GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Ekonomia 2006-10-07
Aitziber MADRAZO | LABeko Euskara Idazkaritzaren arduraduna
«Hitzarmenak lan mundua euskalduntzeko plan estrategikoa sustatzeko urrats bat izan behar du»
Ekimen positiboa da, baina plan estrategiko bat sustatzeko urrats bat izan behar du. Horrela ikusten du Aitziber Madrazo LABeko Euskara arduradunak Lakuako Gobernuak, sindikatuek eta enpresa-elkarteek euskara lan munduan bultzatzeko sinatutako hitzarmena. Sinadura horiek irudi hutsean ez geratzeko konpromisoa behar dela nabarmendu du Madrazok.

Sindikatuek eta enpresa-elkarteek Lakuako Administrazioarekin lan munduan euskara bultzatzeko hitzarmen bana sinatu dute azken egunotan. Hitzarmenak ohikoa ez den lau sindikatu nagusien adostasunaren irudia ekarri du. LABen arabera, hitzarmena ekimen positiboa da, baina urrats bat izan behar du plan estrategiko bat sustatzeko. Aitziber Madrazo LABeko Euskara Idazkaritzako arduradunak gabeziak, aintzat hartzeko elementuak eta eskaini ditzakeen aukerak antzematen dizkio sinatutako hitzarmen horri.

­Sindikatu guztiak lan mundua euskalduntzeko urratsak egitean ados egoteko irudia baino gehiago izango ote da?

Lau sindikatuak agertzea urrats garrantzitsua da, orain arte adostasun hori egon ez delako. Lauron artean ezberdintasun sakonak daude eta ez bakarrik euskarari dagokionez, batez ere kokatzen da lan harremanetarako euskal esparrua eta euskal gune sozioekonomikoa aldarrikatzen dugunean, zer ulertzen dugun eta zer jarduera dugun. Pozgarria da beste kasuetan izaten ez den adostasuna kasu honetan izatea, hain zuzen ere, euskara sustatzeko. Euskararen alde guk ez dugu inolako oztoporik jarriko inoiz elkarlana burutzeko. Irudi hau ikusteak euskal langileengan eragin positiboa izango du. Tamalez beste esparruetan ez daude baldintzak ezberdintasun horiek gainditzeko. Noski, irudia baino askoz gehiago izan behar du, euskara sustatzeko konpromisoa. Hori da aintzat hartzeko ikusten dugun lehenengo elementua.

­Zeintzuk dira besteak?

Patronala agertzea. Patronala sekula ez da agertu euskararen aldeko ekimen bat sustatzeko eta are gutxiago planak. Hirugarrena, Administrazioa bera. Orain arte sekula ez du enpresetara eraman ekimenen bultzatze zuzena bera parte dela. Diru-laguntzak bideratu ditu, jardunaldiak antolatu ditu, baina zuzen esatea Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetara eramango dituztela planak eta horretarako programa bat osatzea urrats berria da. Ikusiko dugu zertan gelditzen den.

­Zer konpromiso eskatzen dio hitzarmenak alde bakoitzari?

Enpresari dagokio konpromisorik handiena, dena bere esku dagoelako azken finean. Argazkia ez da irudia bakarrik izango baldin eta konpromiso bilakatzen bada.

­Gabeziak ere antzematen dizkiozue?

Ekimen hau modu deslotu batean kokatzen da. Ekimen hau sortzen da, baina ez dago aurretiko plan estrategiko bat lan mundua euskalduntzeko. Hori da gabezi estrukturala. Ekimen positiboa da, baina bakartua. Eta plan estrategikoa da diagnostiko bat, epeak, ekimenak, ebaluazioak...Euskara plana duten enpresak 140 badira, horrek eman diezaguke egoeraren ideia, enpresak milaka dira-eta. Beraz, plan estrategikorik gabe, ekimen hau oso handinahia da, baina urrats txiki bat da. Jarraipena izan dezake edo horretan gera daiteke. Bestalde, ez dago zeharkakotasun irizpidea.

­Zer esan nahi duzu?

Hizkuntza politikaren ekimena da, baina ez dakigu noraino inplikatzen duen Lan Saila, Industria Saila edo Hezkuntza Saila ­Lanbide Heziketa den heinean­. Guztiak agertu ziren aurkezpenean, baina ez dute esan nola moldatuko dituzten beren jarduerak. Ez dago txarto, baina sinbolikoa geratu zen. Beste gabezia estrukturala da ez dela euskalgintzaren aurretiko lana behar bezala aintzakotzat hartzen, nahiz eta lan horretan oinarritu duten ekimena. Orain arte egin dena euskalgintzak egindako lanari, sindikatu bakar batzuk egindako lanari eta enpresari boluntarista batzuei esker izan da.

­Sinatzaileen borondatea nabarmentzen da hitzarmenean. Nahikoa al da borondatea?

Ez da lan munduaren euskalduntzea behartzat hartzen. Plana burutzea ala ez aukerazkoa da, horrek dakarren arriskuarekin. 1.800 enpresa bisitatu dira, baina ez dago modurik neurtzeko zenbatek egingo duten horren alde. Haien esku geratuko da. Konpromiso indibidualak planteatzen dira, baina ez kolektiboak. Argazki hartan enpresarien elkarteak agertzen ziren, baina gero enpresaz enpresa hartuko dira erabakiak borondatearen arabera.

­Lurraldetasuna ahazten duela ere aipatu duzue.

Ez du konpromisorik hartzen Euskal Herriko lurraldeekiko. Ekimena EAEn dago kokaturik, baina gaur egun une politikoa ikusita eta euskarak izan beharko luken tratamenduari begira, zirrikituak ireki beharko lirateke, eta horretaz ez du ezer aipatzen. Posible zen akordioen bitartez, agian ez beste lurraldeetako administrazioekin, EAEtik haratago iristea, Nafarroan edo Iparraldean egon daitezkeen enpresei aukerak ere ematea, akordioen bidez. Hain zuzen, hori da euskalgintza, Kontseilua, «Bai Euskarari» konpromisoaren inguruan sustatzen ibili dena. Orain gutxi burutu da kanpaina bat Euskal Herri osoan hori bultzatzeko.

­Zer egin daiteke orduan?

Plan estrategiko bat egin daiteke konpromisoetan oinarrituta, konpromisoak jadanik existitzen direlako, edo konpromisoak susta daitezke plan estrategikoa egiteko. Plan estrategiko bat aurrera eramateko borondate politikoa nahikoa da eta hori orain arte ez da existitu. Irudi hau konpromiso bilakatu balitz eragile guztien aldetik eta Administrazioak dagokion aitzindaritza hartuko balu, hau izan liteke urrats bat behar den plan estrategiko hori burutzeko eta behar den konpromisoa sustatzeko. 1.800 enpresatara joatea, ekimena aurkeztea eta animatzeak teorian aldekotasuna sortu beharko luke. Guk ez dugu esperantzarik galtzen. Plan estrategikorik ezean, izan dadila lehen urratsa epe motzean konpromiso hori batzeko eta plan estrategikoa burutzeko.

­Orduan hitzarmena honetatik hasita urrun irits daiteke?

Ikuspegi horrekin lan egin beharko litzateke. Ekimen horrek denbora bat du. Urtarrilera bitartean lehen fasea burutuko da. Fase horretan jarraipen batzordeak antolatzen dira. Denbora horretan lan egin beharko litzateke planteatzen dugun ikuspegiarekin, Euskal Herri osoko lan mundua euskalduntzeko. Gero negoziagarriak dira epeak, eta toki bakoitzeko denborak, egoera oso ezberdinak direlako, baina helburu berera ailegatzeko guztiok egin beharko genuke ibilbide ezberdinak. Eta helburua litzateke euskararen normalizazioa bermatzea lan munduan eta gizarte osoan.

­Horretarako, euskalgintzarekin dagoen elkarlana aintzat hartu beharko du Administrazioak.

Ezinezkoa litzateke euskalgintzak orain arte egindako lana aintzat hartu gabe, ikuspegi nazionalarekin lan egiteko, eta ez soilik EAEn. Nahitaez artikulatu behar da elkarlan bat hizkuntza politika sailburuordetzaren eta euskalgintzaren artean. Bestela disfuntzioak sortuko dira. LABek hitzarmen hau sinatu du, baina askoz estrategikoagoa den akordio soziopolitikoa dugu sinatuta Kontseiluarekin eta beste sindikatu eta indar politikoekin.

­Baina Administrazioak ere bere eginbeharra izango du.

Administrazioak hizkuntza politika eraginkorragoa egingo luketen neurriak planteatu behar ditu. Eta horiek ez dira etorriko gaur egun legediarekin. Esparru pribatuan eragiteko ahalmenik ez du eta esparru publikoan 25 urtetan badakigu zer egin duten. Behar dira esparru pribatuan zein publikoan benetan eraginkorrak izango diren neurriak. Nahitaez arautze bideari ekin beharko lioke. Ikusi dugu borondateak nora eraman gaituen. Bada garaia Euskal Herri osorako izan behar zen hizkuntza politika egiteko legedia egiteko.

­Arautzea aipatzen denean agertzen da «inposizioaren» mamua.

Borondatea ez dugu ukatzen. Baina borondatearekin batera joan behar da arautzen eta oinarrizkoak diren urratsak egiten. Borondateak sustatzeko neurriak hartu behar dira eta neurriekin batera baita betebeharrak ere. Bien bitartean badago inposizioa: gaztelaniaren legedi guztia de facto existitzen da. Euskarak dagokion hizkuntza ofizialaren egoera lortzeko ez dugu beste biderik ikusten.

­Arauak ez ezik, dirua ere beharko da.

Haiek esaten dute diru arazorik ez dagoela. Oso logikoa da, plana duten enpresak 140 badira eta askotan planak burutzera ere ez badira ailegatzen. Demagun 1.800 enpresatik 300ek esaten dutela baietz, ea noiz hasten den benetan diru arazoa. Plan estrategiko batek eduki behar du aurrekontua, hau bezalako ekimenean erraza da esatea dirua duzula. Eta ez da dirua jasotzea bakarrik, enpresek inbertitu ere egin beharko dute. Dena den, Administrazioa «saltzaile» txarra da, bere etxean ere gauzak dituen bezala dituelako. Osakidetzan, 25 urte pasata, plan bat jartzen da orain eta izugarrizko gabeziak ditu. Beren planteamenduei begira Osakidetza euskalduntzea ez dakit ezagutuko dugun eta enpresetara ekimena eramaten duena Administrazio hori da.

­Zer da hitzarmenean dagoen Lanhitz programa?

Tresna bat da, besterik ez, enpresei eskaintzen zaiena. Ez da gauza berria, oinarri bezala hartu da orain arte egiten ari dena, euskalgintzatik etorri den metodologiaren garapena. Hori sistematizatu dute programa horretan. Enpresa bakoitzak nahi duena egin dezake tresna horrekin eta bere egoerara molda dezake. Ez dira tresna hau eta plana nahastu behar.

­Hitzarmena sinatu eta egun gutxira Lakuak euskararen erabileraren ziurtagiria sortu du. Kontseilutik kritikak jaso ditu, dagoeneko bere esperientzia kontuan hartu ez delako.

Ziurtagiri bat kalitate parametroetan kokatuta, hau da, enpresen erantzukizun soziala, inguruari edo emakumearen berdintasunari lotuta dagoen bezala, konpromiso bat da. Eta konpromiso hori da enpresak duen erantzukizun soziala hizkuntzaren normalkuntzan eta bere kalitate parametroetan sartuta. Hori aspaldiko aldarrikapena da, baina orain arte ez dute bideratu. Bien bitartean, Kontseiluak bere ziurtagiria bultzatu du, konpromisoan sustatua. Horrelako agiria behar da, baina jadanik dagoenarekin lotu behar da eta hortik abiatu beharko litzateke edozein planteamendu. Prozedurak euskalgintzarekin harremanik ez izatea ez da egokia, eta oso arriskutsua hori guztia alboratzea. Egiten ari den hau nahitaez lotu behar da aurretik egin diren ekimenekin eta dagoen ziurtagiriarekin. Euskal Herri osoan balio duen agiria behar da, EGA bezala. Zergatik ez enpresetan?Ezin duguna da horrelako agiri bat kudeatu Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik. Esparru hori irekita utzi behar da Nafarroako eta Iparraldeko enpresetarako. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
La demagogia pro nuclear y Garoña
Euskal Herria
Iñaki De Juana, trasladado al Hospital 12 de Octubre en el día 61 de su protesta
Euskal Herria
El tripartito se limita a ratificar sus posiciones sobre los presos
Euskal Herria
Electos de diferente signo animan juntos a suscribir la demanda de Batera
Mundua
Ultimo desfile oficial del Regimiento Real Irlandés
Jendartea
Reclaman en Bilbo «Derechos para todos»
Jendartea
Tercera parada no programada en veinte días en la central de Garoña
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss