OIARTZUN
Jende andana bertaratu zen atzo arratsaldean Aritxulegira «Euskal Herriaren askatasunaren alde bizia eman duten eusko gudariak» omendu eta haiei gorazarre egitera. Mila bostehun lagun baino gehiago izan ziren Aritxulegiko gudarien basoaren alboko zelaian, Euskal Herria independentziaraino eta sozialismoraino eramateko borrokan, bidean eroritako 218 gizon eta emakumeak gurtzera. Beroa eta hunkigarria izan zen oso gudarien senideak presente izan zituen ekitaldia. Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokan konpromisoak hartzeko eta indarrak batzeko deia egin zuten: «Zuei, Euskal Herria maite duzuenoi». Aurrez aurre herritar andana egonik eta txalapartaren soinuaren gidaritzapean, mendi maldatikhiru zaldiren gainean jaitsi ziren agertoki ingurura ikurrina, Nafarroako bandera eta arrano beltzaren bandera soinean zeramatzaten lagunak. Hiru masta prest zeuden alboan; txalo zaparrada jo bitartean eta haizearen poderioari esker astindu ziren airean hiru banderak. Zanpantzarrak ere igaro ziren bertatik, eta adarraren bidez omenaldirako deia egin zuten. Aiztoaren zorroztasuna irudikatu zuen enbor bat mozten aritu zen lagunak, kolpatzen zuenean egiten zuten zaratak Arritxuloko magalean oihartzun egiten zuen artean.
Oholtza gainera igo ziren bi bertsolariek kantu bidez mezu argia helarazi zuten: «Borrokak ekarri gaitu honaino eta borrokak eramango askatasuneraino». «Eraiki nahi den bake bideak zuek zaituzte oinarri», jarraitu zuen bertsolariak atzo gurtu zituzten euskal borrokalariak omentzeko.
Gudariei lore eskaintza
Ekitaldiaren norabidea zuzentzeaz arduratu zen lagunak hitza hartu zuen jarraian, eta gudarien omenaldiaren zioak nabarmendu zituen. Gudariek egindako borrokak aurrerantzean jarraitu beharreko bidea erakutsi eta argitu duela adierazi zuen, baita egungo egoera haien lanari esker posible izan dela ere. Euskal Herriaren zapalkuntzari aurre egiteko erresistentzian aritzeaz gain, aberria eraikitzen ere aritu direla nabarmendu zuen. «Atzeak erakusten duenez aurreak nola dantzatu, aurrera segitu», esan eta amaitu zuen hizlariak. «Dana eman biar yako maite dan azkatasunari» Lauaxeta olerkari eta gudariaren esaera oinarri duen abestia kantatzera igo zen beste herritar bat.
Oholtza gainera, egoera politikoaren gainean aritu zen lagun bat igo zen gero. Euskal Herriak mendeetako zapalkuntzari mendeetako borrokaren bidez erantzun diola aipatu zuen, eta askatasuna ere borroka dela medio erdietsiko dela nabarmendu. «Zapalkuntza onartzen ez genuelako altxatu ginen, eta euskal herritarrak garelako borrokatzen gara», jarraitu zuen. Era berean, «gudariak bakea nahi duela, askatasuna nahi duela» eta horregatik borrokatzen dela esan zuen. Bizia eman duten gizon eta emakumeak, gudariak, «Euskal Herriaren duintasunaren eta tinkotasunaren isla» direla adierazi zuen. Independentzia eta sozialismoa lortzeko, Euskal Herriaren hitza eta erabakia errespetatzeko prozesuaren bidez, Euskal Herria are eta gertuago egongo dela aipatu zuen,eta hura maite duten guztiei «borrokarako konpromisoak indartzeko» deia egin zien.
Armak eskuan
Txaloen artean oholtzatik jaitsi ostean eta bertaratuek Euskadi Ta Askatasuna erakunde armatuaren alde oihukatzen zuten artean, armak eskuan eta aurpegiak estalita zituzten hiru lagunigo ziren oholtzara, eta ETA erakunde armatuaren izenean hitza hartu zuen batek 18. orrialdearen azpialdean irakur daiteke ETAren izenean aditzera emandakoa. «Gora eusko gudariak» oihukatu eta laster airera tiroak jaurti zituzten, hildako gudarien omenez, horietako bi lagunek.
Kanpai-hotsak txalapartaren doinuarekin nahasten ziren bitartean, polikinaka izar gorria zuen elastikoa soinean zuten 218 lagun bertaratutakoen aurrean jarri ziren; hain zuzen ere, hildako gudarien kopurua. Irrintzilariak oholtzatik gidatzen zuen bitartean, 218 lagunek makiladun ikurrinak tente jarri zituzten lurrari eutsita. Banan-banan, amaigabe ziruditen txalo artean, emozioz beterik hildako gudarien senideak hurbiltzen joan ziren, eta lore eskaintza egin zieten senideei.
Gudarien senideei, ikurrinen alboan zeudela, ohorezko agurra dantzatu zieten, bai eta Euskal Herriaren alde borrokan bizia galdu dutenei ere. Arranoa ere izan zen bertaratuen gainetik hegaka. “Eusko gudariak” abestuz amaitu zuten Aritxulegiko ekimena. Alta, asteazkenean, irailaren 27an, gudarien omenez mobilizatzeko deia eta hitzordua dago.
Euskadi Ta Askatasunak, bere agurrik beroena helarazi nahi dizue ekitaldi honetara hurbildu zareten borrokalari guztiei.Gudari Eguna ez da guretzat atzera begira geratzeko data bat. Alderantziz, bidean utzi ditugun kideen eredua gogoan eta egindako bidetik ikasiz, gaur eta biharko borrokak sendotzeko balio behar du egun honek, Euskal Herriaren askatasunaren alde norberaren konpromisoa indartzeko balio behar du. Borroka ez da iragana, oraina eta etorkizuna baizik.
Gudarien bide eredugarritik borrokan etsi gabe jarraitzeak eramango gaitu Herri aske izatera. Euskal Herriak bizi duen zapalkuntza egoerari tinkotasunez aurre egitea ezinbesteko zeregina dugu gure herriaren biziraupena bermatzeko.
Bide malkartsu horretan inork ez digu ezer oparituko, Euskal Herriaren askatasuna eskuratzeko aukera, bakoitzaren buru eta eskuetan dago. Gure eguneroko ekintzekin eraikiko dugu Euskal Herriaren independentzia.
Horixe da hain zuzen ETAk gaurkoan bidali nahi dizuen mezua: Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa lortu arte armak eskutan borrokan tinko jarraitzeko konpromisoa berresten dugu. Gerturik daukagu odola bere alde emateko! Lortuko dugu!
Gora eusko gudariak! Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista! Jo eta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte! -
Euskadi Ta Askatasuna
E.T.A.