AHTren kontra egitera deitu dute, herria «txikizioa gelditzeko garaiz» dabilelako
AHT Gelditu! Elkarlanak hilaren 18an Gasteizen izango den nazio manifestazioan parte hartzeko dei egin zion euskal gizarteari. Ingurumenaren «txikizioa» ekarriko duen eta ekonomikoki «Euskal Herriko etorkizuna hipotekatuko» duen proiektua gelditzeko, «kalera irteteko unea dela eta aukera badagoela» berretsi zuen.
BILBO «Kalera irteteko
unea da. Lanak puntu batean hasi dira, baina bertan behera uzteko aukera dago». Hitz horiekin, AHT Gelditu! Elkarlanak «proiektu txikitzaile» horren kontra kalean azaltzeko dei egin zuen eta datozen egunetan izango diren mobilizazioen berri eman zuen. Lehenengo deialdiak barikuan Eskoriatzan 19.30ean eta Urretxun 19.00etan egingo dituztenak dira. Domekarako beste bi iragarri dituzte, Elorriokoa 17.00etan, eta oraindik ordua zehaztu gabe dagoen Errenteriakoa.Mobilizazio horiekin batera, dei berezia ere egin zuten hilaren 18an Gasteizen 17.00etan abiatuko den manifestazioan parte hartzeko. «Euskal Herri osoko gizartea animatzen dugu inposiziorik onartzen ez dugula kalean erakustera eta herriaren borondatea errespetatu egin behar dela aldarrikatzera», esan zuen herri ekimenak. Bestalde, joan den asteburuan izandako mobilizazioen balorazio positiboa egin zuen. Euskal Herriko hiru hiriburutan eta 14 udalerritan izandako eserialdietan eta elkarretaratzeetan 1.000 bat lagunek parte hartu zuela kalkulatu zuten. Horretaz gain, Urbinatik lanak hasi ziren lekura 500 lagunek egindako ibilbidea nabarmendu zuten AHT Gelditu! Elkarlanekoek, eta «abiadura handiko trenak dakartzan kalteen berri jende gehiagorengana heldu ahala, gizartearen erantzuna asko haziko» dela esan zuten. Mobilizazioak baloratzerakoan, Beasainen Ertzaintzak izan zuen «jokabide bortitza» salatu zuten, Poliziaren «erakustaldiaren ondorioz, hainbat lagun kolpatu eta zauritu» zituztelako. «Kasu horretan, beste askotan bezala, errepresioa ez da bidea, bai ordea, informazioa, parte hartzea eta erabakitzeko eskubidea», nabarmendu zuten. Era berean, Lakuako eta Madrilgo gobernuek mantentzen duten jokabidea kritikatu zuten. Gobernu biek duten «isiltasunak ezkutuan dabiltzala eta informaziorik ematen ez» dutela islatzen duela nabarmendu zuten. Plataformaren iritziz, «gardentasun eza horrek argi uzten du administrazioak kontziente direla honako honetaz: abiadura handiko trenak ez du euskal gizartearen atxikimendua».
|