Industriako lehengaien prezioa %45 garestitu dela jakinarazi du Adegik
·Prezioen igoeren herena Gipuzkoako enpresek beren gain hartu behar izaten dutela ohartarazi du
DONOSTIA
Adegiko eta Deutsche Bank erakundeko ordezkariek prentsaurrekoa egin zuten atzo Donostian, industria sektoreko lehengaien prezioen igoerak dakartzan «arriskuei» buruz hitz egiteko. Hain zuzen, urteko lehenengo bederatzi hilabeteetan lehengaiak %45 garestitu direla jakinarazi zuten.Gipuzkoako enpresaburuen presidente Jose Maria Ruiz Urcheguik nabarmendu zuen garestitze horren heren bat herrialdeko industriek beren gain hartu behar izan dutela 2003. eta 2005. urteen bitartean. Beraz, gaur egun eta etorkizunean izango diren prezioen igoerekin gauza bera gertatuko dela aurreratu zuen. «Aurreikuspenek adierazten dute prezioak %50 igoko direla aurten, eta 2008. urtera arte bere horretan eutsiko diotela. Urte horretan jaitsiera txiki bat hasiko omen da», azaldu zuen.
%200eko igoera Gipuzkoako enpresek garestitze horiek beren gain hartu behar izan dituztela berretsi zuen, saltzeko orduan ezartzen dituzten produktuen prezioak igotzen ez dituztelako. «Azkeneko berrogeita lau hilabeteei dagokienez, gehien erabiltzen diren metalen prezioen indizea %200 igo da, hots, hirukoiztu egin dira», nabarmendu zuen Ruiz Urcheguik.
Igoera nabarmenenak aipatu zituen ondoren. Kobrearen prezioa %360 garestitu dela esan zuen; zinca, %330; nikela, %270; beruna, %200; burdina, %142; eztainua, %100; eta aluminioa, %80.Garestitze horien aurrean, herrialdeko enpresen egoera ez dela batere erraza nabarmendu zuen Adegiko presidenteak. «Gipuzkoako enpresek ezin dituzte beren produktuen prezioak aldatu, eta, beraz, garestitze horiek guztiak jan behar dituzte. Ez dute kalitate txarreko lehengaiak erosteko aukerarik ere», gaineratu zuen Ruiz Urcheguik.
|