BILBO
Kloratita musika taldea 2003an sortu zen. Alberto (bateria), Saul (ahotsa), Iraitz (ahotsa), Ekaitz (gitarra) eta Gaizka (baxua) dira izen horren atzean dauden bost musikariak. 2004an eman zuten euren lehenengo kontzertua, Zorrotzan, frontoi azpian, euren lokaletik 50 metrora. Dagoeneko ehun emanaldi baino gehiago egin dituzteEuskal Herri osoan zehar.
‘‘Inoiz baino gehiago...’’, taldearen lehen diskoa, 2004ko abenduan atera zuten kalera. Oraindik bi urte bete ez direnean bigarrena aurkeztu dute, ‘‘Etikaz mintza gaitezen...’’, hogeita bi kanta biltzen dituen CDa, liburu batekin eta DVD batekin hornitu nahi izan dutena.
Hirurogei minutuko diskoa da. Rock-and-roll klasikoa da nagusi, baina beste doinu batzuei ere leku egin diete, hala nola, hip-hopari edo euskal musika herritarrari.
‘‘Internazionala’’ren bi bertsio jaso dituzte, bata rockeroa eta bestea Barakaldoko Hala Dzipo folk taldeak moldatua. Horiek izan ezik, beste abesti guztiak eurek idatzitakoak dira.
Formatu berezia aukeratu dute euren ideiak ahalik eta era hedatuenean zabaltzeko. Lanean hiru gai nagusi jorratzen dituzte; izan ere, etika, emakumea eta memoria historikoa dira diskoaren ardatza. Horrekin lotuta, Picassoren ‘‘Gernica’’ koadrotik ateratako ama eta umea erabili dituzte azalerako.
Liburuak ere 22 kapitulu ditu eta atalek Euskal Herriaren historiarekin dute harremana. Bostehun argazki baino gehiagorekin atondu dute, eta anekdotak, bestelako datuak eta bibliografia gaineratu dizkiote.
DVDa Gasteizen grabatutako zuzeneko batekin eta hainbat bideoklipekin dator, baita dokumental labur batekin ere.
Kloratita «musika munduan ikuspuntu sozial batetik eta mundu sozialean musikaren ikuspuntutik eragiteko eta ekarpenak egiteko sortu zen», kideek atzo azaldu zutenez. «Militantzia sozial eta musikala» bereganatu dute «sorkuntza kultural herritarra garatzeko asmoz; gure herriaren historia, borrokak eta oihuak musikatzeko; eta kontzientziak astintzen laguntzeko».
Laguntzaile sare handia izan dute musikari bizkaitarrek. Berrogeita hamar bat pertsonak hartu dute parte ‘‘Etikaz mintza gaitezen...’’ diskoan.