BAIONA
Avironek ez dauka hutsik egiteko tarterik, eta nahitaez irabazi beharra dauka gaur, Agenen aurka, 18.30ean Jean Dauguer zelaian jokatuko duen norgehiagoka.
Aviron sailkapeneko azkeneko postuan dago, eta aurrekoak apurka-apurka zuloa egiten hasita daude. Zuri-urdinek etxeko puntuei gutxienez eusten ez badiete, gero eta zailagoa egingo zaie aurretik dituzten taldeak harrapatzea.
Agen talde egokia izan daiteke mendean hartzeko. Sailkapeneko erdiko aldean dago, baina baionarrek ezin dute horri begira egon. Berdin da aurrean zein duten, puntuak nahitaezkoak baitituzte, eta Baionara edonor datorrela ere, irabazi beharrekoak dira.
Zuri-urdinak sailkapeneko azkeneko postuan daude 14 punturekin. Bi partida irabazi dituzte, eta zazpi galdu. 135 puntu lortu dituzte. Talde bat bakarrik dago berak baino puntu gutxiagorekin, eta 263 jaso dituzte; mailan punturik gehien jaso duen taldea da.
Agen sailkapeneko zazpigarren postuan dago 22 punturekin. Bost partida irabazi ditu, eta bat gutxiago galdu. 159 puntu egin dituzte eta 162, berriz, jaso. Bi puntu gehigarri ere lortu ditu Agenek.
Jokalariei dagokienez, Vermis,Baget, Bernard eta Gratchev itzuliko dira hamabostekora, eta lehendabiziko aldiz jantziko du gaur elastiko zuri-urdina Gerber hegoafrikarrak, lapurtarren azkeneko fitxatzeak. Fraser, Pez eta Berbizier jokalariak ez dira izango gaurko partidan.
Ageni dagokionez, Elhorga zalantza da, eta Popescuk, Sorinek eta Narjisak ez dute jokatuko. Caucanibuca ere zalantza izango da.