GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-11-05
Toni ASCHWANDEN | Initiative des Alpes elkarteko Nazioarteko Garraioaren arduraduna
«Ezinbestekoa da garraio motari buruzko hausnarketa orokorra egitea»
Pil-pilean da AHT lineako azpiegiturak eraikitzeko gaia, eta hori baztertuta zer motatako garraioa bultzatu nahi den gogoeta egiteko dago. Suitzan, horri buruzko benetako hausnarketa bat bultzatu zuten, eta gaur egun salgai gehienak trenez bideratzen dituzte. Initiative des Alpes elkarteak GARAri ekimen horren berri eman dio.

Initiative des Alpes elkarteak 1994. urtean Suitzan salgaiak garraiatzeari buruzko erreferendum bat antolatzea bultzatu zuen. Herritar gehienak salgaiak trenez garraiatzearen alde agertu ziren garai hartan, eta gaur egun, hiru kamioitik bi trenbidetik eramatea lortu dute. Alpeetan izaki, salgai zirkulazio handiko herria da Suitza, eta ekologistek adibidetzat hartzen dute askotan azpiegitura proiektuen aurka egiteko. Hala egin dute, bederen, AHT linea berriaren eta A-63 autobide proiektuaren inguruko eztabaida publikoetan parte hartzen duten ekologistek. Suitzan, Initiative des Alpes elkartearekin harremanetan dira, besteren artean. Suitzako elkarte horren xedea geroan merkantzia guztiak trenez pasaraztea da. Baina horretara heltzeko, politikan nahi behar dela aipatu zuen Toni Aschwanden elkarteko Nazioarteko Garraioaren arduradunak. Horretaz gain, salgaiak garraiatzeko Europa osoan ikuspegi orokor bat izatea ezinbestekoa dela nabarmendu zuen.

­Garraio kudeaketa arloan adibidetzat hartzen dute askotan Suitza; izan ere, nolabait, trenbidearen bidez, bidetik dabilen salgaia mugatu baituzue. Nola lortu duzue sistema hori martxan jartzea?

Suitzan, berez, sistema berezia dago. Herriak Parlamentuak bozkaturiko legeekin bat egiten ez badu, kontra egiteko aukera dauka erreferendum bat antola dezatela eskatuta, eta, bide beretik, proposamenak egin ditzake herri ekimenak delakoei esker. Horrelako zerbait antolatu ahal izateko, elkarte edo egitura batek izenpetzeak bildu behar ditu, eta horren ondorioz, erreferenduma antola dezake. Garraioari buruzko erreferenduma 1994. urtean egin zuten, eta Initiative des Alpes elkartea izan zen horren bultzatzailea. Gobernua eta Paramentua ados ez egon arren, gure proposamena onartu zuten. Orduz geroztik, Konstituzioan artikulu bat sartua dago. Testu horren arabera, garraioaren ondorio latzen aurka Alpeetako eskualdea babestu beharra dago, eta Alpeak zeharkatzen dituzten salgai guztiak trenbideetan jarri behar dira.

­Alpeak Europako gune zeharkatuenak dira. Ziur asko ez da erraza izan lege hori onarraraztea...

Hasiera batean, aurkari asko zegoen, baina erreferenduma egin zelarik, kantoi guztietan gehiengoa lortu genuen. Biztanleen %50 gure proposamenaren alde agertu ziren. Horren ondotik, gai beraren inguruan beste galdeketa batzuk egin izan dira eta, aldiro, herriak gure proposamen ekin bat egin du. Herria- ren sostengua dugu, beraz. Alpeak babesteko salgaien garraioa trenetik pasaraztea erabaki eta eskatu dute suitzarrek.

­Proposamena onartu ondoren, salgaiak trenetan garraiatzeko azpiegitura bereziak eraiki dituzte edo garai bateko tren linea baliatu dute?

Azpiegitura arloan ez dugu elkarte gisa iritzia ematen. Horretan ez dugu eskua sartzen; izan ere, ekintzarako beste bideak ditugu, horien artean tasatzearena. Galdeketa bat egin ondoren, kamioietarako tasa berezi bat finkatzea proposatu zen, eta herriak onartu zuen. Hori finkatua dugu. Azpiegiturak berritzeko ere erreferendumak egin izan dira, eta horretan ere herritarrak alde agertu dira. Bi tunel egiten ari dira gaur egun. Baina, gure ustez, argi dago borondate politikorik gabe salgaiak ez dituztela trenez garraiatuko, eta tasak finkatzea borondate horren adierazgarria dela iruditzen zaigu. Azpiegiturek, berez, ez digute borondate horren maila azaltzen.

­Europako herrialdeen artean Suitza da horrelako sistema bat martxan jarri duen herri bakarra. Nola da hori?

Beste Europako herri guztiek bezala, arazoak ditugu alde guztietatik. Gure autobideak ibilgailuz gainezka daude, eta horrek ingurumenean eta osasunean kalte anitz eragiten ditu. Baina egia da garraioan Europako herririk aurreratuena garela; trenez garraiatzen den salgai kopurua beste herrietan baino askoz altuagoa da. Suitzan dagoen sistemari esker, herriak kamioirik nahi ez duela esateko aukera izan du, eta iritzi horri erantzuteko politika bat martxan jarri dute. Gaur egun, salgaien bi hirurena trenbidez garraiatzen dute. Bidetik doazen kamioiak tasa aski handia ordaintzera behartuak dira. Gure inguruan dauden beste herrialde batzuetan mota bereko tasak martxan jartzen ari dira, baina oraindik mugatuak dira Suitzan finkatuak direnekin konparatuta.

­Horrek erran nahi du Europako beste herrialde batzuk ere zuek abiatutako sistema bereganatzen ari direla..

Bai. Zernahi gisaz, horrela jarraitzen badugu, ingurumenean egoera jasanezin batera helduko garela argi ikusten ari gara. Alpeetako haranak guztiz itota daude. Arazo nagusi horri irtenbide bat atzeman beharra dago. Gainera, Suitzan finkaturiko sistema horren guztiaren gibelean, ekonomiako hausnarketa sakon bat bideratzen hasi gara. Printzipio berezia garatu nahi genuke “Kutsatzaileak ordaintzaileak” deritzona. Kamioiek ingurumenean eta osasunean gastuak eragiten dituzte, eta horiek gaur egungo gizarteak pairatzen ditu segurantza primak eta zergak ordainduta. Zientifikoki hainbat gogoeta egin izan dituzte kutsaduraren eragina kamioiei ordainarazteko, baina garraio enpresek gogor atxikitzen dute, eta ideia hori garatzea oztopatzen dute.

­Gaur egun Europan han eta hemen garraio arloan hainbat azpiegitura proiektu daude. Gehienek lehentasuna bideari ematen diote. Estatuek harturiko bidea ikusita, ingurumenaren esparruan lanean ari diren elkarteek garraio enpresen «lobby» azkarra dagoela adierazten dute. Nola egin duzue horri aurre egin ahal izateko? Suitzan ez al da horrelakorik?

Badira, bai, beste lekuetan bezala. Zaila da erratea nola lortu dugun. Alpeetan barneratua dagoen herri bat gara, eta horregatik bide eta tren sareek garrantzi handia dute gizartean. Pirinioak ere mendikate bat dira, baina egoera ezberdina da. Geografikoki, Espainiako eta Frantziako erabakiguneetatik urruti geratzen dira, beraz, eztabaida publikoan ez du horrenbeste pisurik. Suitzan alderantzizkoa da, betidanik garrantzitsua izan da. Hala eta guztiz ere, arazo handia dago bai Alpeetan eta bai Pirinioetan ere, kamioi garraioa etengabe hazten ari delako. Eta nahi eta nahiez, noizbait egun dagoen sisteman aldaketak izan beharko dira.

­Salgaiak garraiatzeko Suitzan trenari ematen diozue lehentasuna, baina benetako irtenbidea al da hori?

Irtenbide bat da, baina ez da benetako irtenbidea. Ez da erraten ahal guztia konponduko dela trenari esker; garraiatzen den erari buruzko hausnarketa orokor bat egitea ezinbestekoa da. Gai hori aipatzen badugu, diskurtso orokorrago batean sartuko gara; hau da, tokian tokiko mozkinei lehentasuna ematea, ekoizpenak Europa osoa zeharkatzea behartu ordez... Baina, oro har, garraioaren alde txar eta onak aztertzen baditugu, ingurumenerako trena askoz onuragarriagoa dela ikusten dugu. Bide bat eraikitzeko espazio handiagoa behar da eta kutsadura askoz handiagoa da...

­Initiative des Alpes elkartean nazioarteko garraioaren arduraduna zara. Lehenago, garraioa etengabe hazten ari dela eta hausnarketa orokor bat egiteko ordua dela adierazi duzu. Ba al da Europan benetako gogoeta bat egina arazo horri aurre egiteko?

Elkartean hori da nire lana. Ardura hori eman didate; hain zuzen ere, nire lana baita ohartaraztea salgaiak garraiatzea ez dela bakarrik Suitzaren arazoa, baina Europa guztia ukitzen duen arazo orokorragoa da. Horretarako, Europako beste ingurumen elkarteekin lanean aritzen saiatzen gara. Gure xedea arazoa orokorra dela ulertaraztea da. Erabakitzaileek hitz ederrak dituztela ohartzen gara, baina ingurumena kontuan hartzen duen garraio mota finkatzeko ez dago benetako aldaketarik. Lehentasuna bideari ematen diote.

­Zure ustez, zergatik da horrela? Zergatik ez dute benetako aldaketarik bultzatzen?

Politika mota horren gibelean interes asko dago. Epe laburreko interesak dira gehienak. Asko beldur dira uste baitute sistema ezberdin bat martxan jarrita garraioaren prezioa garestituko dela. Arlo horretan Suitza adibide ona da. Erreferendumak izan direlarik, eztabaida asko izan ditugu gai horren inguruan. Garraio enpresek, beldurra eragin nahian, erreferendumean tasa finkatzearen alde bozkatuko balitz, bukaeran salgaiaren prezioa garestituko litzatekeela esaten zuten. Azkenean, tasa finkatzeak prezioetan ez duela inolako eraginik izan ikusi dugu. Gainera, enpresen ibiltzeko eran tasa horrek ondorio onak izan ditu. Adibidez, kamioi bat kargatzean, enpresek salgaiz ongi betetzen dute. Hau da, kamioiak ez du sekula bidaia hutsik egiten, eta, gainera, askok gutxiago kutsatzen duten kamioiak erosi dituzte.

­Suitza herri txikia da. Ez al du horrek laguntzen horrelako sistema bat martxan jartzeko?

Oroitarazi behar da gaur egun Suitza ez dela Europar Batasuneko kidea. Horiek hala, proiektuak aurrera eramateko ez ditugu baldintza berak. Ez gaude behartuak Bruselak finkatzen dituen aginduak aplikatzera. Alde horretatik, garraio ekologikoaren alde egin dugu Suitzan. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Ekonomia
«La internacionalización permite preservar las señas de identidad»
Kirolak
El margen de error cada vez es menor
Euskal Herria
Pérez Rubalcaba reitera sus reglas y elude hablar de los compromisos
Euskal Herria
«El diálogo avanza si entendemos que todos tenemos derecho a ser oídos»
Jendartea
Desde el llenado de Itoitz se han registrado más de 500 seísmos
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss