- Errugbia
Biarritzek eragozpenik gabe hartu du mendean Albi
·Lapurtarrek ez zuten joko handiegirik egiteko premiarik izan
BIARRITZ 20 ALBI 6
BIARRITZ
Biarritzek, beste munduko ezer egin gabe, garaipena eskuratu zuen atzo Albiren aurka, eta sailkapeneko bigarren postuan jarraituko du, oraingoz Stade Français harrapatzea ezinezkoa baita.Lapurtarrek garaipena lortzeko ez zuten inongo arazorik izan, Albik ez baitzien aparteko eragozpenik sortu. Hamargarren minutuan aurreratu ziren Yachvilik lortutako zigor-kolpe bati esker, baina hiru geroago kanpotarrek beste jaurtiketa bati esker berdindu zuten markagailua. Hortik aitzinera, lehendabiziko zatian zuri-gorriak erabat nagusitu ziren. Hogeigarren minutuan, ordea, Gaitan argentinarrak lehen entsegua egin zuen, eta Yachvilik, transformatu. Hurrengo jokaldian, ordea, partidako berririk txarrena heldu zen, Yachvilik min hartuta utzi behar izan baitzuen zelaia. Ordezkoak, Dambiellek, atsedenera joan aurretik beste zigor-kolpe bat gauzatu zuen, eta 13-3koarekin joan ziren atseden hartzera. Bigarren zatian, bazirudien zerbait egin nahian zelairatu zela kanpoko taldea, eta zigor bati esker emaitza murriztu zuen, baina berriro ere Biarritzek partidaren jabetza hartu zuen, eta ezer asko egin gabe transformatutako entsegu bat egin. 20-13koa jarri zuen markagailuan, eta horrekin partida erabakita utzi zuen, Albik inoiz ez baitzuen Lapurdiko taldea estutu. Amaieran, poza, baina kezka, Yachviliren lesioa dela-eta. Beste alde batetik, Biarritzek atzo baieztau zuen Hedley Wessel fitxatu duela. Urtebeterako etorri da, baina beste urte bat gehiago luzatzeko aukerarekin. Hegoafrikarra da, eta iazko denboraldian Aviron Baionakoan jokatu zuen.
|