Lasarte-Oriako Udalari «erraustearen aurkako jarrera garbia» eskatu diote
Lasarte-Oriako Udalak esana du errausteko planta Zubietan jartzearen kontra dagoela, nahiz eta orain arte proposatu dituzten beste kokalekuak begi onez ikusi dituen. Lasarte-Oria Bizirik taldeak mezu garbia bidali dio Udalari: errausteko planta Zubietan jartzearen kontra agertzeko ez ezik, errauste-sistemaren beraren aurka agertzeko eskatu dio. Modu berean, zaborraren arazoari irtenbidea emateko beste bideak bultza ditzala ere eskatu dio.
LASARTE-ORIA
Aldundiak eta mankomunitateek Landarbasoko bi kokaguneak baztertu ondoren, begi guztiak Zubietan daude jarriak; ez espresuki Donostiako Udalak proposatutako Abalotz gunean, baina bai Zubietako Gainak deiturikoan, bestearen ondo-ondoan. Horiek hala, Lasarte-Oria Bizirik taldeak prentsaurrekoa eman zuen atzo, herritik bertan eraiki nahi duten plantaren inguruan hausnarketa egiteko.Salatu zuenez, planta «hain ona omen den» Zubietako Gainetan jartzeak «hiriguneekiko hurbiltasun legeak dioena hausten du», ez baita betetzen legeak eskatzen duen gutxieneko bi kilometroko tartea. Aldundiak dagoeneko esana du horren gainean «kasu honetan ez duela axolarik». Hartara, «bigarren mailako herritarrak» ote diren galdetu zuten aipatu taldeko kideek. Gainera, oso larritzat jo zuten Landaberri ikastola bertan egotea. «Utziko ote ditugu gure seme-alabak, biztanle indargabeenak, ikasten diharduten bitartean pozoitzen?», galdetu zuten. Realeko futbol zelaia ere Zubietako Gainak gunearen ondoan dago eta hori ere desegokitzat jo zuen Lasarte-Oria Bizirik taldeak.
Udalari mezu garbia
Lasarte-Oriako Udalari mezu garbia bidali zion errausketaren aurkako taldeak. Izan ere, Urtxuegiaren gobernu taldea errauste-planta Zubietan jartzearen kontra agertu da, nahiz eta orain arteko kokagune posible guztiak txalotu dituen. Horiek hala, «erraustearen aurkako jarrera garbia» har dezala eskatu zioten eta «herritarren osasuna eta ingurugiro osasungarri batean bizitzeko eskubidea» defenda dezala. Herriaren inguruan errausteko planta eraikitzeko erabakiari «aurrez aurre» kontra egiteko eta herritarrek iritzia eman dezaten erreferendumera deitzeko ere eskatu zioten.Lasarte-Oria Bizirik-ek berretsi egin zuen erraustearen aurka dagoela eta zabor arazoari konponbidea emateko modu bakarra «murriztea, berriz erabiltzea eta birziklatzea» dela esan zuen. Udalari bide horiei eusteko eta «ingurumenari buruzko heziketara eta kontzientziaziora» bideratutako aurrekontua zabaltzeko eskatu zion.
Bozeramaileen batzordea
DONOSTIA Donostiako alkate Odon Elortzak atzo jakinarazi zuenez, datorren hilaren 18an izango da bozeramaileen batzorde berezia, eta, bertan, errausteko planta Zubietan jartzearen aukera hausnartuko dute udal ordezkariek. Aldundiak eta mankomunitateek mahai gainean jarritako kokalekuaren egokitasuna aztertu ondoren, elkarrekin ikerketa bat abiatu edo ez erabakiko dute. Elortzak dagoeneko adierazi du bere taldeak baiezkoa emango diola Aldundiaren eta mankomunitateen proposamenari, eta aipatu bilera «normal» joatea espero duela gaineratu zuen.
|