Hegaztien mundu Eguna
Nola maita eta babestu daiteke ezagutzen ez dena?
Hegaztien Mundu Egunean hainbat ekimen antolatu dituzte animalia horien gaineko ezagutza zabaltzeko. Adituen esanetan, gazte eta helduek ezezagun dituzte espezierik gehienak, eta premiazko jotzen dute horri erremedioa jartzeko lan egitea. Gainerakoan, nola lortu haiek babesteko gizartea inplikatzea?
Ez daude ospakizun handietarako goiko alde horietan, urteko lanaldi gogorrenari buru-belarri heldua baitiote gehienek; migrazio aldiari, hain justu. Baina urteroko hitzorduak ez du huts egin, eta beste behin ere Hegaztien Mundu Eguna ospatuko dute bihar.Lurrazaletik zerura erreparatzeko tartea hartzen duten horiek dira egun hauetan zorioneko, hegaldi elegante eta zoragarriak ikusteko parada baita. Akaso, aste honetan, mundu egunaren harira antolatu dituzten hegazti begiztatzeak direla-eta, animaliok ikusi eta hobeto ezagutzeko aukera eman diete askori. Urtearen buruan ere makina bat aukera izaten da horretarako, batez ere, batean eta bestean dauden zentroetan. Irungo Plaiaundin esaterako, iaz 13.200 lagunetik gora jaso zituzten. Bisitaririk gehienak taldean doazte eta ikasleak izan ohi dira. Euren bisita gidatuen bitartez hegaztiez gehiago jakin dezaten saiatzen dira. Lan horretan jarduten du Leire Betetak. Egungo haurrek hegaztien gainean duten ezagutzaz galdetuta, denetarik dagoela zehaztu badu ere, oro har nahikoa baxua dela nabarmendu du. «Gehienak ez dira natura inguruetan ibiltzen, eta ez dute oro har hemengo animalien ezagutza handirik. Telebistan ikusten dituzten beste herrialde batzuetako espezie ikusgarriagoak ezagutzen dituzte», azaldu du.
Hiriko Usoak ezagun
Hirian batera eta bestera ibiltzen diren usoak dira, Betetak azaldu duenez, gazteek gehien ezagutzen dituzten hegaztiak. «Haurrek naturarekin kontaktua galdu dute, eta hona etortzen direnean, espezierik arruntenarekin ere harrituta geratzen dira», esan du, salbuespenak badirela zehaztu badu ere. «Baserri inguruan edo landa inguruetan bizi diren haurrek ezagutza handiagoa dute, eta zenbait espezie ezagutzen dituzte». Txantxangorriak, duten berezitasunagatik, zozoak, ahateak eta beleak dira, Betetaren esanetan, ezagunenak. Helduagoetan, Plaiundira bertaratzen direnek dagoeneko interesa badutela uste du Betetak. «Barrura sartu gabe inguru hauetan ibiltzen den jendeari ere interesa pizten zaio; hasiera batean egiten ez bazuen ere, prismatikoak hartuta etortzen da maiz», azaldu du. Izan ere, Betetaren esanetan, Plaiaundin duten abantailarik handiena txoriekin duten gertutasuna da. «Hegazti hauek haurrei erakusten saiatzen gara, bere ezaugarri eta bitxikeriak azaltzen... Nolabait hemengo hegaztiekiko interesa pizten saiatzen gara», adierazi du. Interes hori, gainera, ezinbestekoa da arriskuan dauden espezieei lagundu ahal izateko. Hori dio Gurelur elkarteko Antoni Murillak. «Hegaztiak galtzearen erantzukizuna ez da herritarrena; agintariak dira beren erabakiekin sarraskia egiten ari direnak. Herritarrek gertaerotan protesta egin behar dute, baina ez da horrelakorik egiten», azaldu du. Haren esanetan, pasibotasun horren atzean ezjakintasuna dago. «Oro har, naturaren gainean eta zehatzago hegaztien gainean dagoen ezagutza baxua da, bai gaztetxoen artean bai eta helduen artean ere». Murillak adierazi duenez, oinarrizkoa da ingurumen ezagutza ona izatea «soilik horrela lortuko baita gizartea inplikatzea». Hori hala, Argedasko migrazio zentroan hainbat ekimen egiten dituzte. «Fitxa eta material didaktikoa duen erakusketa bat dugu eta hegaztiak zuzenean ikusteko aukera ere ematen dugu», azaldu du. Hegaztien gaineko interes bizia duenetakoa da Ramon Elosegi. Eta interes horrek eraman du Ornitologia Elkarte espainoleko Gipuzkoako ordezkari izatera. Egun hauetan “Libro Rojo de las Aves” lana aurkezten dabil buru-belarri. Txostenean, hainbat hegazti espezie kontserbatzeko irizpideak zehazten ditu, eta biodibertsitatearen galera saihesteko tresnak proposatu.
