GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-09-24
Liburu aurrerapena
Kasandra leihoan
Joseba Jakaren izena daramaten literatur beken irabazleetako bat izan zen iaz Fito Rodriguez. Saiakera atalean nabarmendu zen egile gasteiztarra. Hona orain Txalapartak argitaratuko duen «Kasandra leihoan» liburuaren aurrerapena. Zinemaren historiaren film klasiko eta ez hain klasikoen istorioetan murgilduz, filosofiaren oinarrizko gaiei eusten dieten bi gazteren arteko elkarrizketak ditu oinarri.

ETA gu?, noizbait irtengo al gara hemendik? Gogora dakarkit Miarritzen pasatutako egoera latz itogarria. Hura xifridura, hura!

Lasai, aurkituko dugu modua.

Guk bakarrik, ala?

Guk, gutxienez...

Nola, ordea...?

Pentsa ezazu honela: edozein tokitatik irteteko lehengo baldintza giltzapean zaudela konturatzea da eta, horren- bestez, horren berri, behintzat, badugu. Gogoratu Segoviako Ihesaz euskal filmaz.

Hara bestea!

Serio ari naiz. Areago, ene ustetan, norbaitekin zaudelarik ezin esan guztiz giltzapean zaudela.

Bada, hegazkin madarikatu honetan jende mordo bat badago eta ezin dugu hemendik mugitu...

Ados, baina zu eta biok hizketan ari gara...

Eta?

Horrela gabiltzalarik, nola edo hala, pairatu beharreko itxialdia ez dela horren bortitza.

Baina bada.

Dudarik gabe. Hala eta guztiz ere, elkarri kontatzen ari gatzaizkion filmak direla medio sortu diren ideietatik baten bat iheserako ere balekoa izango delakoan nago.

Zer diozu?

Ideien euskarria, zinemarena bezainbeste, «ametsen lehengaia» dela.

Bai, oker ez banago, Bogartek jadanik esana zuen hori John Hustonen Maltako belatza hartan.

Ideietatik datorrela edozein sorkuntza, eta ideiak guk eduki dugun truke honen modukoetan sortzen direla. Beraz, irteteko premia dugula sentitzeaz gain, irten ahal izateko ideiak sortzeko giroan gaude.

Lasai egon! Ez didazu horretaz ezer esan behar. Konbentzitzen banauzu ere, gure arazoa ez dago hizkuntzan, errealitatean baizik, eta ez dizut ezer onartuko hemendik irteteko bidea erakutsi arte.

Lasai nago, ez kezkatu!

Ez nago zurekin kezkaturik, egoerarekin baizik.

Zu eta biok urduritzen ari garela iruditzen zait. Eta joera honi guztiz antzua deritzot. Utzi egidazu gauza bat azaltzen...

Beste ikasgairen bat agertu nahi al duzu ni ilustratzeko?

Beste aukera bat ere badugu. Isiltzea.

Hitz egidazu, faborez...

Aditu, bizitzan ez da beti zerbait gertatzen. Aitzitik, gizabanakoaren eta historiaren jarioan badaude zenbait aldi zeinetan etengabeko errepikapena nagusitzen den. Beste batzuetan, aldiz, etena agertzen da, eta ohiko errepikapena beharrean, erabateko berrikuntza dator. Aldez aurretik inola ere antzeman ezina izaten dena, gainera. Beraz, gu gauden moduan, askotan esperoan egon behar bada ere, egoera bat hausten duten aldaketak etortzen dira beti.

Ba ni, egonean, zeharo asperturik naukazu.

Horrela omen zegoen Proust bere Denbora galduaren bila idazten hasi zenean...

Horra beste bost ogerlekoko aipamen bat. Zein da Proust, baina?

Frantziako idazle bat. Egun, oso ezaguna izateaz gain, frantses literatura berritu zuen eta, horrekin batera, idazkera duintzeko gai izan zen. Izan ere, harentzat, idaztea ez zen inoiz izan bere bizitzari buruzko oroimenak eta sentimenduak paperean jartzea soilik, gogoeta biderako funtsezko balia- bidea baizik. Hau da, bizitza aztertzeko metodoa...

Eta aspertuta zegoelako hasi zen idazten?

Esperoan zegoela.

(...)

Eta esperoan jarraitu zuen berea idatzi ondoren, zeren ez omen zion inork ezer argitaratu nahi.

Eta nola famatu zen, orduan?

Ez du ospe handirik, zuk, behinik behin, orain arte haren berririk ez zeneukan eta.

Baina ni ez naiz inor!

Norbait bazara!

Noski, baina askotan esana dizut zuk ezagutzen dituzun izen eta erreferentzia gehienak nik ez ditudala inoiz aditu.

Proust bera ez luke inork ezagutuko haren izkribuak plazaratu ezean. Arazoa da, eta hel diezaiogun horrela berriro hariari, bere garaian Gallimard argitaletxeak uko egin ziola haren lanak kaleratzeari eta gaur, berriz, damututa edo, esaten dute ez luketela halako errakuntzarik egingo.

Jakina, egun ospetsua bada, zer esango dute haiek?

Honekin, beraz, zera adierazi nahi dizut: bere garaian ustezko literatur adituak ezin izan zirela Prousten berrikuntzaz ohartu ere egin. Eta, ildo beretik, gaur egun ere, kontrakoa esan arren, gauza berbera egingo luketela, hau da, ez liratekeela konturatuko eta, ondorioz, ez luketela argitaratuko.

Litekeena da...

Edozein modutara ere, ez dizut hau esan aurreko horregatik bakarrik, baizik eta, Prousten idazkiak kaleratu gabe, haren ekarpena ez zatekeelako inoiz ezaguna izango eta, beraz, idazkerari hark ekarri zion berrikuntzaz ezin izango ginatekeen jabetu ere egin.

Bistan da.

Hau da, hausturak suertatu arte, haien esanahiak hautematea ezinezkoa da.

Jakina...

Esperoan, bada, berrikuntzei ezin zaie erreparatu, eta so egitea da, beraz, halakoetan eduki behar den funtsezko jarrera.

Oraingo honetan guk eduki behar duguna, alegia... -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Omenaldi beroa eusko gudariei Aritxulegin
Mundua
Los gastos militares en 2006 alcanzarán una cifra récord, más que en la Guerra Fría
Kirolak
Hondarribia evita sorpresas y se corona a lo grande
Jendartea
«Hemos sido capaces de crear un proyecto común y fuerte»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss