Joan den asteartean aurkeztu zen Bilbon Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea. Bertan, Euskaltelekin, Elkar argitaletxearekin eta telebistan esperientzia duen Bainet enpresarekin batera, hedabideen munduan eskarmentua duten hiru talde daude: gurea alde batetik, EKHE GARArekin batera ‘‘Le Journal du Pays Basque’’ egunkaria argitaratzen duena, eta CMN “Deia’’ eta Noticias talde osoa editatzen duen korporazioa eta EKT bestetik ‘‘Berria’’ argitaratzen duena.Argi utzi du Hamaika talde berriak zein helbururekin jaio den: Euskal Herriko eskualde bakoitzean euskarazko telebista sustatzea, euskara, telebista eremura ere, ahalik eta gehiena zabaltzea.
Mezu horren berri zuzena izan zuten asteartean Bilboko Euskaltelium-en izandako aurkezpen ekitaldira joandako euskal gizarteko hainbat alorretako ordezkari eta eragileek; eta benetan itxura ona hartu ziotela esan daiteke, komunikazio talde berria osatzen duten kideak eta plazaratutako helburuak ikusita eta ezagututa. Euskaraz eginiko tokiko telebistarako proiektua abian da.
Horri guztiari buruz hitz egiteko taldeko hedabideetako arduradunak elkartu genituen Andoaingo Martin Ugalde Parkean: Gorka Altuna EKHEko kontseilari-ordezkaria, Iñaki Alzaga CMNkoa eta Joanmari Larrarte EKTkoa. Hauxe da emaitza.
Euskal Autonomia Erkidegoan tokiko telebista
digitalen lizentziak banatzeko lehiaketetara aurkeztuko zarete. Eta Nafarroan
eta Ipar Euskal Herrian?
Iñaki Alzaga: Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian pausoak desberdinak izango dira; adibidez, Frantzian digitalizazio prozesuak beste martxa bat du eta dauden esperientziak oso desberdinak dira Hego Euskal Herriarekin konparatuta. Kasuz kasu aztertuko dugu bai eta erabakiak hartu ere.
Gorka Altuna:
Nafarroan banatu dira, eta ez zuten uzten aukerarik euskarazko telebistak ateratzeko. Helburua, dena den, argi dago. Aukera bat sortu da EAEn lizentziak lortzeko eta horra joko dugu, baina Euskal Herria bere osotasunean dugu helburu, eta lurralde guztietan lizentziak batzera joango gara.
Sei enpresa batu zarete helburu horrekin.
Zergatik orain? Zerk bultzatuta?
Joanmari Larrarte: Nik uste dut, neurri batean, aukerak ekarri gaituela momentu honetan batzera. Telebistaren munduan orain arte aukera gutxi izan dira gauzak egin ahal izateko; egin zitezkeen eta badaude hainbat esperientzia, baina orain guztia erregularizatu egiten da, eta aukerak zabaltzen dira lizentziak laster etorriko direlako eta banatuko direlako, eskualde guztietan egoteko. Gutako bakoitza komunikazio talde bat lantzen eta egokitzen ari den neurrian gogoeta bat egin du; momentua da beste pauso batzuk emateko, ikus-entzunezkoetan ere pausoak emateko eta, gainera, bide bat egin beharko genuke ziurtatzeko euskarak lekua duela tokiko telebistetan bidea egiten duenean. Gero, uste dut bakoitzak gogoeta bat egin duela honakoa esanez: «Hau handia da bakarka joateko eta nolabait beste batzuen aliantza beharrezkoa da». Hor sartuko nuke hartutako erabakia.
I.A.: Arriskua zegoen Gasteizen edo Bilbon bertan, agian, euskara bultzatzeko proiektu sendorik ez egoteko, eta, bestalde, ez du zentzu handirik taldeek proiektuak prestatu eta gauza gutxi lortzea. Proiektu indartsua behar da, eta denon artean elkarturik aukera gehiago izango ditugu ziurtatzeko.
Euskara abiapuntua delako edo Hamaika
proiektuan gizartearen zati handi batek bere burua ordezkatuta ikusten duelako
emaitza egokiak espero al dituzue lizentzien banaketan?
