Joseba VAZQUEZ | Zinema zuzendaria
«Film ezberdina eta berritzailea egin nahi dugu; Indiana Jonesen estiloko zerbait»
Lehenbiziko film luzea ekarriko du laster Joseba
Vazquez zuzendari gasteiztarrak. Hilabete honetan bertan ekingo dio bere
lan-taldeak Araban “Trío de ases: El secreto de la Atlántida” filma grabatzeari
Gasteiz, Guardia eta Murgia, eta lau aste eta erdi eman nahi dituzte
horretan. Film «ezberdin» bat egin nahian dabiltzala aurreratu du zuzendari
gazteak; Atlantidan jazotako abenturak, estilo berri batekin hornituta. Urtebete
itxaron beharko da oraindik ere 90 minutu «atsegin» horiek ikusi ahal izateko.
Egun gutxi barru abiatuko duzu «Trío de ases: El secreto de la Atlántida» filmearen grabazioa. Zein da proiektuaren muin nagusia? Zer duzue esku artean?
Gure asmoa film ezberdin bat egitea izan da hasieratik. Komikiaren eragin handia izango dugu horretarako, eta estetika aldetik ere oso berria izango da proiektua; guk geuk egindakoa eta estilo berriduna izango da. Rober Rodrigezen film baten estetika egiten saiatuko gara... Hain zuzen, berritzailea izango da, eta guk asko arriskatuko dugu. Iaz egin genuen pilotua, eta bertan ikus zitekeen nolabait zein estetika erabiliko dugun. Horren gorabeheran diru pixka bat lortu dugu filma oraintxe egiteko.
Berria ezezik, berritzailea ere bada, beraz?
Bai. Orain bi urte eta erdi inguru hasi ginen film bat egiteko ideiaz hitz egiten, eta ea zer izango genukeen gustuko... Beti aipatzen genuen “Superman” zein Indiana Jones-en antzeko zerbait, eta koktelera handi hura mugitu eta hala agertu zen “Trío de Ases”. Gerora, bertan zein abentura sartu aztertzerakoan Atlantida aukeratu genuen, lur azpian bizi den jendea dela eta orokorrean haren inguruan kondaira handia dagoela kontuan hartuta. Indiana Jonesen “Azken gurutzada”ren estiloko zerbait izango da. Bertan ez dugu inoren bizitza aldatuko, baina espero dugu 90 minututan ikusleak ondo pasatzea eta film ezberdin bat ikustea. Atsegina izan dadila nahi dugu.
Lehenbiziko film luzea duzu honakoa, baina aurretik ere baduzu bestelako esperientziarik, ezta?
Hala da. Lola Films produkzio-etxean egon nintzen lanean urte eta erdian. Gero, zuzendari nenbilela Telemadrid-eko “Capital” telesaila zuzendu nuen, baita Cuatro kate berriarentzako “Chicas en la ciudad” eta Antena3-rako “Inocente inocente” ere. Ezagunagoa izan da agian hainbat bideoklip ere egin izana, Patricia Manterola zein Josu Bravorekin, esaterako. Bideoklip nahikotxo egiten ditut, eta askotan AEBetako jendea ere etortzen da hona.
Jauzi nabarmena egingo duzu honakoarekin. Zailtasunak ere eskutik helduta al datoz halakoetan?
Arazoak handiak izaten dira. Laguntzak lortzen hasten diren unetik bukaera arte denbora mordoa pasatzen da, eta une asko txarrak ere gertatzen dira. Azkenean ehun bat lagun dira norberarentzat lan egiten, eta erantzukizuna oso handia da, bai ekonomikoki bai pertsonalki. Baina zailtasunak edo arazoak egon arren, azkenean beti egin behar izaten da aurrera proiektua ere aurrera irten dadin, eta jendeak ere asko animatzen du. Horrek ematen ditu indarrak aurrera egiteko.
Grabaziorako Arabako hainbat txoko hautatu dituzu. Arrazoi zehatzen batengatik?
Laguntzagatik gehienbat. Gasteizko Udala, Guardiakoa eta Murgiakoa... eta azken finean hemengo jendearen laguntzagatik ere bai, pila bat enpresa eta hotel ere sartu dira proiektuan. Nik uste dut, gainera, oso leku bereziak dauzkagula hemen; beti ibiltzen gara kanpora irteten grabatzeko, eta askotan hemen dauzkagu leku zoragarri asko gauzak ongi egiteko.
Tokiaz gain, baina, filmeko pertsonaiak hautatzeko orduan ere euskal aktoreren batekin oroitu zara nonbait: Txema Sandoval, Gorka Aginagalde, Marivi Bilbao, Elena Irureta...
Bai. Horietako batzuekin aurretik ere egin izan dut lan. Adibidez, Marivi Bilbaok iazko pilotua egin zuen gurekin, Txema Sandovalekin pare bat bideoklip ere egin nituen, eta Veronica Moralekin Telema-drideko “Capital” telesailean aritu nintzen... Beste batzuekin, Elena Iruretarekin kasu, ez dut aurretik sekula lan egin, ezagutzen dudan arren.Noizko egongo da prest film
laburra? Hilaren 27an-edo hasiko dugu grabazioa, eta lau aste eta erdi- an arituko gara Araban. Filma ikusgai egon dadin muntatzea, banaketa eta abar prestatu behar dira. Nik uste urtebete beharko dugula. Datorren urteko azaroan edo urrian estreinatzeko itxaropena dugu. -
|