IZURA
Amorotze-Zokotzen dagoen Ospitalia etxean Guanes Etxegaraiak bere etxea eta lantokia ditu, eta, aldi berean, hainbat adierazpen artistikotako lantegiak antolatzen dituzte. Colette Dubuc artista ezagunak hiru margolan eraman ditu erakusketara. Tamaina handikoak dira eta zuri, beltz eta gris koloreak dituzte. Paisaiaren moduko irudi abstraktuak ager- tzen dituzte hiru obrek.
Dubuc margolari eta eskultorearen babesean, beste hainbat artistak tokia dute Izurako erakusketan. Piarres Erdozaintzik bi lan aurkezten ditu erakusketan. «Ez dira berri-berriak, heldu den urteko erakusketa bat prestatzen ari bainaiz orain», adierazi zuen zizelkariak. Jean Pierre Aubert zizelkariak neurri handiko eta oso koloretsua den lan ikusgarri bat eraman du Izurara. Eta horrekin batera, zuri eta beltzean zurez egindako margo txiki batzuk ere aurkeztu ditu.
Marie-Helene Etxebarria kanbotarrak artelan bereziak egin ditu. Bere lanetan jendea elkartua agertzen da, eta honakoa azaldu zuen hari buruz Erdozaintzik: «Etxebarriaren lanean Harriarkaren desmartxa ere baden elkartasuna agertzen da; hemen artista baten inguruan geroari buruz gauzak egin daitezen adierazten du». Sista Lea artista gazteak arte garaikidearen erakusle ezin hobeak diren collage batzuk aurkeztu ditu. Bestalde, Chatal Allaisek akuarela koloretsu abstraktu eta figuratiboen eskeintza egin dio erakusketari.
Guanes Etxegarai Harriarka elkartearen sortzaileak material anitzekin eginiko egiturak ezarri ditu erakusketan. Artistak material erabiliak arte bilakatzen ditu. «Gizadiaren aztarnak dituzten materialekin lan egitea maite dut. Alde batera utzi eta botatzen diren materialek, nire ustez, gizakiaren lanaren aztarna gordetzen dute».
Etxebarriak hainbat lehengai erabiltzen ditu bere lanerako: «Harria, egurra eta metala erabiltzen ditut, batez ere; nire ustez, horiek baitira lurrak gizakiari ematen dizkion oinarrizko materialak».
Ines Machado kantari eta konpositore portugaldarraren sostengua ere izango du Izurako Harriarka elkarteak. Aurtengo berezitasunetako bat hori izango da, arte erakusketak irauten duen bitartean kantariaren musika entzun ahal izango baita.