AHT Gelditu!-k Legutianoko manifestaziora deitu du
·Itsasondoko herriak parte-hartzean oinarrituta abiatu duen prozesua «eredugarria» dela iritzi dio taldeak
DONOSTIA
AHT Gelditu! Elkarlanean plataformak txalotu egin du aste honetan bertan Itsasondoko Udalak hartutako erabakia. Horren arabera, herritarrak informatzeko parte-hartzean oinarritutako prozesua abiatuko du eta datorren abenduaren 3an herri galdeketa bat izango da. Plataformaren ustez, orain arte Lakuako, Nafarroako eta Madrilgo gobernuek ez dute bete herritarrak informatzeko duten ardura, eta «inposaketa, nagusikeria eta larderia» izan dira nagusi beren jarreran. Hartara, Itsasondoko herriak abiatu duen ekimena «eredugarria» dela uste du aipatu taldeak. Urbinako herri galdeketa gogoratu du modu berean, eta Itsasondokoa ez dela azkena izango iritzi dio, «herriak hitza eman nahi duenez, ez baitago gelditzerik».
Horrez gain, eta «obrak hasteko arriskua dela-eta», mobilizazioek duten garrantzia nabarmendu du, eta bihar, igandea, Legutianon izango den manifestaziorako deia zabaldu du. «Herriari entzun! AHT Gelditu. Respetad la decisión popular» lelopean izango den protesta 12.00etan abiatuko da Legutianoko plazatik. Modu berean, 15.30ean izango den batzarrean parte hartzeko deia ere egin du AHT! Gelditu Elkarlanak.
|