Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak NUPeko matrikula tasak oker zeudela onartu du
·NUPeko ikasle sindikatu guztiek bat egin zuten neurriz kanpoko prezioak salatzerakoan
GASTEIZ
Joan den urriaren 5ean Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasle Abertzaleak taldeak salatu zuenez, aurtengo ikasturterako matrikulen tasa «izuga- rri» hazi zuen Errektoreordetzak «kalkulu akats» bat zela medio.Atzo Nafarroako Gobernuak igorritako adierazpen batean azaltzen zenez, Hezkuntza Departamentuak eta NUPeko Errektoreordetza taldeak 2006-2007ko ikasturteari dagozkion matrikulen tasak berraztertu dituzte. Horren ondorioz, hasierako igoera horiek ezerezean utzi eta urteroko igoerak aplikatuko dituzte: lehen aldiz matrikulatutako kredituen tasa %5,9 emendatuko da, bigarren aldiz hartutakoena %30 eta hirugarrenez hautatutakoena, aldiz, %50. Akatsa, IAk urriaren hasieran azaldu bezala, igoera aurreko urteko kredituen prezioari gaineratzean zetzan, eta legeak arautzen zuena igoera hori aurtengo kredituen prezioei gehitzea zen.
Ikasleak pozik helburua lortuta
Ikasle Abertzaleak taldeko kideek eginiko lehen balorazioan, NUPeko ikasleak «oso pozik» daudela adierazi zuten, azkenean, hasierako igoerak alde batera utzita tasak mantendu dituztelako urtero igotzen den ehunekoa errespetatuz: «%5,9 igotzen da joan den urtetik hona, eta hori Estatu espainoleko Unibertsitateen Koordinazio Kontseiluak legeztatua dago». «Berez, hori zen gure helburua eta lortuko genuela espero genuenez, oso pozik gaude», adierazi zigun Ikasle Abertzaleak taldeko Patxi Reyk. Bada, ordea, horrenbeste gustatu ez zaien kontu bat ere: «Zuzenketarena beldurra sartu zaielako izan dela uste dugu, ikusi dutelako oraingoan ikasle talde guztiak elkartu garela ideologiak, politikak eta funtzionatzeko moduak alde batera utzita». «NUPen izen ona arriskuan ikusi dutenean erabaki dute zuzentzea», salatu zuen.
|