Arrisku Kapitaleko Elkarteak 11 milioiko inbertsioa espero du
·Urtea diru kopuru hori hamabost enpresari banatzen amaituko duela aurrez ikusten du
BILBO
Arrisku Kapitaleko Elkarteko zuzendari nagusi Aitor Cobanerak hamaika milioi euroko inbertsioarekin urtea amaitzea aurrez ikusten dutela azaldu zuen atzo. Hain zuzen ere, diru kopuru hori hamabost enpresatan banatuko dutela adierazi zuen. Gasteizko Gobernuak 1985. urtean abian jarritako erakunde horren arduradunak esan zuen urteko lehenengo sei hilabeteetan zazpi milioi euroko inbertsioa egin zutela hamar enpresak prestatutako proiektuak diruz laguntzeko orduan, joan den urte osoan egindako inbertsioa baino bi aldiz gehiago, alegia.Inbertsio horiek berrikuntza eta teknologia oinarri duten proiektuetan egin direla nabarmendu zuen Cobanerak, baita dirua informazioaren teknologia, aeronautika eta bioteknologia sektoreetako enpresetara zuzendu dutela aipatu ere. «Elkartearen helburua errentagarriak diren eta etorkizuna duten proiektuetan enpresariei laguntzea da», adierazi zuen elkarteko zuzendari nagusiak, eta erakundearen papera ez dela enpresaren rola ordezkatzea berretsi zuen. «Ez gaude proiektuak zuzentzeko, laguntzeko baino», erantsi zuen Cobanerak. Alde horretatik, Arrisku Kapitaleko Elkarteko lagunak adierazi zuen eskaintzen dituzten inbertsioak zazpi edo zortzi urterako izaten direla gutxi gorabehera eta, beraz, inbertsioa bueltatzeko modua dirua ematen den mementoan zehazten dela. Era berean, elkartearen zeregina defendatu zuen. «Fusioetan, hedapenetan, atzerrira ateratzeko edo berrikuntzan, arrisku-kapitala prozesu horietan asko lagundu dezakeen tresna bat da», erantsi zuen.
|