- Sanmateoak
Titinik gabe, ikuskizuna atzelarien baitan izango da
DONOSTIA
Adarragako kutun Titin III.a ostiralean finaletik at utzita eta aurreko koadroetako beste bi izen nagusiak, Martinez de Irujo eta Aimar Olaizola, lesionaturik, atzelarien baitan egongo da gaurko finalaren ikuskizuna. Printzipioz faboritoenen artean sartzen ez baziren ere, Xala-Pascual eta Bengoetxea VI-Patxi Ruiz dominatzailerik izan ez duen udako azken torneoan sartu dira, eta litekeena da Asegarcekoak irtetea faborito, ostiralean emandako ikuskizuna kontuan hartuta.Dena dela, lehian izango diren bi atzelariak ezerk nabarmentzen baditu, irregulartasunak egiten ditu. Patxi Ruiz eta Iñigo Pascual gaur egun kolperik onena duten bi atzelariak izango dira, baina kosta egiten zaie erregulartasuna mantentzea, eta zaila izango da Asegarcekoak ostiralean emandako maila izugarriari eustea. Aurrean, Oinatz Bengoetxea pixkanaka dagokion lekua hartzen ari da, eta oso aurrelari arriskutsua da. Baina ez dute lan erraza izango Xala eta Pascualen aurka, joko bolada bikainean baitaude. Arazo fisikoak ahaztuta, Lekuineko aurrelaria tantoa erraz amaitzen ari da.
|