GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-11-05
Mikel Arrizabalaga - Kontseiluko lehendakaria
Lan mundua euskalduntzea estrategikoa da

Heldu den urtean hamar urte beteko ditu Kontseiluak. Denbora honetan, euskalgintzako erakundeen indarrak artikulatzea ez ezik, gizarte eragileak, indar ekonomikoak, alderdi politikoak eta sindikatuak hizkuntza normalizazio proiektuetan inplikatzea bilatu eta landu du. Urte horietan guztietan, euskararen normalizazio prozesuan eragitea eta egitea izan da Kontseiluaren eginkizun nagusia eta norabide horretan denon konpromisoa eskatzen duten hamaika egitasmo jarri du abian: Euskararen Normalizaziorako Konpromiso Politikoa, Akordio Soziopolitikoa, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Bai Euskarari Akordioa Herrietan eta Bai Euskarari Ziurtagiria, besteak beste.

Izaera estrategikoa

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua osatzen dugunon iritziz, lan mundua euskalduntzea guztiz estrategikoa da euskararen normalizaziorako.

Urte asko pasatu dira lan munduan ahalegin bateratu bat burutu gabe, enpresaburuak eta sindikatuak euskararen aldeko jarrera batera ekarri gabe eta, praktikan, hezkuntzari bakarrik utzi zaio euskalduntzearen ardura. Beti azpimarratu izan dugu lan mundua oso garrantzitsua dela, askoz ere ahalegin handiagoa merezi zuela, lan mundua euskaldundu ezean ez baitago euskara normalizatzerik. Euskararen normalizazio prozesuan lan mundua euskalduntzeak izaera estrategikoa behar du, eta lehentasunezkoa izan ezean, normalizazioan baztertua egoten jarraituko duen alorra izango da.

Horregatik guztiagatik, Kontseiluak hasieratik bertatik eman izan dio izaera estrategikoa Bai Euskarari Ziurtagiriari. Hezkuntzan, komunikazioan, kulturan eta abarretan euskararen erabilera sustatzeko asmoz urratsak egin badira ere, lan munduan zeregin handia dugu euskararen normalizazioa erdiesteko. Ez dugu ahaztu behar gure egunerokoan lanak oso parte garrantzitsua betetzen duela, egunaren herena ematen baitugu horretan. Era berean, enpresa mundua, lan harremanen gunea, euskararen garapenerako eta nor- malizaziorako eremu zaila izan da betidanik; horregatik, Kontseiluak ahalik eta enpresa gehien euskararen aldeko konpromisoetara erakartzea izan du helburu azken 6 urte hauetan jorratutako bidean. Ildo horretan, eragile guztiok batera lankidetzan eta norabide berean arraunean egiten ez badugu, eskolak kostata euskalduntzen dituen belaunaldi berriak lan munduak erdalduntzeko arrisku handia dagoela uste dugu. Hezkuntzan urteetan eginiko ahaleginak jarraipena behar du lan munduan.

Sei urteko esperientzia

Bai Euskarari Akordioaren Plan Estrategikoan parte hartu zuten entitateen eskariz eta lan munduan eragiteko asmoz sortu zuen Kontseiluak Bai Euskarari Ziurtagiria 2000. urtean. Euskararen normalizazioan aurrera egiteko arlo sozio-ekonomikoa eta lan mundua funtsezkoak zirela ikusi eta beharrezkoak ziren urratsak egin ostean, abian jarri zuen.

Bai Euskarari Ziurtagiria duten enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak euskararen normalizazioaren aldeko neurriak garatzen ari direla egiaztatzen du Kontseiluak. Hala, horien ahalegina aitortu eta konpromiso hori gizartearen aurrean erakusteko bereizgarria ematen die.

Urtez urte hazkuntza handia izaten ari da Bai Euskarari Ziurtagiria lan munduan, eta orain arte Euskal Herri osoko sektore eta tamaina guztietako 1.343 entitatek eskuratu dute. Horietatik, 416 dira zerbitzua euskaraz eskaintzen duten enpresak, saltokiak eta entitateak eta 143 zerbitzua euskaraz eskaini eta euskara lan hizkuntzatzat dutenak; gainerako 784 entitateak zerbitzua euskaraz edota zerbitzua eta lana euskaraz eskaintzera iristeko neurriak garatzen ari dira. Arlo sozioekonomiko guztietako entitate hauek (finantza entitateak, komertzioaren alorrekoak, enpresa industrialak, kirol taldeak, ikastetxeak, etab.) gizarte honen nahi eta beharrei erantzun diete, gizartearekiko erantzukizun handia erakutsiz.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez urte hauetan lortutako esperientzia handia izan da, prozesu dinamikoa, parte-hartzean oinarritua eta planifikatua eraman da aurrera, etengabeko hobekuntzan oinarrituta, guztien ekarpenen bitartez, osatu eta aberastu dena. Horrela, iazko ekainean Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkartea sortzeko lehen urratsak egingo genituela iragarri genuen. Denbora horretan lan sakona egin dugu, urtebete eman dugu proiektuaren nondik norakoak aztertzen, proiektua ahalik eta egokien bideratzeko.

Lurraldetasuna

Euskal Herria administratiboki hiru lurraldetan banatua egoteak euskararen estatus juridikoa baldintzatu arren, Kontseiluak Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez, Euskal Herri osoko enpresa, saltoki eta era guzti- etako entitateen euskararekiko konpromisoa bilatu du, eta bilatzen jarraitzeko lanean segituko du. Ekimen hauek Euskal Herri osoan garatu behar direla uste dugu, euskarak etorkizunean irautea ziurtatu nahi badugu. Euskal Herriko hizkuntza-politika bakarra ez izatean, Euskal Herri osoan hedaturik dagoen Bai Euskarari Ziurtagiria baztertzea akats larria litzateke.

Elkarlana

Euskararen normalizazioa ez dago euskalgintzaren esku bakarrik eta ez da euskal hiztunen afera soilik ere, euskararen normalizazioan urrats kualitatibo garrantzitsuak egiteko ezinbestekoa baita gizarte osoa euskararen aldeko neurriak hartzera bideratuko duen prozesu batean inplikatzea. Jakin badakigu, planteatzen den erronkaren tamaina ez dela nolanahikoa eta horregatik, eragile guztiak elkarlanean aritzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Lan mundua euskalduntzeak guztion partaidetza eta lankidetza eska- tzen duela uste dugu.

Lan mundua euskalduntzeko oinarriak ondo ezarri behar dira, zeregin horretan agente guztien inplikazio aktiboa eta lankidetza ezinbestekoak direlarik: administrazioa, enpresariak, sindikatuak eta euskalgintza. Euskararen berreskurapenean gure historia hurbilean egokiak diren ekimenak ordezteko edo bikoizteko asmoek izandako emaitza penagarri eta desegokietatik ikasi behar da, berriz horrelakorik ez errepikatzeko eta baliagarriak diren esperientzia eta lanekiko osagarritasuna bilatu eta bermatzeko.

Orain arte egindako bidea balio handikoa izan dela uste dugu eta hamaika bider elkarlan eskaerak bideratu izan dira euskalgintzatik. 10 urteko ibilbide honetan, EAEko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako arduradun guztiek Kontseiluaren eskua beti izan dute luzatua elkarlanerako, baita orain ere. Horrekin batera, hizkuntza-politika eraginkorra behar da, euskara lan munduan eta gizarte alor guztietan normalizatzeko. Eta horretarako, ezinbestekoa da euskararen inguruan adostasun politiko-sozial zabala lortzea eta hizkuntza-politikaren inguruan eztabaida sakon eta lasaia egin eta gizarteratzea. Honek, noski, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren politika eta euskalgintzaren arteko elkarlana, auzolana eta lankidetza eskatzen du.

Bide honetan ulertu eta gauzatu nahi dugu Kontseilutik Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkarte berria. Elkarlanean oinarrituko den elkartea sortu nahi dugu. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Ekonomia
«La internacionalización permite preservar las señas de identidad»
Kirolak
El margen de error cada vez es menor
Euskal Herria
Pérez Rubalcaba reitera sus reglas y elude hablar de los compromisos
Euskal Herria
«El diálogo avanza si entendemos que todos tenemos derecho a ser oídos»
Jendartea
Desde el llenado de Itoitz se han registrado más de 500 seísmos
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss