GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-11-01
Fontso Cantera - EHEko kidea
Aldaketatik, ofizialtasuna

Indartsu hasi dute aurten urte politikoa Euskal Herriko administrazioetako kude- atzaile nagusiek, behin baino gehiagotan gure hizkuntza hizpide izan dutelarik. Halaxe aurkeztu zaizkigu agintari jatorrak, merkatuan bezala, nork bere baratzeko produkturik freskoenak, kolore deigarrietako zeta-paperean bilduak saldu nahian.

Baina zein da begietatik saldu nahi diguten eskaintza zaparrada honen harira erosarazi nahi diguten benetako produktua? Horren fresko eta miresgarria ote? Ez al da susmagarri xamarra politikariek beren diskurtsoetarako sarritan baliatu ez eta askotan sai- hesten duten hizkuntza politikaren gaia azkenaldian eztabaida politikoaren erdigunera eraman izana?

Batetik gogoan izan behar dugu hauteskunde ziklo berri baten atarian gaudela. Araban, Bizkaian, Nafarroa Garaian eta Gipuzkoan hauteskundeak hurbil dauzkagula ikusita, hainbat eragile makineria berotzen dabiltza. Igaro diren legegintzaldietako miseriak estali (eskoletako ereduek haurren euskalduntzea bermatzeko ezintasuna, administrazioetako euskara planen porro- ta...) eta hizkuntza politikan aurrerapauso ausartagoak emateko borondatea erakutsi nahian dabil- tza lekuan lekuko kudeatzaileak. Horrela ulergarria egingo zaigu Patxi Larraintzar ikastetxean D ereduko laugarren lerroa zabaldu izana, eremu mistoko bide seinaleak elebidunez paratzeko asmoa edota zenbait ikastolaren egoera legeztatu izana Nafarroa Garaian; Lapurdi, Baxenafarroa eta Xiberoarako hizkuntza politika berri bat indarrean jartzeko egin diguten iragarpena, eta Eusko Jaurlaritzak txukun dosifikatuta erakutsi dizkigun egitasmo «original» eta «prestigiozkoak». Horrela, herritarren borroken ondorio direnak, beren hizkuntza politiken ondoriotzat saldu nahian dabiltza.

Baina bada, nire iritziz, agintari politikoak jarrera horiek mantentzera bultzatzen dituen arrazoi indartsuagorik ere. Euskal jendarteak urteetako borrokari esker Euskal Herria une politiko erabakigarri baten kokatzea lortu du. Aspalditik pairatzen dugun gatazka politikoari konponbidea topatu nahian ahaleginak bikoizten ari gara bertako eragile eta herritar gehienok. Herri hau eskubideen bermean oinarrituriko egoera berri batera eramango duen aldaketa politikoa ate joka dugu eta lehenago edo geroago errealitate bilakatuko zaigula inork ez du zalantzan jartzen. Horrela, bada, agintariak, gainerako herritarrek bezala, aldaketa politikoa bultzatu beharrean, zatiketaren markoa sasoi onean dagoela eta bertatik euskararentzako legedi eta hizkuntza politika egokiak bidera daitezkeela sinetsarazi nahian ikus ditzakegu. Egun unibertsitateetan euskal adarra zabal daiteke, bide-seinale batzuk euskaldundu daitezke, zenbait enpresatan borondatean oinarritutako euskara planak ezar daitezke... Baina horiek guztiok beharrezkoak izanik ere, ez diete euskarari menpekotasun egoera honetatik ateratzeko biderik eskainiko. Ez dute euskararen normalkuntzan atzeraezinezko urratsik ahalbidetzen, ezta euskaldunon hizkuntza eskubideak bere osotasunean bermatzen ere. Onartzerik ez duten arren, agintariek inork baino hobeto dakite egungo egoera legalak sabai gaindiezina ezartzen diola gure hizkuntzari eta arazo estruktural honi sakoneko aldaketak mahaigaineratuz soilik eman ahal zaiola irtenbidea. Noren burutik pasa daiteke Lapurdin, Baxenafarroan eta Xiberoan euskararen estatus legala bere horretan utzita hizkuntza politika eraginkorrik abiatu daitekeenik? Euskarari izaera ofiziala aitortu ezean, nork bermatuko dizkie hizkuntza eskubideak euskaldundu nahi dituzuen herri- tar horiei? Era berean, Vascuencearen Lege genozidari pintura ukitu batzuk emanda euskarak bizirik irautea bermatua dago? Eta euskararen linboa omen den gure herriaren mendebaldeari begira jarrita, euskararen mendekotasuna zalantzan jarri barik elebitasuna helburu omen duen Euskararen Legetik zer espero dezakegu, euskaldunok bigarren mailako herritarrak izatea ez bada?

Hizkuntza politika eraginkorrak bideratzeko bitarteko juridiko-politikoen gabezia dago auzi honen muinean. Egun Euskal Herrian indarrean dauzkagun legeek euskara desagerrarazteko edo, onenean, euskararen menpekotasuna bere horretan mantentzeko ezarri ziren (gure herrian bertan euskara ezagutzea aukera bat den bitartean, frantsesa eta gaztelania ezagutzea nahitaezkoa da). Lege horien kudeaketan sakontzea hizkuntza gatazka luzatzea eta euskararen normalkuntzarako denbora galtzea besterik ez da. Bada garaia, beraz, tresna berriak eskuratzeko. Guk geuk, kanpoko inolako esku hartzerik gabe, euskararen herrirako legedi eta hizkuntza politika berri bat adostu eta garatzeko. Herritarron hizkuntza eskubideak ain- tzat hartu eta gure hizkuntzaren garapena bururaino eramatea ahalbidetuko duen legedi eta hizkuntza politika berria, benetako ofizialtasuna Euskal Herri osoan gauzatuko duena, hain zuzen ere. Eztabaida mahai gainean dago eta bitartean herri eragile zein herritar anitz ahalegin ugari ari gara egiten aldaketa politikoa geldiezina bilakatzeko asmoz. Eskubideen aroa dugu zain. Iritsi da euskarak behar duen aldaketa politikoaren alde indar biziz bultzatzeko garaia. Gure esku dago! -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
Primeras elecciones en Catalunya tras la aprobación del nuevo Estatut
Mundua
El fin de los Bloques H, nuevo principio para Irlanda
Iritzia
Derribar la prisión, guardar la memoria
Ekonomia
Los trabajadores fallecidos en accidente laboral en Euskal Herria suman ya 107
Jendartea
Etxebizitzaren arazoari aurre egiten dion herri-egitasmoa sortu dute Garazin
Euskal Herria
Garzón mantiene la imputación de «integración» contra las mahaikides
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss