GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Jo puntua 2006-11-05
Kirmen Uribe - Idazlea
Patatak

«Ez al dakizu pataten istorioa?» galdetu zidan aurreko batean adiskide batek. Bazkaltzen ari ginen eta patatak ematen zituzten menuan, manera bitxi batean eginda. Ez naiz oso ondo gogoratzen plateraren izenaz, baina frantsesa zen izenburua, zalantzarik gabe. Laguna hasi zitzaidan esaten plateraren izena patatak asmatu zituenaren omenezkoa zela. «Patatak asmatu zituenarena?» galdetu nion harrituta, «nik ez nekien pataten asmatzailerik zutenik». «Tira», argitu zuen lagunak, «ez naiz asmatzaileaz ari, zehatz-mehatz, patatak jateko zirela konturatu zenaz baino». Eta hurrena kontatu zidan patatak ekarri ekarri zituztela Ameriketatik Europara, baina inori ez zitzaiola otu jateko prestatzea mendeetan zehar, eta ganaduentzako bazka izaten zela. «Egia da» esan nion nik «sasoi batean itsasapua ere ez zen jaten, eta gaur egun batek baino gehiagok emango zuela bizia harengatik». Bada, lagunaren arabera, pertsonek ez zituzten jaten patatak XVIII. mendea ondo sartu arte. Animalien jana zen, eta asko jota, presoena. Eta aitzindari guztien moduan, frantses hau alproja xamarra ere bazen, eta kartzelan sartu zuten gizona ez dakit zer ezkutuko rrazoiengatik. Azkarregia izan bide zen. Bada kartzelan patata ematen zioten jateko otordu guztietan. Eta hark uste ez bazuen ere, konturatu zen patata janez presoak sano bizi zirela, nahikoa zutela tuberkulua osasuntsu bizi izateko. Aitzitik, kartzelako murruez bestalde bizi zen makina bat jendek ezer gutxi zuen jateko, eta kartzelan zeudenak baino gaixoago zeuden. Orduantxe argia piztu zitzaion gizonari, eta pentsatu zuen patata saltzea jende xumearen artean. Eta halaxe ekin zion patatak saltzeari eta aberastu egin zen, kartzelatik pasatako alproja hura. Baina gauzak ez dira bizitza osorako izaten, are gutxiago onak, eta horren ondo gordea zuen urrezko landarearen ale batzuk lapurtu zioten gizarajoari eta akabo haren negozioa.

Gizon horrexegatik, patata frijituei french fries deitzen omen diete Amerikako Estatu Batuetan, patatak pertsonen eskura jarri zituen aintzindari hura frantsesa zelako, hain zuzen ere. Hori, Bushen garaia iritsi zen arte, ezen gizonak terrorismoaren kontrako gurutzada hartan Frantziaren babesik ez zuela konturatu zenean, haserre, pataten izena aldatzea proposatu zuen eta. French fries izatetik, Liberty fries izatera igaroko ziren ordutik aurrera Estatu Batuetan patatak.

Zorionez, gaur egunean french fries deitzen zaie oraindik ere patatei han. Bizitzak, batzuetan, justua izaten ere badaki, ala? -


Kirmen Uribe - Idazlea - Artikulo gehiago [..+]
 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Ekonomia
«La internacionalización permite preservar las señas de identidad»
Kirolak
El margen de error cada vez es menor
Euskal Herria
Pérez Rubalcaba reitera sus reglas y elude hablar de los compromisos
Euskal Herria
«El diálogo avanza si entendemos que todos tenemos derecho a ser oídos»
Jendartea
Desde el llenado de Itoitz se han registrado más de 500 seísmos
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss