GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-11-07
«L’Utile: ahantzitako esklaboak 1761» espedizioa
Ahantzitako esklaboen tragedia oroituz
Gutxitan izaten dira horrelako aurkikuntza historikoak, eta, horregatik, Baionako portuan eraiki zuten «L’Utile» itsasontzia ikertzeko espedizioa abiatu dute berriki Madagaskar ondoko Tromelin uharterantz. Bertan hondoratu zen, izan ere, 1761ean ontzia. Euskal Herriko ehun eta berrogei marinel zeuden bertan, beste hirurogei esklaborekin. Uharteak kilometro koadro bat baizik ez zuen egiten. Basamortua zen. Halere, hamabost urteren buruan zazpi emakume eta zortzi hilabeteko ume bat aurkitu zituzten bizirik. Espedizioak gertatutakoa ikertu nahi du.

BAIONA

Urriaren hasieran espedizio bat abiatu zen Madagaskar eta Maurizioren artean dagoen Tromelin irlara ikerketak egitera. 1761ean, izan ere, L’Utile izeneko itsasontzia hondoratu egin zen bertan, eta, tripulazioko ehun eta hogei marinelek ihes egitea lortu bazuten ere, bertan utzi zituzten hirurogei bat esklabo.

Kilometro koadro bateko zabalera eta sei metroko altuera zuen uharteak, eta basamortu baten antza zeukan. Txorien arrautzaz eta arrainez gain ez zegoen ezer, ez zuhaitzik ez landarerik.

Hondoratze horren ondotik hamabost urte igaro ziren Tromelin izeneko kapitainak bertaratzea lortu zuen arte, eta zazpi emakume eta zortzi hilabeteko ume bat aurkitu zituen bizirik, lumazko jantziekin.

Zer egin zuten hamabost urtez basamortu huts horretan bizirik irauteko? Zer gertatu zen urte luze horietan? Nola hil ziren beste berrogeita hamar esklaboak? Eta, bereziki, zergatik hondoratu zen L’Utile itsasontzia? Galdera horiei guztiei erantzuteko abiatu zen, hain zuzen, “L’Utile: ahantzitako esklaboak, 1761” izeneko espedizioa urriaren hasieran Tromelin uhartera. Ikerketaren lehen fase horrek azaroaren 9ra arte iraunen du, eta, eginen dituzten aurkikuntzen arabera, lana luzatzea erabakiko dute.

Gehienbat Baionakoak

«Gertakari hori ez zen batere ezaguna. Oso interesgarria da jakitea zer gertatu zen uhartean. Gutxitan daukagu horrelako abentura batean parte hartzeko aukera», argitu zuen Harnie-Cousseauk.

Izan ere, L’Utile itsasontzi horren historia oso estuki lotua dago Euskal Herriari. Baionan eraiki zuten 1958 eta 1959 urteen artean. Hasieran Zazpi Urteko Gerran baliatzeko asmoa zeukan frantses erreinuak. Baina, eraikitzea bukatu zutenerako gerla burutua zen. «Armadak ez zuen behar, beraz, Indiako konpainiari merkantzian baliatzeko saltzea erabaki zuen», gaineratu zuen genealogistak. Itsasontzia 1759an uretaratu zuten, eta bertatik Pasaiara joan zen sei hilabeteko egonaldia egiteko. «Ez dakigu zendako geratu zen horrenbeste denbora, baina, tripulazioaren zati handi batek itsasontzia utzi zuen Pasaian. Askotan gertatzen zen hori itsasontziak sobera denbora portu batean geratzen zirelarik», adierazi zuen.

Pasaiatik Madagaskarrerantz abiatu zelarik itsasontzian ehun eta berrogei bat marinel zeuden.Horien artean gehienak Baionakoak ziren, baina Euskal Herriko beste bazter batzuetako marinelak ere baziren, Bilbokoak, Lekeitiokoak, Ezpeletakoak, Baigorrikoak edo Angelu- koak, esaterako. Nederlandarrak, espainiarrak, galiziarrak eta bretoiak ere baziren.

Itsasontzia, beraz, 1759 urtean abiatu zen, eta, Frantziako gorteak emandako zereginetan azkar debekatua izan zitzaion esklaboen salmentan aritzea. Madagaskarrera iritsi bezain laster, itsasontziak aginduak ukatu zituen, eta, Madagaskarretik Maurizio uhartera arte merkataritzan aritu zen. «Garrantzi historikoa du, gutxi ezagutua baita Indiako Ozeanoan izandako esklaboen komertzioa», nabarmendu zuen Harnie-Cousseauk.

Zikloiak eta urperatzeak

L’Utile itsasontziaren bizia laburra izan zen, 1761eko abuztuan hondoratu baitzen. Datu historikoek diotenaren arabera, ehun eta hogei marinel atera ziren bizirik gertakari hartatik.

Uhartean hilabetez geratu ondoren, L’Utile itsasontziaren hondarrekin beste ontzi txiki bat egin zuten, eta bertatik Maurizio uhartera itzuli ziren; esklaboei hitz eman zieten haien bila itzuliko zirela. «Jatekoa utzi zieten. Hamabost urteren buruan uharte horretara itzuli zirelarik bi iturri aurkitu zituzten, beraz, nolabait ura aurkitu zuten», nabarmendu zuen genealogistak. Tromelin kapitainak berak uhartean aurkitutakoari buruzko idatziak utzi zituen. Emakumeek esanik, gizonek ontzi txikiak eraiki zituzten bertatik ihes egiten saiatzeko. Tromelinek pertsona horiek bizirik aurkitu izanagatik harridura erakutsi zuen testuan, urtean hamaika hilabetez zikloiak igarotzen baitira, eta, noizean behin irla guztiz urperatua izaten delako. «Tromelin iritsi aurretik, beste ontzi batzuk saiatu ziren irlara joaten, baina, alferrik izan zen», esan zuen.

Hain zuzen ere, Meteo France meteorologia egiturak ikerketa gune bat finkatua du bertan. «Izan ere, oso leku aproposa da meteorologia aldaketak aztertzeko. Hamabi bat laguneko taldeak lan egiten du bertan. Hegazkinak pausatu ahal izateko pista bat dago, eta epe labur batez itzulikatzen dira meteorologoen artean. Oso zaila da bertan bizitzea, ez baita zuhaitzik ere itzal apur bat izateko», adierazi zuen Harnie-Cousseauk.



Film bat egiteko proiektua
Tromelin uhartean gertatutakoa ikertu orduko, bertaratu den espedizioaren asmoa film bat egitea izan da, Unescoren laguntzarekin. Bertan aurkitu zuten zortzi hilabeteko haurrak ondorengoak ditu gaur egun Reunion uhartean, eta marinelenak ere aurkitu dituzte EuskalHerrian. Uhartean bertan aurkituko diren aztarnez, eta familien lekukotasunez osatuko lukete dokumentala. «Unescok helburu pedagogikoa dauka proiektu horretan. Gutxi ezagutzen da Indiako Ozeanoan izandako esklabismoa», nabarmendu zuen Bernard Harnie-Cousseauk. -



«Baionako berrogei bat kapitain esklaboak saltzen aritu ziren»
Bernard HARNIE-COUSSEAU | Genealogista eta proiektuaren kudeatzailea

Bernard Harnie-Cousseauk ustekabean topatu zuen duela bost bat urte L’Utile itsasontziaren gertakaria aipatzen zuen testu zahar bat. Hasieran sinesgarritasun gutxi eman zion, eleberri bateko istorio bat ematen baitzuen. Baina, denborarekin benetako gertakaria izan zela ohartu zen, eta, geroztik, L’Urile ontziarekin gertatutakoa pasio bilakatu zaio.

­Nola abiatu zenuten L’Utile ontziaren abentura hori?

Funts pribatu batetik ateratako dokumentu batzuk ikertzeko eskatu zidaten. Horien artean L’Utile itsasontzian egon zen idazleak idatzitako 1760 inguruko testua ikusi nuen. Oso erromantiko idatzia zegoen, eta garai hartan kopiatu egiten zituztenez beste liburuetako zatiak, egia erran, hasieran ez nuen oso sinesgarritzat hartu. Baina, hurbilagotik ikertzerakoan, testua izenpetzen zutenak Baionan bizitako marinelak zirela ohartu nintzen. Bertan L’Utile itsasontziaren hondoratzea aipatzen zen. Oso gutxitan aurkitzen dira halako testuak artxibo zaharretan, beraz, oso interesgarria iruditu zitzaidan.

­Gaur egun programa orokor bat bultzatua duzue Unescoren sostenguarekin...

Testua gure web orrialdean atera genuen, eta handik urte batera Bretainiako L’Orient herriko Itsas azpiko ikerkuntzarako elkarte baten mezua jaso genuen. L’Utile itsasontzia frantses Armadak India eta Frantziako konpainia pribatuari saldu zion, eta lantegi horren museoa L’Orient herrian dago. Elkarteak ere, bere aldetik, hondoratze horri buruzko informazioa ukan zuen. Eta dokumentuak irakurtzerakoan l’Utilen zeuden marineletako asko Baionakoak zirela ohartu ziren, eta, beraz, gurekin harremanetan jarri ziren. Horrela ohartu nintzen benetako gertakaria zela. Beraz, elkarlana abiatu dugu, eta Unescori sostengua eskatu diogu.

­Esklaboak saltzen zituzten L’Utilen. Baionatik ateratako horrelako itsasontzi asko izan al dira?

L’Utileko kapitainari debekatu egin zioten esklaboen salmenta egitea, baina, hala ere, egin egin zuen. Garai horretan diru asko irabazten zen horrela, eta, gure elkarteko kide batek egindako ikerketa baten arabera, gutxi daude. Hala ere, Baionako berrogei bat kapitainek parte hartu zuten merkataritza horretan, eta askok oso etxe ederrak erosi zituzten Angelun. Baina, Baiona arlo horretan oso portu txikia zen, eta mota horretako merkatu gehiena Nantes eta Bordelen egiten zuten. -

A.B.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kirolak
Ana Urkijo:«Hasta aquí hemos llegado, basta ya»
Mundua
El recuento apunta a la primera victoria general sandinista en los últimos 16 años
Jendartea
Los alcaldes de Hondarribia e Irun dicen que apoyar el alarde mixto sería peor
Kultura
Ahantzitako esklaboen tragedia oroituz
Ekonomia
La CE corrige al alza la previsión de crecimiento en la UE y la zona euro
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss