«Kaukasiar kreazko borobila» obrak bira bat abiatuko du Estatu frantsesean
«Kaukasiar kreazko borobila» obrak 2007 urteko amaieran bira handi bat abiatuko du Estatu frantsesean eta Alemanian. Ikusgarri horren geroa prestatzeaz gain, Chimeres antzerki taldea ondoko ikuskizunak prestatzen ari da. Besteren artean, Shakespeareren obra batean oinarrituriko ikusgarria lantzen hasiko da urtarriletik goiti.
BIARRITZ
Theâtre des Chimeres antzerki konpainiak Biarrizko Les Decouvertes egoitzaren ateak ireki ditu berriz, eta garaia baliatu du urteko jarduerak aurkezteko. Iazko taldearen agendan Bertold Bercht idazlearen testuan oinarrituriko “Kaukasiar kreazko borobila” ikusgarria zegoen, eta, horregatik, obra horren bilakaera aipatu nahi izan zuen Jean-Marie Broucaret konpainiako zuzendariak.2007 urtearen bukaeran ikusgarri horrekin bira bat abiatuko du. Astebete Bordelen izanen da eta, besteren artean, Arroxela, Paris, Tarbes, Nimes eta Narbonne herrietan aurkeztuko du. Gainera, zehaztear badago ere, Alemanian antzezteko aukera bat dagoela ere erran zuen zuzendariak. “Kaukasiar kreazko borobila” lanaren geroa aipatzearekin batera, konpainiaren etorkizunaz hitz egin zuen Broucaret-ek, eta ondoko sasoirako muntatzekotan diren ikuskizunaren berri eman zuen. Chimeres antzerki taldeko hamar bat aktorek Shakespeare idazlearen testu batean oinarritzen den antzerkia emateko asmoa dute. «Urtarrilean hasiko gara lantzen, eta Hendaiako Mai du theâtre maiatzeko antzerki jaialdian lehenengo irakurketa aurkezteko asmoa dugu», argitu zuen. Izan ere, Theâtre des Chimeres-ek, Shakespeareren testu hori landu aurretik, duela urte batzuk tximinoen inguruan abiatu lana jarraitu nahi du.
Enrique Serna «Lehen aldian tximinoak landu genituelarik, ikusgarri labur bat plazaratu genuen. Gai horrekin urrutiago joateko gogoa izan dugu, eta tximinoen jarrerarekin animalia horiek mintzaraztea pentsatu dugu», erran zuen Broucaret-ek. Eta, Shakespeareren testuarekin lotura egiteko, gehienbat tximinoek gizakiekin duten lotura interesatzen zaiela aipatu zuen. «Tximinoek gurekiko lotura asko dituzte, eta bereziki borroka egiteko eran. Shakespeareren testu bat aukeratzea erabaki dugu, bere obretan asko aipatzen baita gizakien artean dagoen dominazio behar hori», argitu zuen.
Ondoko urteko beste berrikuntzen artean aipatu zuen Enrique Serna idazlearen testuekin lan egiteko asmoa dutela. Copiren testuekin egin bezala, Broucaret-ek Sernaren bi obra aukeratu eta moldaketa bat egin nahi du. Ikusgarria 2007ko Traslatines jaialdian aurkeztekotan dira.Berrikuntzetatik at, urteko konpainiaren jarduera nagusien, lantegien, berri ere eman zuten. Orotara, Lapurdin eta Nafarroa Beherean hogei bat lantegi ematen ditu Theâtre des Chimeresek. Izpuran, Baionan eta Hendaian, besteren artean. «Adin guztientzako lantegiak antolatuak ditugu, txikientzat eta helduentzat. Horiek hurrengo astetik goiti irekiko dira. Urte osoan ikusgarri bat landuko dute, eta publikoaren aurrean emanen», bukatu zuen.
«Mamie Memoire» Biarritzen astebetez
A.B. BIARRITZ “Mamie memoire” da Theâtre des Chimeres-ek landuriko azken ikusgarriaren izenburua. Bretainian lehenengo aldiz aurkeztu ondoren, obra Biarritzen ematekotan dira Biarritz Kultura elkartearen urteroko programazioan. Azken horrek urtero haurrei zuzenduriko egitarau zabala antolatzen du, eta “Mamie memoire” obra programazio horretan barneratzea erabaki du. Eta egitarauaren ikuskizun nagusietariko bat izanik, astebetez ematea erabaki dute. «Alzheimer eritasuna aitzakiatzat hartuz, memoria berreskuratzea aipatzen du ‘Mamie Memoire’ antzerkiak, eta haur eta helduei irekia da», esan zuen Jean-Marie Broucaret-ek. Azaroaren 13tik 18ra azalduko dute Biarritzen, eta horietan bi gaualdi berezi eginen dituzte. Azaroaren 15ean ikusgarria bukatu eta Alzheimerra aipagai izanen dute mintzaldi batean. Biarritzen 2007ko ekaina bitartean nazioarteko konpainia ugariren ikusgarriak izanen dira, eta horietako gehienak haurrei zuzendutakoak. Antzerkia ez ezik, zirkua, dantza eta beste arte diziplinetako obrak ere azalduko dituzte.
|