GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Jo puntua 2006-09-24
Kirmen Uribe - Idazlea
Sirenak

Gustuko ditut hizkuntzaren bitxikeriak. Aurreko batean, erdi aspertuta nenbilela, Txomin Agirreren “Kresala” irakurtzeari ekin nion enegarrenez. Bertan, gogoratzen ez nuen xehetasun linguistiko bat aurkitu nuen. Nobelako lehen elkarrizketan, halaxe esaten du arrain saltzaile batek: «Orratio o...». Eta jarraitu egiten du hizketan. Azkenengo «o» hori deigarria egin zitzaidan segituan eta zer izango ote zen galdetu nion neure buruari. Eta beharbada akats tipografikoren bat izango zela pentsatu nuen. Baina berehalaxe konturatu nintzen oker nenbilela, liburuan aurrera egin eta fenomenoa berriro ere errepikatzen zela ikusi bainuen. Eta ez «o» bokalarekin bakarrik. «Guk u...» hasten zen esaldi bat idoro nuen halako batean, eta beste batean «bizi ixan balitx i...» ageri zen. Zer esan nahi zuten bokal horiek? Zergatik errepikatuko ote zuen Txomin Agirrek azkenengo bokal hura? Hori bai, beti-beti elkarrizketetan agertzen ziren bokalok, herri hizkera islatu nahi zuenean egileak. Geroago jakin nuen garai bateko Ondarroako euskara ekarri nahi zuela gogora Agirrek, bera txikia zenean zaharrek halaxe hitz egiten zutela, hitzaren azken bokal hura errepikatuz.

Bokalen kontu hori bitxikeria gisa gogoratu izan dut azken urteotan. Ez diot aparteko garrantzirik eman. Baina aurtengo udan beste aurkikuntza harrigarri bat egin dut liburu zahar batean. Liburua Erdi Arokoa da eta Alejandro Handiaren ibilerak kontatzen ditu. Ibilerak asko dira, bidaia asko egin baitzituen enperadoreak, eta horien artean sirenekin izan zuen enkontrua kontatzen da. Ulisesek bezala Alejandrok ere izan zuen zerikusirik sirenekin. Hala eta guztiz ere, Alejandrok, Ulisesek ez bezala, harreman ona izan zuela sirenekin. Harentzako ez ziren gaiztoak. Elkarrekin solasean egoten ziren iluntzeetan eta umore onekoak izan bide ziren sirenak. Sirenen gauzarik barregarriena, Alejandroren kronistaren arabera, honako hauxe da: tartamotelak zirela. Baina ez zuten hitzaren hasierako silaba errepikatzen, ohiko tar- tamotelak bezala, azkeneko bokala errepikatzen zuten.

Liburua eskuetatik erori zitzaidan Txomin Agirrek jasotako bokalen kontu ho-rretaz oroitu nintzenean. Gauza biak lotzen baditugu, badirudi, Alejandrok eta Ulisesek bezala, Ondarroako arrantzale zaharrek ere ezagutu zituztela sirenak. Eta haiekin mintzatzen zirela, haien hizkera kopiatzeraino. Ederra litzateke horrela balitz. -


Kirmen Uribe - Idazlea - Artikulo gehiago [..+]
 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Omenaldi beroa eusko gudariei Aritxulegin
Mundua
Los gastos militares en 2006 alcanzarán una cifra récord, más que en la Guerra Fría
Kirolak
Hondarribia evita sorpresas y se corona a lo grande
Jendartea
«Hemos sido capaces de crear un proyecto común y fuerte»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss