Biarritzek bere maila eman beharra dauka Agileran
·Perpinya izango du gaur aurrez aurre 15.10ean
BAIONA
Partida handia izango da gaur 15.10ean, Biarritzen, Agilera estadioan, bertan izango baitira aurrez aurre Biarritz eta Perpinya.
Garaipen premiarekin datoz bi taldeak, ez baitabiltza unerik gozoenean. Lapurtarrek eta kataluniarrek Ligako bigarren fasean egon beharko lukete, baina estreinako bederatzi jardunaldi hauetan baino itxura hobea ematen hasi beharko dute, bestela litekeena da bietakoren bat kanpoan geratzea.
Biarritz azkeneko bi jardunaldietako partidak galduta dator, eta sailkapeneko laugarren postuan dago 24 punturekin. Bost neurketa irabazi ditu, eta lau galdu. 188 puntu batu ditu, eta 134 jaso. 4 puntu gehigarri lortu ditu, baina horietako ia denak atzeko lanari esker erdietsitakoak dira.
Perpinya Biarritz baino bi postu atzerago dago, 23 punturekin. Biarritzek bezalaxe, bost partida irabazi eta lau galdu ditu, baina bi puntu gehigarri gutxiago lortu ditu, eta horregatik ditu zuri-gorriek baino bi puntu gutxiago. 174 puntu egin ditu eta 142 jaso.
Jokalariei dagokienez, Boboren eta Dupuyren itzulerak izango dira taldearen berrikuntzarik garrantzitsuenak. Baina Lievremont, Avril, Balan, Masi eta Delape ez dira jokatzeko moduan izango. Horiek direla-eta, Wessels hegoafrikarrak lehendabiziko aldiz jokatuko du Agileran. Lealamanua ere hasierako hamabostekoan izango da. Perpinyari dagokionez, Laharrage, Edmonds, Tianiau eta Tonita ez dira jokatzen izango, nahiz Laharrageren kasuan azkeneko unera bitarte itxarongo duten. Perpinya taldean gauzak ez doaz ongi, eta horri irtenbidea eman nahi diote. Horretarako, joan den asteazkenetik Capbretonen bilduta egon dira gaurko norgehiagokarako sasoi betean heltzeko.
|