Galtzeko arriskuan
Elosegiren esanetan, biodibertsitatea zaintzeko, hegaztiak zaintzea ezinbestekoa da. «Hegaztiak babestuz gero, beheko mailetan dauden animalia guztiak babestuko dira», jakinarazi du. Gainera, Europar Batasuneko estatuek 2010. urterako biodebertsitatearen galera hutsean kokatu behar dutela promes egin behar zutela gogorarazi du Elosegik. Galtzeko arriskuan dauden hegaztiei dagokienez, inguru honetan nabarmentzekoak lau espezie dira, haren esanetan. Ugatza da horietako bat. «Hemen ez dira ugaltzen; Pirinio aldetik etortzen dira Aralarrera eta Aizkorrira, baina bikotekideak ez dira hemen bizitzen geratzen», azaldu du. Alde horretatik, honakoa gaineratu du: «Ugatz deitzen zaie, eta animalia bat izenez ezagutzea ez da batere seinale ona». Ondo babestu beharreko beste hegazti bat eper-arranoa da. «Elikagai faltagatik gutxitu da espezie hau. Bere izenak dioen moduan, eperrak jaten ditu hegazti horrek, baina horiek gutxitu direnez gero, zer janik ez dute. Untxiak ere jaten dituzte, baina orain urte batzuk untxien gaixotasuna izan zenean, jan iturri hori ere galdu zuten», argitu du. Hala ere, Elosegik zehaztu du orain errekuperazio bidean dela. Aipatu hegaztiez gain, Elosegik beste bi txori sailkatu ditu galtzeko arriskuan daudenen artean: txarlatazalea eta benarriza. Lehenaren gainean dio ez dela apenas ikusten, baina entzun entzun izan da, «kantu oso berezia» baitu. Hegaztien etsairik handiena euren ekosistema suntsitzea dela adierazi du eta, beraz, horiek zaintzea ezinbestekoa dela nabarmendu du. Baina badira, Elosegiren esanetan, hegaztiak kaltetzen dituzten eta hark ekidin behar dituen beste elementu batzuk. «Gaur egun dauden elektrizitate lineak oso arriskutsuak dira; hegaztiak bertan gelditu eta hiltzen dira. Bada, ordea, elektrizitatea garraiatzeko beste linea mota bat, eta horrek ez du horrelakorik eragiten», azaldu du. Era berean, babestutako hegaztiak dauden eremuetan errepiderik bada, haietan abiadura mugatzea ere proposatzen du Elosuak. Animalia asko akabatzeko erabiltzen den pozoiak ere zeharka hegazti sarraskijaleei eragiten die. «Putreak pozoitutako animaliaren bat janda hiltzen dira. Horiek ekiditeko pozoia beharrean beste metodoren bat erabiltzea-edo proposatzen dugu». Oro har, ordea, hegaztiak zaindu bai baina bake-bakean
uztea da eman daitekeen kontseilurik egokiena. -
Sanzen Gobernuaren jarrera gaitzetsi du Gurelurrek
Gurelur elkarteak Nafarroako Ingurumen Departamentuko politikarien jarrera salatu du hegazti ugariren «ezabaketa ilegala» baimentzen duelako. Elkarte horren arabera, azken lau urteetan izugarri hazi dira hainbat espezie harrapatzeko baimenak, tartean babestutako ugari. Horiek hala, Gurelurrek Ingurumen Departamentuaren ordezkarien aurkako salaketak aurkezteko asmoa du eta, alde horretatik, datorren astean kanpaina bat abiaraziko du.
Hegaztiak ezagutzeko aukera mordoa nonahi
Urte guztian bada hegaztien mundua ezagutzeko aukera anitz; naturak berak ematen du ikasgairik eraginkorrena, baina gainerakoan bada hezeguneetako zentroetara bertaratu eta hegaztiez dugun ezagutza aberasteko aukera. Plaiaundiko eta Urdaibaiko parkeek modu bateratuan antolatu dituzte biharko ekintzak. Urdaibain, migrazio garaian dauden ur hegaztiak ezagutzeko gidatutako bisita antolatu dute. Era berean, eraztunak jartzeko zentrora bisita egingo dute migratzen ari diren hegaztiak nola ikertzen dituzten ezagutzeko. Ekintza horietan parte hartzeko beharrezkoa da Urdaibaiko Patronatuan izena ematea. Txangoak Txingudin, bestalde, mugarik gabeko jarduera kopuru antolatu dute: lantegiak, hegaztien eraztunketa-praktikak, identifikazio jolasak, hegaztiak behatzeko irtenaldiak, ikus-entzunezko proiekzioak eta maratoi ornitologiko bat, besteren artean. Izate ingurumen elkarteak txango ornitologiko bat antolatu du ingurumena interpretatzeko Peńas Negrasko zentrora. Era berean, Triano eta Galdameseko mendietako hegaztien gaineko erakusketa bat ikusteko aukera izango da. Hitzordua interpretazio zentroaren aparkalekuan egin dute 9.00etan. Gurelurrek Argedasen duen zentroan eguneroko ekintzak mantenduko dituzte. Hala, bertan dagoen erakusketa eta hegaztiak zuzenean ikusteko aukera izango da.
|