Gastu militarra gora, negozioa ere bai
Urtetik urtera emendatu egiten dira munduan gastu militarrak. Kopuruek ez dute errealak ematen, hain dira handiak, hain dira eroak. Intermon-Oxfam GKEaren datuen arabera, aurtengo gastuak inoizko handienak izango dira, 834.000 milioi euroko kopurura iritsita, gerra hotza delakoan ailegatu zen kopururik handiena gaindituta, alegia. Gastu horiek nazioarteko laguntza baino hamabost aldiz handiagoak dira. Konparazio horrek lotsagarri uzten du elkartasuna edergarri gisa baino aldarrikatzen ez duen diskurtso hutsa. Izan ere, munduko arma-enpresarik handienek lau urtean %70 emendatu dituzte mozkinak. Armak, gaur egun, lehenik negozioa dira, eta herrialdeen onura ekonomikoaren parte. Beraz, burua gehiegi estutu gabe suma daitekeenez, negozio horiek munduko gatazka askoren sustatzaile ere badira. Bat dator datuokin beste txosten bat, Bakerako Ikerkuntzarako Nazioarteko Institutuak (SIPRI) egina. 2005. urteaz diharduen txostenak dioenez, gainera, munduko arma-kontsumitzailerik handiena AEBak dira, eta ondotik, baina harengandik oso urrun, Britainia Handia, Estatu frantsesa, Japonia eta Txina. Arma-esportatzaileei dagokienez, berriro AEBak lehen postuan agertzen dira, Errusiarekin batera. AEBek erraz asko azaltzen dute beren aurrekontu militarraren igoera: Iraken eta Afganistanen aurkako gerrak. Eta gerra horiek «terrorearen aurkako gerra» gisa azaltzen dituzte. Oxford Research Group ikerketa zentro burujabe britainiarrak, ordea, gerra horiek, Mendebaldearen kontrako erasoak gertatzeko arriskua murriztu beharrean, handitu egiten dutela uste du. Eta AEBek eta Britainia Handiak hasitako gerra horiek munduko benetako arazoei ez erreparatzeko balio dutela. Arazo horiek, mehatxu horiek, pobrezia, militarizazioa, baliabideak lortzeko lehia eta aldaketa klimatikoa omen dira. Bitartean, zazpi herrialdek arma-salerosketari buruzko nazioarteko tratatu baten aldeko ebazpenaren bila dihardute NBEren Batzar Nagusian. Tratatu horrek giza eskubideak urratzen dituzten herrialdeei armak saltzea debekatzea du helburu. Proposamena egin duten herrialdeen buruan nor eta Britainia Handia dago. Nork erabakitzen du, ordea, zeinek urratzen dituen giza eskubideak? Ezagunak dira argi eta garbi haien urraketa nabarmenak dauden herrialdeak, eta pentsaezina da haietako zenbaiti armarik ez saltzea. Esate baterako, Estatu Batuek Israeli armak saltzeari uko egitea. Askoz ere konponbide sakonagoak behar dira. -
|