak bere lanari­. Jose Ramon Goikoetxea. Atzo esandakoaren arabera, errefu- xiatu politikoa haiz. Orain dela egun gutxi ailegatu hintzen Bilbora. Ondo zegok. Orain, ordea, non bizi izan haizen jakin nahi diat. Bart isilik egon omen hintzen, bazekiat, baina nirekin jai daukak. Etxearen berri jakiteko premia zeukaagu; beraz, ondo portatzen bahaiz, egun gu- txitan bukatuko diagu galdeketa, eta berehala egin ahal izango duk alde Basauriko espetxera. Ez zaik egoskortzea komeni. Salbuespen egoeran gaudek, ez ahaztu, denbora hire kontra zegok.

Oso lasai ari zaizu hizketan, baina mehatxurik ezkutatu gabe. Hitz egiteko moduagatik argia ematen du, ilustratu samarra ere iruditu zaizu polizia izateko. Borra daraman morroiak, berriz, bestelako itxura dauka. Ezjakina, jipoia beste baliabiderik erabiltzeko gaitasunik ez duena. Ikusi orduko konturatu zara poliziaren alderdirik gordin eta gogorrena zeinek erakutsiko dizun.

«Eutsi egin behar zioat goiari ­saiatu zara adore pixka bat biltzen­. Nire bidera ekarri behar ditiat».

Argi daukazu oraindik burua, baina hotzak zaude, urduri, beldurraren eta nekearen mende. Aurrera eraman nahi duzun taktika darabilzu buruan.

Lehenengo hiruzpalau egunak ahalik isilena behar dituzu eman. Errefuxiatu politikoa zarela besterik ez duzu onartu behar. Aurreneko kolpeak jaso bezain laster, gogor egin gabe, Gorlizko etxearen berri eman eta ardura sindikalaren kontua (zuk beste inork ez dakiena) zure gain hartzen baduzu, gezurretan zabiltzala susmatuko dute. Egun batzuetan mutu iraun ondoren, torturapean «lur jota», ezinbestean «aitortuko» bazenu, ordea, dezenteko sinesgarritasuna lortuko zenuke. Inspektoreak ezkutuko erruaren onar- pen gisa ulertu behar du zure mututasuna. Amore eman bitartean, ondoezik dagoenaren plantak egin behar dituzu, gose-greba moduko batean sartzea ere ez legoke gaizki. Ahuldu egingo zara, badakizu, baina ordainez, arinagoa bihur dezakezu, beharbada, torturaren erasoa.

­Hator, hurbil hadi mahaira ­agindu dizu inspektoreak­, idatz ezak 38 zenbakia letretan.

Ustekabean harrapatu zaitu. Eskuaren dardara gainditu ezinik, poliziak agindu dizuna egin duzu. Lehenengo eta behin, behar bezala idazteko moduan ote zauden jakin nahi duela iruditu zaizu, baina proba grafologikoa ere izan daiteke.

­Orain esaidak behingoz ­egin dizu galde, haserre, zutik jarrita­: non ostia bizi haiz?

­Utz ezazu nire eskuetan ­sartu da inspektoreordea tartean, borra astintzeko prest­. Ikusiko duzu zein azkar gogoratzen duen.

Aukera alferrik galdu gabe, kolpeka hasi zaizu. Eskuburdinak burura eraman, eta garrasi egin duzu minez. Panpina ematen duzu alde batetik bestera, dingili-dangolo, pareta jo arte. Eroritakoan, ileetatik heldu dizu, eta, altxarazi ondoren, sekulako astindua jaso duzu hormaren kontra, eman eta eman aspertu den arte

­Non bizi haiz? ­jarraitu dio bere matrakari­. Isilik segitzen baduk, bertan akabatuko haut.

Leher eginda zaude, ezin duzu zutik egon; ez duzu nahi, gainera. Ahoa lehor-lehorra daukazu, eta gero eta ahots ahulagoarekin errefuxiatu politikoa naiz, errefuxiatu politikoa naizŠ esan diozu behin eta berriro.

­Hori bazekiat ­esan dizu inspektoreak egonarriz eta irri mingarri baten atzean gordeta­. Baina azken aste hauei buruz zer? Zer daukak jakitera emateko?

Hori entzun duzunean, kezka egin zaizu. Ironia susmatzen duzu bere hitzetan. Galdera bat ari zaizu buruan behin eta berriz mailuka.

«Zer ote zekitek? Lepoa jarriko nikek jendarmeekin hitz eginda daudela».

* * *

1969ko maiatzean, Urnietako baserri batean nengoen gordeta. Euskal Herriko beste hainbat militantek bezala, muga zeharkatzea erabaki nuen. Baionako erakundearekin harremanetan jarri, eta beste era batean planteatu behar izan genuen Iñaki Arinek eta biok gure militantzia. Ekainaren 2an, Pirineoetan (Paue-Donostia-Paue) nazioarteko moto rallye bat zegoen, eta Bidasoa bazterreko errepidetik zihoala baliatuta, Nafarroa eta Lapurdiren arteko mugan barrena pasatu ginen beste aldera.

Motozaleak bagina bezala Citroen 2cv batean abiatu ginen Iñaki Arin etxean gordeta zeukan bikotearekin batera goizean goiz. Ibaiari jarraiki, Etxalarko bidegurutzetik ezkerretara, mu- garako bidea hartu genuen. Zuhaitzen artetik gora, zazpi kilometro egin genituen, herrian gelditu gabe, usotako sareak dauden lekuraino, eta atseden txiki bat hartu genuen goiko jatetxean. Eguna garbi-garbi zegoen. Atzean gelditutako lurrei azken begirada bat bota, eta, mokadu bat hartu bitartean, muga zeharkatzeko azken xehetasunak aztertu genituen.

­Bide honetatik ­esan zigun gure txoferrak ostatutik bertatik usotako sareetara zihoan zidorrari begira­ sareak jartzeko egitura metalikoak dauden lekura igo behar duzue.

Iritsitakoan, kilometro bat egin behar genuen, gutxi gorabehera, ezkerretara ematen zuen bidea hartuta. Aldapan behera nola zetozen iku- siko genituen handik mugaren beste aldean. Orduan, guardia zibilek beren begiralekutik ikusi gabe, errepidera hurbildu beharra geneukan. Inguru hartan egongo ziren gure zain automobilean, Saratik hurbil zegoen muga-postua elka- rrekin zeharkatzeko. Ez omen zioten dokumentazioari gehiegi erreparatzen.

(...) Mugalariei agur egindakoan, Pannecau kalera jo genuen, eta Euskalduna ostatuan sartu ginen. Beste taberna batzuetan ez bezala, giro ederra zegoen. Berehala konturatu ziren Hegoaldetik gentozela. Jendearen artean, “Esau” Juan Jose Ansuategirekin egin genuen topo. Arrasatekoa zen. Elkarrekin egon ginen Martuteneko kartzelan. Beste errefuxiatu batekin zegoen, Txomin Iturbe, herri berekoa, eta aurkeztu egin gintuen. Zenbait hilabete zeramatzaten bertan, eta errefuxiatuen arteko giroaren berri eman ziguten. Egunero ailegatzen omen zen berriren bat. Baionan eta Donibane Lohizunen zeudenak ez ezik, Pauen, Parisen eta Belgikan ere ba omen zebiltzan hainbat.

­Haundixerekin geldituta gaudek. Hemen al zegok? -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Herriarenak, herriarentzat
Euskal Herria
De Juana cumple hoy 35 días en huelga de hambre
Mundua
La OTAN pide a sus miembros que envíen a Afganistán todas las tropas prometidas
Kultura
La película china «Sanxia Haoren» gana el León de Oro contra todo pronóstico
Kirolak
Idéntico resultado, pésima apariencia
Euskal Herria
Reclaman en Altsasu el impulso del proceso y la autodeterminación
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss