Orain egun batzuk Iruñean hasitako «filma» bukatu egin da; hain zuzen ere, Galeuscaren XXIII. edizioaren filma, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari Fito Rodriguezek azaldu moduan. Idazle galiziarren, euskaldunen eta katalanen arteko topaketak datorren urtera arte agurtu zituzten atzo, eta erabat agurtu baino lehen, Altzuzako Oteiza Museora bisita egin zuten idazleek.
Datorren urteko hitzordua Galizian izango dela adierazi zuten; izan ere, Fito Rodriguezek honakoa azaldu zuen: «Gogoak zubi, borondatea da batzen gaituen zubia».
Tabuen gainean jardun diren edizio honetan Fito Rodriguezek Galeuscaren bidean «urrats kualitatiboa» egin dutela adierazi izatea nabarmendu behar da. «Urrats handia izan da batez ere eduki aldetik, baina baita formalki ere. Hau da, talde txikiak egin ditugu tabu desberdinak aztertzeko gaien arabera banaturik, orain arte egiten ez zena, lehenago idazle guztiak biltzen baitziren gauza guztien gainean hitz egiteko eta, ondorioz, dena plenarioa zen eta oso zaila zen parte hartzea. Oraingoan, topaketa formalki bideragarriagoa izatea lortu dugu, eta eduki aldetik emankorragoa eta zehatzagoa izatea», azaldu zuen.
Edizio guztietan egin ohi duten bezala, topaketei bukaera emateko manifestua irakurri zuten euskaraz, oraingoan Iruñeko Manifestua, katalanez eta galegoz. Hain zuzen, tabuari buruz egun hauetan hitz egiten egon ondoren ateratako ondorioak biltzen dituen manifestua.
Hala, jardunaldietan ondorioztatu dute lehenik eta behin idazlea, sorkuntzaren bidez, tabu ideologikoei, afektiboei, estetikoei, sozialei, politikoei eta abarri izena ematen dien arau-hauslea dela, eta gero horiek gainditzeko asmoa duela.
«Idazle bezala errealitateari izena eman behar diogula esan nahi dugu, badaude-eta zenbait gauza esan ezin daitezkeenak. ‘Tortura’ esate baterako, edo ‘klitorisa’ hitza bera ere. Idazleak azalarazi egiten ditu, eta mundua erakusten du; erakuste horretan, gainera, tabuak gainditu ahal izateko bidea ematea lortzen du», esan zuen, alde horretatik, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak.
Manifestuko bigarren ondorioa hauxe da: «Gure egiten ditugu mundua izendatzeko agertzen diren begirada berriak, eta, aldi berean, arau-hausteen hutsalkeria salatzen dugu, sistemak irentsia izateko helburua duenean».
Salaketa gehiago egin zituzten idazleek: «Gaur unibertsaltasunera jo nahi da gure kultura nazional konkretuen errealitatea ezkutatu nahirik. Literaturak eta nazioak beti eman diote elkarri bizia».
Unibertsaltasuna
Fito Rodriguezek aipatutako azken puntu horren gainean unibertsaltasuna «aldarrikatu» egiten da, ez ikusteko errealitate txikiak edo txikiagotze bidean direnak. «Ildo honetatik, ikusten dugu gure literaturek ez dutela aztaturik, eta, beraz, ez dutela edozein literaturak izan ditzakeen baliabideak, eta egun nabaritu egiten dira gure literaturaren kontrako eraso zuzenak; ‘Egunkaria’rena izan zena bere garaian adierazpen askatasunaren kontra, eta hori guztia». Manifestuaren laugarren puntua ere kritika bat da: «Jada gure literatura nazionalek halako normaltasun gradu bat lortua izan, badela erakunde politikorik sozialki gu ezabatu nahian dabilenik, hots, gu baztertu nahian».
Azkenik, bertaratutakoek 1984. urteko Pobleteko agiria berriro ere gogora ekarri zuten. Izan ere, Fito Rodriguezek honako hau adierazi zuen: «Pobleti esker iritsi gara hona, eta bide honetatik jarraitu nahi dugu».
Horiek hala, agiri hartako «aspektu fundatzailea» goraipatu zuten «guztiz indarrean» dagoelako oraindik.
«Topaketa hauek idazleen ardura biziaren adierazgarri dira, dela estaturik gabeko gure nazioen problematikari dagokiona, dela giza eskubideen defentsa eraginkorrari dagokiona, eta honen bidez gure nazioetako zein munduko edozein naziotako idazleari ere erasaten dion errepresioaren izana azaltzen dugu», dio manifestuko azken puntuak.
Estaturik gabeko hiru nazio txiki horien idazleen topaketak edanda eta janda bukatu ziren, nola bestela, eta, batez ere, datorren urtera begira; Galizian izango den hogeitalaugarren edizioaren zain, alegia. -