BILBO
Unai Yus euskaldunak ziklo-kroseko denboraldiko helburuen berri eman eta babesleak aurkeztu zituen atzo Gasteizen. Espainiako eta Euskadiko txapelketak izango ditu xede.
Ilusioz beterik azaldu zen atzoko agerraldian. «32 urte ditudan arren, sasoi onean nago, adin egokiena izan liteke ziklo-krosean aritzeko».
Txirrindulari gasteiztarrak denboraldiko helburuak argitu zituen atzo. Yusen esanetan, Euskadiko Federazioaren eta Espainiako Koparen lasterketetan arituko da. Izan ere, Villarcayon nagusitu zen eta liga berri horretan lehiatuko da «aukerak izan arte».
Bi «xede nagusi» ditu euskaldunak. Euskadiko eta Espainiako txapelketak, hain justu ere. Lehendabizikoan, bost aldiz izan da txapeldunordea, eta horregatik «bihotzean arantza» du eta txapela erdietsi nahi du.
Espainiakoa, ordea, lasterketa «garrantzitsuena» eta «entzutetsuena» da, eta 2005. urteko garaipena berritu nahi du.
Azkenik, Munduko Txapelketan «lasterketa duina» egiten eta «iazko 26. postua hobetzen» saiatuko da.
Atzerrian, berriz, ez da lehiatuko. «Garestiegia da esan zuen, «dirutza behar da, eta oraindik ez dut gaitasun hori».
Aidazu eta BH izango ditu babesle nagusiak, eta era berean, Lankide, Born, Hermans, Forum eta Ciclos Pascual enpresen sostengua ere izango du.
Atzo, Beloki, Fernandez de Larrea eta Ruiz de Larrinaga profesionalak Yusekin batera izan ziren prentsaurrekoan.