- Ekitaldi berezia
Auspoa elkarteak Unai Otaño omenduko du
IBARRA
Auspoa Ibarrako Kultur Elkarteak Unai Otaño herriko aizkolaria omenduko du datorren igandean. Otaño aurten igo da lehen mailara eta herriko lagunek omenaldi txiki bat egin nahi diotenez gero, proba berezi bat antolatu dute Ibarran bertan 12.30etik aurrera hasita.
Herri-kirol ikuskizun berezi horretan Ibarrako aizkolari bikote bat, Unai Otañok eta Jexux Mari Mujikak osatutakoa, bikote nafar baten aurka neurtuko da, Xabier Mindegiaren eta Juan Joxe Lopezen kontra, hain zuzen ere.
Egin beharreko lana ez da oso luzea izango: hamabi kana-erdiko moztu beharko dituzte guztira. Antolatzaileek jende asko bertaratzea espero dute, bai lehia ikustera eta bai Unai Otaño omentzera ere. Otaño gero eta gehiago agertzen ari da aizkoraren goi-maila horretan eta omenaldia merezitakoa da.
|