- Top 14
Avironek azken postuan jarraitu beharko du
CASTRES 39 AVIRON 15
BAIONA
Avironek sailkapeneko azkeneko postuan jarraituko
du, atzo Castresen zelaian galdu baitzuen. Lehen bi minutuak bakarrik izan ziren
onak talde zuri-urdinarentzat, hortik aitzinera, dena gaizki joan baizitzaion.
Bigarren minutuan lapurtarrak aurretik jarri ziren
markagailuan Dourthek lortutako zigor-kolpe bati esker, baina berehala hasi
ziren arazoak agertzen. Lehendik, hutsune askorekin ziren euskaldunak Castresen
zelaian, min hartuta jokalari dezente baitu, eta atzo lehen hamar minutuetan
beste bi galdu zituen.
0-3koarekin, Thierryk zelaia utzi behar izan zuen min
hartuta. Bi minutu besterik ez, eta jadanik kolpatu bat zuten lapurtarrek, baina
zortzi geroago, beste atzelari batek, Berberianek, zelaia utzi behar izan zuen,
eta gauzek erabat okertzeko bidea hartu zuten.
Hala ere, Aviron ez zen kikildu, eta aurrera egin zuen.
Dena dela, hemeretzigarren minutuan transformatutako entsegu bat egin zuten
etxekoek, eta 7-3 aitzineratu ziren. Baina euskaldunen ausardiak oparia izan
zuen; Vermisek lapurtarren lehen entsegua lortu zuen, eta Dourthek transformatu
zuen. Modu horretan, Aviron 7-10 aurreratu zen. Hala ere, atsedenerako joateko
hamar minutu falta zirenean, etxekoek bigarren entsegua egin zuten, eta
transfor- matu ez bazuten ere, 12-10 nagusi ziren etxekoak.
Bigarren zatian heldu zen etxekoen beherakada. Bigarren
berrogei minutuan, Castres jaun eta jabe izan zen, eta lau entsegu egin zituen.
Avironek bat lortuta, zerbait konpontzen ahalegindu zen, baina ezinezkoa zen.
Bigarren zatian Avironek zulo asko utzi zituen
atzealdean. Aurten arazo asko ari da izaten taldea lerro horretan. Egia da
atzoko neurketan hamar minutuan bi jokalari galdu zituela, eta lehenago ere
hutsuneak bazituela lerro horretan, baina horrelako erraztasunak emanda, oso
gaitza izango da zerbait lortzea. Avironek ahalik eta azkarrena ahaztu beharko
du atzoko porrota, eta minduta dituen jokalariak berreskuratzeko ahalegin
berezia egin beharko du datorren larunbatean galtzea arriskutsua bailitzake,
bestela, asko atzeratzen has daitekeelako.
|