Floren Aoiz
Eraikitzen gaude!
Berriki inauguratutako “Navarra: un futuro entre todos” erakusketaren web orrian, hiru hizkuntza aukera ematen dituen menu-sarrera dago. Bat euskara da, baina «sartu» klikatu eta izenburu hartu dudan leloa agertzen da: eraikitzen gaude. Zer, baina? Nafarroa eraikitzen ari dira? Navarra eraikita omen dago, «entrar» markatuz gero izugarrizko interfaza zabaltzen baita. Beharbada milioika euro gastatu duten arren ezin izan dute orria euskaratu. Navarreroek «denon artean» esaten dutenean zertaz ari diren bagenekien, baina euskarari eman dioten trataera oso argigarria da. Harritu baino, onartu beharko nuke errua, ziurrenik, nirea dela. Non eta Victor Manuel Arbeloak zuzendutako erakusketa baten webgunean sartu! Hori bai ergelkeria! Gainera, ene eromena ez da hor gelditzen. Behin baino gehiagotan aitortu dut Del Burgoren liburu pilo bat irakurri dudala, eta, zinez, uste dut sariren bat mereziko lukeela ene sakrifizioak, baina tira, harira itzuliz, kontua da Baluartera joan nintzela, hau da, erakusketa bera ikustera, lagun batekin, eta, benetan, zirraragarria izan zen. Oso muntaia garestia da, baina ez da sarrerarik ordaindu behar mementoan esan nahi dut, ordaindu ederki ordaintzen baititugu halakoak. Bisita gidatua zen, erdara hutsean, eta sartu bezain laster erakusten dizuten lehenbizikoa Foru Hobekuntzaren testu zati bat da. Horrek etxera itzultzeko gogoa pizten dizu, baina segitzen duzu, izugarrizko espektakulua kausitzeko. Argazkiak, bideoak, atlas erraldoia, musika. Hobe da gidariari kasu gehiegi ez egitea: ni bizi naizen Nafarroaz ez du hitz egiten, bederen. Dena xarmangarria da, pentsa ezazue: «como Navarra es bilingüe, los niños aprenden euskera desde pequeños». Bitxia da, garapen orekatuaren propaganda egiten dute eta porlana dago toki guztietan, autobideak, Nafarroa- ko ubidea, Itoitz... Baina harrigarriena da ikusten ez dena. Ez dago langilerik, ez dago gatazkarik, ez dago borrokarik, ez ideia ezberdinik. Dantzariak agertzen dira bideotan baina ez Barcinak pertsegitzen duen Olentzero. Errealitatetik kanpoko bidaia batean zaudela ondorioztatzen duzu. Mundu birtualean foru instituzioak miresgarriak dira eta Nafarroa aurrerapen teknologikoaren paradisua. Horiek dira Nafarroaren etorkizuna denon artean eraikitzea nahi dutenak? Bai to! -
|