- Lau eta erdia
Laugarrenez elkarren aurka kaiolan bost urteren buruan
·Agirrek Galartza V.aren aurka binakoa lortzeko aukera du Labriten
GARA
IRUÑEA
Latza benetan bost urteren buruan aurkari bera lau aldiz aurrez aurre izatea. Bada halaxe gertatu zaie Imanol Agirreri eta Enrike Galartzari. Baraibarkoak bi aldiz irabazi du, aurreneko bietan, eta Arteagakoak, beraz, elkarren arteko markagailua berdindu nahiko du gaur Iruñeko Labriten.
Galartzak 2002an Elizondon, 22-18 eta 2003an Aizarnazabalen, 22-5 irabazi ondoren, 2004an Agirrek 22-20 irabazi zuen Arrigorriagan. Iaz ez ziren elkarren aurka aritu kaiolan, baina ezin bada bata bestearekin neurtu gabe egon, eta frontoi osoan izan ziren eta Arteagakoak 22-19 irabazi zuen.
Iaz, aurreneko jardunaldian, Imanol Agirrek ezustekoa eman zuen Juan Martinez de Irujo kanporatuz, egia bada ere Azkoitiko Gurean Iberokoak bere mailarik onena ez zuela erakutsi. Final-zortzirenetan, ordea, ez zen hain ondo aritu eta Bengoetxea VI.ari abantaila handiegia eman zion hasiera kaskarraren ondorioz, eta 19an geratu zen. Agian, Galartza V.ak postura hobeak ditu kaiolan aritzeko, baina sekula ez du kolpea sobera izan. Agirrek ere botera jokatzen du, baina altura bilatzeko joera du bere jokamoldean eta ezkerrean du bere hutsunerik handiena. Hori bai, neurketa luzatzen bada, Arteagakoaren aukerak areagotu egingo dira. Kontua, agian, Imanol Agirre nola kantxaratzen den izango da, mutil aski urduria baita.
Elkarren berri sobera dutenez eta biak pilotari ortodoxoak izaki, ez da ezusteko handirik espero gaur Labriten. Izan ere, kaiolan ez dago sekreturik; ezker pareta miazkatuz luze jokatu behar da, lau eta erdiko arrastoa tentuz bilatuz, aurkaria mugitu eta metroak egin ditzan, eta gero, noski, tantoa amaitzen jakin. Hain arraza teorian eta hain zaila praktikan.
|