U.A.
DONOSTIA
Zaleak alde izanda ere, Leitzak eta Zearrak ezin izan zuten hogeita bira iritsi Asegarcek atzo Urdulizen antolatutako jaialdiko partida nagusian. Izan ere, aurrean bikote sendoa izan zuten, Aimar Olaizolak eta Aritz Beginok osatutakoa.
Aurreneko pilotakadetan parekotasuna nagusi izango zela zirudien arren, laster hartu zuten aurrea Olaizola II.ak eta Beginok, eta hortik aurrera haiek izan ziren jaun eta jabe. Auzako atzelariak memento onean dagoela erakutsi zuen, eta atzeko koadroetan nagusi izan zen. Nafarrak asko gozatu zuen, eta Zearrak nahiko lan izan zuen pilotakadak eramaten. Hala, Olaizola II.ak erakustaldia eman zuen aurreko koadroetan, eta Leitzak ezin izan zuen ezer egin.
Errebotea hamabi koadroan egoteak galarazi zuen Beginoren pilotakadak haraino iristea, kolpe latzak eman baitzituen. Azkenean, beraz, 22-12 nagusitu ziren gorriak partida entretenigarri batean.
Irujo eta Elkoro, Zestoan
Bestalde, Juan Martinez de Irujok eta Aitor Elkorok Aspek ostiral gauean Zestoan antolatutako jaialdiko partida nagusia irabazi zuten. Gorriek 22-18 hartu zituzten mendean Xala eta Barriola.Neurketa polita izan zen. Aurrelariek erritmo ikusgarria ezarri zuten, eta askotan airez sartu ziren. Atzean, berriz, Elkorok eta Barriolak lan ona egin zuten, baina Elgetakoa erregularragoa izan zen, eta, gainera, pilotakada onak eman zituen. Barriolak, ostera, ezkerkada politak eman zituen, baina eskuinarekin oraindik ere duen konfiantza falta agerian utzi zuen.
Aspek Vianan izan zuen atzoko partida bakarra. Bertan, Chafeek eta Arrutik 22-15 irabazi zieten Uriarte eta Auxkini.