GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-11-08
Artisten topaleku eta artelanen erakustoki nahiz merkatu izango da Les Puces de l’Art
·Azaroaren 11n eta 12an, Baionako Elkarteen Etxean, 58 artisten lanez gain lantegiak eta eztabaidak izango dira

Heldu den asteburuan egingo dute Les Puces de l’Arten bigarren edizioa. Martxoaren 12an egin zuten lehen edizio arrakastatsuaren ondorengo fierra da. Sorkuntza Artistikoaren Elkargunea eta Garapenaren alde lan egiten duen ARCAD elkartea da ekimenaren sortzaile eta antolatzailea. Sorkuntza artistikoa sustatzearekin batera artea gizarteratu nahi du elkarteak, eta, aldi berean, artearen merkatuko pertsonaiak euren artean kontaktuan ezarri.

BAIONA

Ipar Euskal Herriko artistak izango dira presente Les Puces de l’Arten. Gainera, Hego Euskal Herriko, Estatu espainoleko eta frantses Estatuko artistek ere parte hartuko dute bi eguneko artearen erakustoki eta merkatuan. Izan ere, ekimenaren antolatzaile Cecile Bidartek lan handia egin du ahalik eta artista gehien bertaratzeko. «Bide ugari erabili ditut artistekin harremanetan jartzeko, eta azkenean 350ekin lortu dut kontaktatzea», adierazi zuen Cecile Bidartek.

Hainbeste artistaren artean, batzuek datagatik ezin zuten parte hartu, edota interes falta izan dute beste gutxi batzuek. Hala ere, hautaketa zorrotza egin behar izan dute antolatzaileek 58 besterik ez aukeratzeko. «Parte hartzeko 80 eskaera izan dira. Lehentasuna eman diegu lehenago parte hartu ez zutenei. Baina, irizpide aski zorrotza ezarri dugunez, oraindik plaza batzuk libre gelditu zaizkigu, eta artista batzuk bigarren aldiz parte hartzera gonbidatu ditugu».

Kriterio zorroztasuna Les Puces de l’Arten kontraesanetako bat da. Izan ere, erakusketa-merkatu honekin antolatzaileek aski itxia den artearen munduan askotan tokirik izaten ez duten artistei aukera eman nahi izan diete, baina, aldi berean, arrakasta izan dezan irizpide zorrotzak ezarri behar izan dituzte aukeratzeko unean.

Kalitatea ziurtatua, beraz, eta aldi berean hainbat arte mota ikusteko parada emango du ARCAD elkarteak asteburuan. Margolariek hartuko dute tokirik handiena, baina eskulturak, argazkiak, altzariak, mosaikoak, zeramikak, eta bestelakoak ere han izango dira. Arropek ere izango dute beren tokia. Natacha Sansozen arropak artisten standen inguruan egingo duten desfilean ikusi ahal izango dira. Modelo legez desfilatzeko bisitarien laguntza eskatuko dute.

Nicolas Lamerenx artistak ere, margo, eskultura eta egitura distiratsuez gain, instalazio parte-hartzaile bat ezarriko du erakusketan; bertan bisitariek beren irudi edo hitzak eman ahal izango dituzte. «Urrezko liburu mahaia deituko dena ezarriko dut erakusketan. Egurrezko bulego bat izango da, eta jendeak bertan nahi duena marraztu ahal izango du. Jendeak parte hartuko du mahaia oraindik politagoa izan dadin. Azkenean graffitiz beteriko kaleko horma baten antza hartuko du mahaiak», adierazi zuen Nicolas Lamerenx artistak.

Estilo aniztasuna

Margolarien artean jatorri eta teknika ezberdinak dituzten artistak izango dira. Philippe Blayak, esaterako, Ipar Euskal Herriko paisaiak modu figuratiboan irudikatzen dituzten hamahiru lan aurkeztuko ditu. «Euskal Herriko imajinak margotzen ditut, batez ere Baionakoak, baina Lapurdiko beste toki batzuk eta Nafarroa Behereko herriak ere agertzen dira nire lanetan. Ikusten dudana margotzen dut», adierazi zuen margolari baionarrak.

Xavier Ridek, aldiz, lan berritzaileagoak aurkeztuko ditu: «Nik hainbat paper mota erabiltzen ditut nire lanetan, kafea ere baliatzen dut, akuarela eta arkatzekin batera». Ridek berak adierazi zuen bezala, Les Puces de l’Art jendea elkartzeko eta ezagutzera emateko toki aproposa da. «Erakusketan parte hartzea erabaki dut margoari buruzko elkargune aproposa delako, alde batetik, eta bestetik bide ona delako komunikabideekin erlazioak sortzeko, eta, noski, beste artistekin eta bisitariekin harremanetan jartzeko».

Izan ere, ekimenaren xedeetako bat hori da, artisten eta artearen munduan parte hartzen duten pertsonaien artean harremanak sortzea eta indartzea. Gernika margolariak bi egunetan egingo duen lana honela adierazi zuen: «Ni Baionako Corsairen galeriako presidentea naiz, erakusketara margolari moduan nator, baina artearen mundua sustatzen saiatzen naiz, eta erakusketan kontaktuak egiten saiatuko naiz; baita gure elkartea ezagutzera ematen ere».

Les Puces de l’Arte ARCADek antolatu du. Bertako kideak mezenasgoa ere sustatzen saiatuko dira. Mezenasgoaren bitartez norbanakoei edo enpresa jabeei artisten sostengatzeak dakartzan abantaila fiskalen berri emango zaie.

Makillaje eta kaligrafia lantegiak ere egongo dira txikientzat. Igandean Christophe Paviak orrazkera psikodelikoak egingo ditu. Uneoro tabernan eztabaida artistikoetan parte hartzeko parada izanen da.

Artotheque, artelanak alokatzeko ekimena

Artisten kolektibo batek sortutako ekimena da Artotheque; artelanak eskuratzeko erraztasunak eskaini nahi dizkiete erosleei. Hala, artelanak trukatzea edota alokatzea proposatzen dute. Izan ere, askotan zuzenean erostea zaila izaten dela pentsatuta, beren erakusketara joaten den jendeari obrak denbora mugatu batez alokatzea proposatzen dute, eta bukaeran gustuko izatekotan orduan erosteko aukera ematen diote bezeroari. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Gose-greba hasi du berriro De Juanak 12 urte eta erdiko zigorra ezarri ondoren
Euskal Herria
Garzón ordena a las «herrikos» que entreguen datos de cuentas bancarias
Ekonomia
Los estados de la Unión Europease resisten a reforzar los límites a la jornada laboral
Mundua
Txikizioa utzi du Israelek Beit Hanunen
Euskal Herria
En libertad quince detenidos en dos «redadas preventivas» en 2003
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss