Mairulegorretan, Zigoitiko Udalak egingo duenaren zain
Sinadura ugari bildu du Gorbeia Bizirik taldeak Zigoitiko Udalari Mairulegorretako kobazuloaren inguruan dituen asmoak argi ditzan eskatzeko. Hainbat mendi talde, elkarte eta biztanle dago proiektuak ekar ditzakeen ondorioengatik kezkatua eta mugak zein diren jakiteko irrikaz.
ZIGOITIA
«Benetan garrantzitsua da herritarrek eta elkarteek Zigoitiko Udalak Mairuko kobazuloan zer egin nahi duen argi jakitea, ekimenak Gorbeiako parke naturalari eta inguruko biztanleei konpontzerik izango ez den kaltea egin baitiezaieke». Hori ziurtatu dute 110 zigoitiarrek baino gehiagok eta Euskal Herri osoko elkarte anitzek; Atxabal Mendi Taldeak, Agrupacion Deportiva Ioarrek, Mendiko Lagunak-ek, Excursionista Manuel Iradierrek eta Txarlazo Mendi Elkarteak, errate baterako. Denek sinatu dute informazio garbia exijitzeko.Sinadura bilketa burutu duen Gorbeia Bizirik plataformak prozesuan izandako jarrera aldatzeko eta akatsak ez errepikatzeko eskatu dio Udalari: «Aintzat hartu behar dituzte biztanleen iritzi eta kezkak, eta euren interesen kontrako erabakirik ez dutela hartuko ziurtatu behar dute». Taldeak beharrezkotzat jotzen du, halaber, «ingurumena eta herritarrak errespetatuko dituzten irizpide eta muga garbiak ezartzea». Mairulegorretako kobazuloa egokitu eta turismorako ustiatzeko ideia lehiaketa berrabiaraztea erabaki zuen Udalak urriaren 19ko batzarrean. Lehengo oinarri eta baldintza berak izanen ditu, baina hizkuntza aldatuko dute. Aurrekoan, gaztelaniaz egin behar zituzten parte-hartzaileek lanak, eta helegitea aurkeztu zuten hori salatzeko. Oraingoan, euskaraz ere egiten ahalko dituzte proposamenak. Gorbeia Bizirik herri plataformako kideek ez dute uste lehiaketa horrek kobazuloaren eta inguruaren egoera hobetuko duenik. Are gehiago, okertu eginen duela pentsatzen dute. «Prozesuan ez da biztanleen parte-hartzea bermatzen. Beraz, zigoitiar askoren iritziak alde batera utzita berriro ere ideia lehiaketa hori abian jarri nahi izana salatzen dugu».
|