Jean Pierre VOISIN | Giza eskubideen Ligako lehendakaria eta ERPSko kidea
«Inmigrazio arloan jarrera gogortuko du ministroak»
Sarkozy Barne ministro frantsesak ekainaren 13az
geroztik paperik gabeko haurrak kanporatzeko zirkularra indarrean jarri du.
Hala, Estatu frantses osoan 23.000 lagun daude mehatxu horren pean. Hori
horrela, RESF (Mugarik gabeko hezkuntza sarea) sarea sortu dute kanporatzeak
oztopatzeko. Hezkuntza Saileko elkarteek sortu dute, eta hainbat elkarte dira
egitura informal horren barnean. Baionan hogei bat elkartek osatzen dute.
Hainbat elkartek osatzen dute RESF. Nola sortu duzue egitura?
Sarea berez Pauen sortu zen 2005eko azaroan. Izan ere, ikasle gazte bat paperik ez izateagatik kanporatzeko arriskuan zegoen. Hala, haren inguruan mobilizazio handi bat egin zuten. Lehen kasu horren ondotik, beste hainbat adibide izan dira, bereziki Pauen. Baionan ere sortu dugu sarea, baina, txinatar gazte baten kasu bakar bat eraman dugu aurrera.
Zer da zehazki sarea eta nola ibiltzen da. Ez al da elkartea?
Ez, informala da. Ez da batere egituratua. Elkarteak gara, eta elkarren artean sarean jartzen gara lanean. Sarea abiatu duten lehen elkarteak irakaskuntza sailekoak izan dira. Noizbehinka bilkurak egiten ditugu kasuak aztertzeko, eta beharren arabera mobilizatzen gara.
Zenbat familia erregularizatu dira eskualde honetan?
Ekainaren 13an kaleratutako zirkularrean paperak eskuratzeko baldintzak betetzen zituzten familiak erregularizatuak izanen zirela esan zuen. Horren ondorioz, paperik gabeko jende asko Prefeturetara joan zen txostenak betetzeko. Pirinio Atlantiko Departamenduan hamazazpi familiak osatu dituzte txostenak, eta horietarik lau erregularizatuak izan dira, hots, %23. Hori gertatu da Estatu frantses osoan. Pozik gaude erregularizatuak izatea lortu dutenengatik, baina, beste guztiek kezkatzen gaituzte. Orotara, Estatu frantsesean 23.000 familia daude kasu horretan. Ministroak berrikitan argi utzi du guztiak jatorriko herrialdera bidaliko zituztela.
RESFen biltzar nagusi bat egin duzue. Zer balantze egiten duzue?
Alde batetik, puntu batzuetan garaile izan garela uste dugu, ministroa bi zirkular egitera behartu baitugu. Ekainaren 13koan baldintzen arabera familiak erregularizatuak izanen zirela esan zuen. Herritarren mobilizazio indartsuak ere lortu ditugu. Gure irudiko, ministroak finkaturiko baldintzak betetzen dituzten familia asko kanporaketaren mehatxupean bizi dira egun. 2006-2007ko ikasturte osoan borroka egingo dugu hori gerta ez dadin.
Hain zuzen ere, irailaren hasierako epea eman zuen ministroak kanporaketak hasteko...
Haurrak ikastetxeetan daude, eta gure leloa hau da: “Aulki hutsik ez ikasgeletan!”. Departamenduko prefetarekin bildu gara berrikitan, eta zin egin digu ez direla ikasgeletara joanen haurren bila. Baina, hala ere, guztiak goiz ala berant herriratuko dituztela esan digu.
Kirimov familia kasu horretan dago. Ostegunean elkarretaratzea egin zenuten egoera salatzeko...
Familia horren kasuan, oinarrizko eskubideak urratzen dituzte. Hiru haur dituzte, horietako bi bigarren mailan. Hiruren artean haur batek oso maila ona du eskolan, eta hari egoteko baimena eman diote, baina, beste familiakide guztiak kanporatuak izanen dira. Familia bizitzaren eskubidea oinarrizko eskubidea da, eta hori errespetatu beharra dago. Gure xedea familia defendatzea da.
Geroari begira, zer egiteko asmoa daukazue?
Bururaino joanen garela ziur gaude, baina, ez gara baikor. Hauteskundeak heldu dira, eta ziur gaude ministroak bere jarrera gogortuko duela.
Azken finean, ekainaren 13ko zirkularraren ondorioz, erregularizatuak izatearen ametsa emanez, familia asko Prefeturetara joatea lortu dute...
Bai. Paperak ez zituzten familiak ezagutzea lortu dute. Eta, immigrazioa jasan ordez, eurek aukeraturiko immigrazioa sortu dute. Paperak emateko ez dituzte inolaz ere giza irizpideak kontuan hartzen. -
|