J.L.: Nik uste dut eraginik handiena, kasu honetan, euskarak izan behar duela. Guk marka horrekin egingo dugu lan, eta horrela bideratuko dugu lizentzien banaketa. Seguruenik, denborak esango du ziurtatzen ari garela eskualde guztietan euskarazko telebista egon dadin. Marka hori da ezaugarri nagusia; horrek ematen dio indarra taldeari.
I.A.: Euskararen inguruan biltzen gara eta horrek ematen dio zentzua proiektuari, eta horrek badu lotura gizartearen errealitatearekin. Helburua argi dago. Garrantzitsua da denontzat proiektu sendo hori ziurtatzea.
Euskara hutsean telebista antolatuko den
leku guztietan ekoitziko duzue?
G.A.: Gauza izan gara norberaren
ñabardurak alde batean uzteko eta proiektu komuna eta indartsua osatzeko euskara
erabiliz.
I.A.: Erdaraz beste aukera batzuk izango dira. Jatorriz euskara izango dugu gure telebistetan, agian, produktu bakoitza definitzerakoan, azpitituluak erabil daitezke.
Eta Hamaika telebistaren emisioak noizko?
J.L.: Aurrez ikusten ari gara, kasurik onenean, seguru asko, hemendik urte batera egongo direla lizentzien banaketak, datorren urteko udazkenean. Hortik aurrera hasi beharko dugu telebista muntatzen, emisioak eta gainontzeko guztia. Momentu honetan ez dago gure esku.
I.A.: Erdiko pauso batzuk ez daude gure eskuetan, hau da, lizentzien banaketa, noiz banatuko diren eta zein epe izango diren; hori guztia dekretuan argitu beharko da. Izan ahal dugu ideia bat baina hori guztia konkretatu arte...
Herritarrei behintzat zabaldu diezue
dagoeneko elkarlanerako deia; horren inguruan berehala hasiko al zarete lanean?
I.A.: Hitz egiten, harremanetan jartzen hasi beharko dugu hemendik eta urtea bukatu arte; adibidez, momentuan martxan ari diren tokiko telebistekin eta bereziki hiriburuetan eta beste herri batzuetan, hainbat proiektu direla-eta, osatu dituzten taldeekin.
J.L.: Lehiaketa udazken honetan zabaltzen baldin bada, udazken-negu bitartean egiten baldin bada, guk bitarte horretan eskualdeko eragileekin harremanak izango ditugu proiektua elkarrekin prestatu ahal izateko. Hor dago aurretik egin behar den lana, eta gero eten bat sortuko da, berriro, lizentziak etortzen diren arte, telebista antolatu eta emisioa etorri bitartean.
Harremanik al duzue ETBrekin? Nola
planteatzen du Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeak ETBrekiko jarrera?
G.A.: Nik uste dut elkarlana beharrezkoa izango dela etorkizunean, azken batean, hainbat urtetako bidea egina dute euskaraz emititzen. Hala ere, guk proiektu berri bat atera behar dugu eta, gainera, eskaintza handitu beharko dugu, orduan, ezin dugu beste ETB bat egin, hirugarren kanala, baizik eta produktu berri bat, eta asmatu beharko dugu eskaintza hori zabaltzen. Errepikapenak ez du zentzurik.
I.A.: Haiekin eduki behar dugu harreman berezia edukietan, ez eduki komunak izateko, baizik eta produktuen eskubideak lortzeko; esaterako, hogei urteko esperientzia izanda, artxiboak dituzte. Guk, berriz, informazioaren arloan edo beste maila batean tokian tokiko sarea izango dugu, eta hortik zerbait eskaini ahal dugu. Uste dugu harremana posible izango dela; proiektu bezala, ETB beste gauza bat da, erakunde publikoa da eta bere buruak ditu. Gure ezaugarri nagusia tokian-tokian informazioa eskaintzea da, eta betegarri bezala beste eduki batzuk; horiekin batera, agian, adostu ahal izango gara.
J.L.: Bi proiektu diferente dira, baina
seguraski kolaboraziorako bideak ireki beharko direla denon artean.
Zer dimentsio izango dute Hamaika taldeko telebistek? Muntatze handia beharrezkoa izango al da? Profesionalentzat aukerak izango al dira?
G.A.:
Proiektua ez da batere errentagarria izango, diru aldetik esan nahi dut. Ahalik eta tamainarik txikerrena izango du, eta ekonomikoki errentabilitatea orekan mantentzeko gaitasunak markatuko du tamaina. Ezin da proiektu handi batean pentsatu.J.L.: Tamaina EAE hamabost eremutan
banatu izateak ematen digu, eta guk nahiko genuke hamabost eremu horietan
euskarazko telebistak egotea. Horrek neurri bat ematen du. Baina neurri
horretara nola iritsiko garen, hamabost horietan egongo den telebista bat edo
hamabost horietan zenbat telebista egongo diren eta zenbat jende egongo den;
goizegi da horretaz hitz egiteko. Maila horretan bai oso hasierako pausoetan
gaudela, lehenengo urratsak egiten, eta harremanak egiten eta jendea hurbiltzen
den neurrian eta beste eragile batzuekin ikusten dugun errealitatearen neurrian,
pixka bat argazkiak egiten joango da.
Euskarazko komunikazioaren arloan sartzen dira, honenbestez, EKHE eta CMN.
G.A.:
Gu sekula ez gara kanpoan egon. Euskarazko komunikazioan beti egon gara, gure mailan. Gure egunkarian, betidanik, gehiena erdaraz argitaratzen da, baina mantendu egin dugu beti euskara proporzio handi bat eta ez itzulpenak egiten, baizik eta berezko artikuluak egiten, egunerokotasunean informazio propioa lantzerakoan, promozioak eta gehiagarri bereziak egitean. Sortu zenetik proporzio garrantzitsu hori mantendu dugu. Gu beti sentitu gara euskarazko komunikazioaren barruan. Gainera, euskarazko komunikazioan barne egonik eta euskara proportzio garrantzitsu horiek mantenduz, sekula ere ez dugu instituzioen diru laguntzarik jaso; Jaurlaritzarena, esaterako. I.A.: Agian, horrek bultzatu gaitu elkarrekin proiektu bakarrean adostera, indartsu izatearen helburua. Hedabide desberdinak ordezkatzen ditugu egun, eta gure ikuspuntutik, euskara bakarrik erabiliz ez da bideragarria, ez da posible ekonomikoki. Azken finean, neurri batean, erdaraz ari gara bidera- garritasun ekonomikoa lortzeko. Baina telebistaren alorrean, hedabide bat sortzen denean agian bideragarri ez da lehiatzen hasteko, eta pentsatu dugu ona dela denon artean euskararen aldeko konpromisoa hartzea gauza sendoa izateko.
Eta kolaborazio hau, elkarlana azken batean,
eredua izango al da hemendik aurrera proiektu gehiago planteatzeko?
G.A.: Hemen, talde desberdinetako jende asko batu gara, gero eta hobeto elkar ezagutuko dugu, eta neurri horretan erabakiko dugu nola egin lan. Aurrerantzean, esperientzia horrek balio handia izango du beste proiektu komunak martxan jartzeko. Denborak markatuko du hori guztia, baina hasteko, lehenengo pausoa eman dugu.
J.L.: Bideak irekitzen dira horretarako; azken batean, denok daukagu argi euskal komunikazio esparrua osatu, mugitu eta egokitu beharra dagoela. Bakoitza egiten ari den ahalegina handia da, eta seguraski bide hau topatzeak eta elkarrekin gauzak egiteko bideak topatzeak indartu egingo gaitu, bai proiektu komunetan baita ere norberaren proiektuan ere. Oso bide interesgarria da.
I.A.: Ados nago. Pauso garrantzitsua da hau, eta seguru esperientzia honekin, zabaldutako bidea dela-eta, aurrerantzean erraztasun handiagoak izango ditugula proiektu berriak egiteko edo dauden proiektuak beste era batera planteatzeko. Argi dago hiru hedabide gaudela hemen, eta ikusteko dago, Euskal Herriari buruz zer ikuspuntu dugun kontuan izanik, merkatuan zein tarte dagoen hiruron artean, eta zein tarte aurkituko genuke. Nire ustez, bagara erreferentzia eta badugu asko irabazteko bakoitzak, hedabide bezala eta, ikasiz, gelditzen den bidea ibiltzeko denok batera. -
Kepa PETRALANDA